Talde jeltzalearen barne prozesuan aurkeztu den Lehendakarigai bakarrak Europako Parlamentuan hitz egin du gaur “Global Europe Fórum” izenekoan. Pradalesek bertan aldarrikatu du Europako proiektuan “euskal nazioa moduko errealitateak” integratzea eta Europako ganberan euskara hizkuntza ofizial bihurtzea
"Europak bere lehiakortasuna berreskuratu behar du etorkizunera begira bide luzea egin dezaketen sektoreetan; eta horretarako ezinbestekoa da benetako politika industriala izatea, alderdi teknologikoan, prestakuntzan eta berrikuntzan egin beharreko esfortzuari lotua, bereziki Enpresa Txiki eta Ertainen inguruan, horiek baitira gure kalitatezko enpleguaren oinarri nagusiak. Era berean ziurtatu behar dugu gure lehen sektoreen jarduera, elikagaien burujabetzaren eta osasunaren oinarri diren heinean, bai eta lurralde orekarena eta ingurumena zaintzeko egin behar den lanarena ere. Europa lehiakorrago bat izango da Europa sozial batean aurrera egiten lagunduko diguna, gizatalderik zaurgarrienak babestuko dituena, belaunaldien artean solidarioagoa izango dena,berdintasun eta justizia sozialeko politiketan nabarmen aurrera eginez”.
Horixe izan da Imanol Pradalesek, EAJ-PNVren barne prozesuaren bigarren hautespen aldira igaro den Lehendakarigai bakarrak, gaur Europako Parlamentuko hemizikloan batu diren entzule finei luzatu nahi izan dien mezua. Pradalesek, Europako beste lider politiko batzuekin batera hitz egin du gaur “Global Europe Forum” izenekoan, “Renew Europe” alderdi jeltzalea ere taldeko kide dela Europako ganberako hirugarren talde nagusiak antolatu duen eztabaida, hausnarketa eta koordinazio saioan. Pradalesek jeltzaleen ordezkaritza osatu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrekin, Izaskun Bilbao Barandica Europako euskal diputatuarekin eta EBBren Kanpo Gaietarako burukide arduradun Mikel Burzakorekin batera. Pradalesek “Europako Ahotsak” atalean hartu du hitza, Belgika, Italia, Holanda, Danimarka, Austria, Hungaria, Portugal, Bulgaria, Suedia, Errumania eta Txekiar Errepublikako ordezkariekin batera.
Pradalesek hitza hartu du (hitzaldi osoa ingeles hutsean egin du) EAJren europazaletasuna aldarrikatuz “Europako Alderdi Demokrataren fundatzaileetako bat da, bai eta Europan ehun urte egin dituzten alderdi politikoetako bat ere”. Ordezkari jeltzaleak jarraian ziurtatu du bere alderdiak ekainaren 9an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeei helduko diela “demokrazia eta gure balore demokratikoak Europan indartzeko borondatearekin. Hauteskundeetatik aterako den Europako Parlamentuaren zilegitasuna indartu behar dugu, bai eta gero eta indartsuago dagoen populismoa borrokatu ere, eskuinekoa zein ezkerrekoa, gure proiektu komunean aurrera egiten jarraitzea ari baita eragozten”. Bizkaiko Foru Aldundian Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako egungo diputatu denak ildo beretik nabarmendu nahi izan du 2024an zehar “munduko 70etik gora herrialdetan egingo diren hauteskundeek hurrengo mapa geopolitikoa” baldintzatuko dutela, eta egoera horretan “Europak eragile politiko esanguratsu izan behar du nazioartean, benetako burujabetza estrategikoa izan behar du eta munduan izan duen lidergotza berreskuratu behar du. Munduan eragiteko gaitasuna batasunetik eta nazioartean politika komunak aplikatzeko erabakitasunetik baino ez dugu irabaziko”. Aldaketa sakonak egin behar ditugu Europako proiektuaren egungo egituraketa instituzionalean”, aldarrikatu du Pradalesek, eta berriz azpimarratu nahi izan du EAJ prest dagoela eta borondate irmoa duela “egungo Itunak aldarazteko behar den Konbentzioa abian jartzeko jardunari heltzeko, Europako Parlamentuak 2022ko maiatzaren 4an adostu zuen Erabakia betez. Eskumen gehiago eman behar dizkiogu Batasunari, herritarren parte hartze handiagoari bide eman, bai eta are gardentasun handiagoari eta kontu emateari ere, eta maila anitzeko gobernantza ereduan sakondu, tokian tokiko eta erregioetako botereak hobeto integratuz, bai eta nazio errealitateak ere, euskal nazioa bezalakoak”.
Pradalesek, amaitzeko, ekainaren 9ko hauteskundeetatik aterako den Europako Parlamenturako nahia adierazi du: "Euskal herritarrok baldintza berdinetan parte hartu nahiko genuke Europako erakundeen etorkizunaren diseinuan eta, parte hartzea, euskal hizkuntzan egin nahiko genuke", azpimarratu du.
2024-01-09 Imanol Pradalesen hitzaldia Global Europe Forum-en (Bruselas)