BideON Arratian eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak informazino-bulegoa zabaldu dau Igorren

Aldundiak 900.000 eurorekin finantzatzen du eskualdean dagoen garraio publiko kolektiboaren mugikortasun zerbitzu osagarri hau martxan jartzea

BideON Arratian eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak informazino-bulegoa zabaldu dau Igorren 12Urtarrilak
UrtarrilaK 12 |
Bizkaiko Foru Aldundia

PARTEKATU

Urtarrilean Arratiako Udalen Mankomunitateak bideON ARRATIAN  eskatu ahalako garraio-zerbitzua ipini du abian. Zerbitzu berri hau egungo ohiko garraio-zerbitzu publikoaren osagarria izango da. Mugikortasun jasangarriko ekimen honen bidez garraio-zerbitzu publikoa eskainiko zaie herritar gutxiko baserrialdeetan bizi diren pertsonei, ibilgailu pribatua ez erabili behar izateko funtsezko zerbitzuetara edo ikasketa-zentroetara joateko. Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu honen fase pilotua finantzatu du. Fase honek urtebete iraungo du. Zerbitzu honen bidez aurre egin nahi zaio Aldundiak Bizkaiko udalerrietako bizimodua hobetzeko eta herritar guztiek zerbitzu publikoen eskaintza bera edukitzeko martxan ipinitako Herri Txiki, Aukera Handi parte hartzeko prozesuan eskualdean identifikatu diren erronka nagusietako bati.

Hain zuzen ere, bideON ARRATIAN zerbitzua Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanurin erroldatuta dauden honako pertsona hauentzat sortu da: zaurgarriak diren pertsonentzat (65 urtetik gorakoak, mendekotasunean daudenak edo beharrizan bereziak dauzkatenak) eta unibertsitateko ikasle gazteentzat. 

Zerbitzu honen bidez aurre egin nahi zaio Aldundiak Bizkaiko udalekin batera herritarren beharrizanak identifikatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko martxan ipinitako Herri Txiki, Aukera Handi parte hartzeko prozesuan eskualdean identifikatu diren erronka nagusietako bati.

Pilotu faseak urtebete iraungo du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 euroko dirulaguntza eman du horretarako.

Jendeari erantzuteko bulegoa ireki da Igorren

Ostiral honetatik bideON ARRATIAN proiektuak jendeari erantzuteko bulegoa dauka Igorren (Lehendakari Agirre 11). Bertan garraio-zerbitzu jasangarri honi buruzko informazioa emango zaie interesdunei eta, gainera, izena eman ahal izango da sisteman, Uste da zerbitzua urtarrila amaitu baino lehen hasiko dela.

Proiektu hau Arratiako Mankomunitateak kudeatuko du, Foru Aldundiak abian ipintzeko diru-laguntza eman ondoren. Ekimen honi esker Arratian erroldatutako unibertsitateko ikasleek garraio-zerbitzua edukiko dute etxe-ondotik garraio publikoaren konektibitate-zentroetara joateko eta handik gero ikasketa-zentroetara.

Horrez gainera, bideON ARRATIAN zerbitzuak adineko pertsonak etxeko ate ondotik eskualdeko herriguneetara eramango ditu,  behar diren kudeaketak egin ditzaten udaletxeetan, osasun-zentroetan, botiketan, dendetan, bankuetan eta kutxazainetan, besteak beste. Gainera, adinekoak Galdakaoko anbulatoriora eramango dituen zerbitzua ere egongo da.

Erreserbak hiru modutan: app baten bidez, telefonoz edo Igorreko bulegora joanda

Eskatu ahalako garraio-zerbitzu hau erabili nahi duten pertsonek hiru modutara egin ahal izango dituzte erreserbak: bideON aplikazioaren bitartez, 94 471 46 24 telefonora deituta edo Igorreko jendeari erantzuteko bulegora joanda (goizez 8:00 - 14:00 eta arratsaldez 16:00 - 18:00).

Bidaiaren erreserba egin ondoren gidariak eskaera jasoko du eta bilketa programatuko da. Gero gidariak bidaiaria bilduko du bizi den tokitik hurbilen dagoen geraleku birtualean (minutu batzuk oinez). Ahal dela, ostera bakoitzean bidaiari bat baino gehiago eramango da, zerbitzua jasangarriagoa eta efizienteagoa izateko. Ostera bakoitzaren prezioa euro bat eta 1,50 euro bitartekoa izango da, luzeraren arabera.

Garraio-zerbitzu publikoa osatuko duen ekimen garrantzitsu honek Arratian bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetuko du gidari profesionalak ariko diren garraio-zerbitzu baten bidez eta, gainera, ibilgailu pribatuen erabilera murriztuko du eta ondorioz CO2 emisioak ere bai.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez