Pradales: “Nazio errealitateek, hauen artean Euskadik, berdintasun-baldintzetan parte hartu behar dute Europaren eraikuntzan”

Gaur, Florentzian, Europako Alderdi Demokratak egin duen Konbentzioan EAJ-PNVren Lehendakarigaiak eskatu du Europaren erakuntzan egin beharreko erreformei heltzea “are politika komunitarioagoetarako bidea egiteko, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeen partaidetza bermatuz, bai eta beraienganako errespetua ere”

Pradales: “Nazio errealitateek, hauen artean Euskadik, berdintasun-baldintzetan parte hartu behar dute Europaren eraikuntzan” 08Martxoak
MartxoaK 08 |
Europako Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Maila anitzeko benetako gobernantza argi eta garbi zehaztu behar da, eta erabakitzeko ahalmena eman behar zaie estaturik gabeko nazioei eta eskumen politiko eta legegileak dituzten eskualdeei, hala nola Euskadiri. Egiaztatuta geratu da herritarren ongizatea handiagoa dela zerbitzuak ematen dizkien erakundea zenbat eta hurbilago egon". Horixe izan da EAJ-PNVren lehendakarigai Imanol Pradalesek Europako Alderdi Demokratak gaur Florentzian egin duen Konbentzioan zabaldu duen mezu nagusietako bat. EAJ-PNV kideetako bat duen europar alderdiak ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetara aurkezteko adierazpena onartu du gaur. Pradalesekin batera jeltzaleen ordezkaritza zabala osatu dute Toskanako hiriburuan, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDEko presidenteordeak, Izaskun Bilbao Barandica Europako parlamentuko egungo diputatuak, Oihane Agirregoitia Europako Parlamentuan lekukoa hartzeko aurkezten den hautagai jeltzaleak eta Mikel Burzako EBBren Kanpo Harremanetarako arloko burukideak. Ortuzarrek eman dio hasiera bilerari, eta Izaskun Bilbao Barandicak txalo zaparrada handia jaso du arratsaldean, PDEren Konbentzioan Europako diputatu gisa eman duen azken hitzaldia amaitzean.

Pradalesek 'Europar Subiranotasuna' izeneko eztabaida-panelean hartu du hitza, eta Europako Alderdi Demokratari eskatu dio Europako integrazio sakonago eta esanguratsuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duen erreformaren buru izan dadila. "Aukera handiak ditugu. Egungo agintaldian Europaren Etorkizunari buruz egin den Konferentziak aurrekaririk gabeko elkarrizketa irekia ekarri du, bai eta Tratatuen erreforma Europako III. Konbentzio batean amaitzeko aukera ere, erakunde malguago eta eraginkorragoak izanez Europaren subiranotasuna indartzeko, erabakiak hartzeko orduan, eta politika komunitarioagoetarantz aurrera egiteko, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen partaidetza bermatuz, bai eta beraienganako errespetua ere”, zehaztu du. Ildo beretik, Pradalesek azpimarratu du egokia dela "Batasunaren proiektu politikoa eta Europako Parlamentuaren zeregina indartzea, benetako legegintza-ekimena izan dezan, Europar Batasuneko presidente bat hautatzeko orduan nazioz gaindiko zerrendetatik eginez, eta aho batekotasunaren araua ezabatuz erabakiak arinago, efizienteago eta gardenago hartzeko. Azken batean, behetik gora eraikiko den Europa bultzatu behar dugu".

“Mundua ziurgabetasunez betetako tokia da, eta Europak prest egon ez ezik, batuta ere egon behar du. Azken urteotan erakutsi dugu erresiliente izan gaitezkeela, baina beste urrats bat eman behar dugu, Europaren Subiranotasun Estrategikoa lortzeko. Krisi bakoitzak erakutsi digu gure ongizate eta garapenerako oinarrizko produktu eta zerbitzuekiko menpekotasun handia dugula. Indartu egin behar dugu funtzionatzen ez duena, baina ez edozeren truke. Europak fronte batua izan behar du, bere baloreetan oinarrituta: bakea, askatasuna, kultura eta zibilizazio ezberdinen arteko elkarrizketa”, amaitu du Pradalesek.

Oihane Agirregoitiak, bestalde, "Europa inklusiboa" izeneko panelean hartu du hitza. Bere hitzaldian, Europako Hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak esan du Europa Inklusiboaz hitz egitea "aniztasuna kudeatzeko zutabe sozialez eta politikez, irisgarritasunaz eta belaunaldiartekotasunaz aritzea dela eta, nola ez, genero-berdintasunaz ere bai". Agirregoitiak gogora ekarri du PDEren Konbentzioa martxoaren 8an egin dela, Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta gaurko eguneraren esanahia aintzat harturik esan duenez "EAJ-PNVk mende luzea darama genero-berdintasuna, feminismoa eta aniztasuna babesten. Duela 100 urte baino gehiago, Emakume Abertzale Batza sortu genuen, Iberiar penintsulako emakume abertzaleen lehen erakunde politikoa". Hautagai jeltzaleak ziurtatu duenez, bai Euskadin, bai Europan, EAJ-PNVk eta PDEk "emakumeek Europaren etorkizunean zeregin protagonista izatea nahi dugu, eta horren alde egiten dugu", eta "Simone Veil Itunaren" barruan egiten ari diren lana aldarrikatu du, bost lan-ardatz estrategikoetan lortutako bost lorpenetako batzuk azpimarratuz: Eskubideak eta sexu- eta ugalketa-osasuna; Lana eta bizitza pertsonala uztartzea; Genero Indarkeriaren aurkako Borroka; Berdintasuna lan-eremuan; eta Ordezkaritza politikoa eta soziala. "Genero-indarkeria mota oro desagerrarazi behar dugu, etxeko eremutik hasi eta eremu digitaleraino. Gure ustez, berdintasuna lehiakortasunerako eta bereizketarako faktore bat da Europarentzat, eta aniztasuna eta eskura diren talentu guztiak baliatzea bultzatzen du. Azkenik, berdintasuna modu holistikoan eta integralean sustatu behar dugu, 360º-ko ikuspegiarekin, eta horrek Berdintasunerako Europako Estrategia modu irmoan onartzea eskatzen du", gaineratu du Agirregoitiak. "Izan zirelako gara, eta garelako izango dira". Esaldi horrek gure aurrekoek egindakoaren aintzatespena eta garrantzia adierazten du, baita berdintasunaren esparruan etorkizunerako utzi nahi dugunaren konpromisoa ere. Horrela ulertzen eta bultzatzen dugu Euskaditik eta Europarantz", amaitu du.

Interesatu Zaitez