Mikel Baganek Bizkaiak 2024rako izango dituen kontuei Euzko Abertzaleak taldeak eman dien aldeko botoa azaldu du. Aurrekontu hauekin foru departamentuen artean 1.500 milioitik gora euro banatuko dira “lurralde osoko herritarren lehentasun eta beharrei erantzuteko”.
Bizkaiak 2024rako izango dituenak “elkartasunezko aurrekontuak” izango dira, “lurralde bidezkoagoa eta berdintzaileagoa sustatzeko; pertsonak helburu izango dituzten aurrekontuak onetsiko baititugu”. Hala definitu ditu Mikel Baganek, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJ-PNVren Batzarkide Taldeko ahaldun eta Ogasun eta Finantza batzordeko buruak, Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo ekitaldian kudeatuko dituen kontuak. Datorren urterako aurrekontuak gaur onetsi dira Gernikako Batzar Etxean, goizean egin den osoko bilkuran.
“Hauek dira EAJ-PNVk eta PSEk bizkaitarren zerbitzura jartzen ditugun aurrekontuak”, gaineratu du Baganek “Bizkaiko herritargoaren lehentasun eta beharrei erantzungo dien kontuak, zeinekin eraikiko baitugu ekonomia oparoagoa izango duen lurraldea; kalitatezko azpiegiturekin eta garraio publiko jasangarri eta eraginkorrarekin; enplegu gehiago eta hobearekin, talentuarekin; lurralde berdeagoa eta jasangarriagoa; sozialki aurreratua, bere nortasun propioari eusten diona, euskalduna; lurralde orekarekin eta Aldundi hurbil eta indartsuarekin. Hauxe da Bizkaiko herritargoari eskaintzen dioguna”, laburbildu du.
Ildo beretik gogoratu behar da 2024rako Bizkaiko Aurrekontuen Foru Araua dela orain arte abian jarri den proiekturik handiena, 10.308,2 milioi euroko kopurua barne hartzen duelako. Hauetatik 1.599,1 milioi euro (aurtengo ekitaldian baino 58,6 milioi gehiago) bederatzi foru departamentuek izango dute eskuragarri legealdirako onetsi zen ‘Bizkaia Danontzat’ planean jasotzen diren proiektuak garatzeko.
Departamenduz departamendu kontuen laburpena egindakoan, ahaldun jeltzaleak nabarmendu nahi izan du departamentu guztietarako esleituko den kopurutik 691 milioi euro Gizarte Ekintza arlora bideratuko direla, departamentuetarako egin diren aurrekontuen artean igoerarik handiena izan duena izanik (510). Osotara, foru departamenduetarako aurreikusi den gastu eta inbertsioen %43 eramango du departamentu honek. “Argi baino argiago dago Aldundi honek pertsonekin hitzemanda daukan konpromisoa, eta bereziki adineko pertsonekin, desgaitasunen bat duten pertsonekin edo adingabeekin. Eta berean azpimarratu du lurralde kohesioak “Aldundi honentzat eta talde politiko honentzat” duen garrantzia. Zentzu honetan gogora ekarri nahi izan du 1.082.000 milioi euroko partida, (aurtengo ekitaldian baino 82 milioi gehiago izango dira) lurraldeko udalen finantzaketarako bideratuko dena”. “Gaur onartu ditugun kontuek bideragarritasun ekonomikoa emango diete legealdi honetarako onartu zen ‘Bizkaia Danontzat’ plana garatzeko ekintzei. “Ekonomia oparoa izango duen Bizkaia eraikitzeko, sozialki aurreratua, berdea, bere nortasun propioarekin, lurralde orekarekin eta Aldundi hurbil eta sendoarekin”, aurreratu du.
Gaur goizean foru hiribilduko Batzar Etxean egin den osoko bilkuran, non 390 zuzenketa partzialak bozkatu baitira, amaitutzat eman da 2024rako Aurrekontuetarako Foru Arauaren Proiektua onesteko izapidea. Baganek Bizkaiko ganberan azaldu du EAJ-PNVk eta PSEk, foru gobernuari babesa ematen dioten taldeek, zergatik ez dituzten oposizioko taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak onartu. Bere hitzetan “kasu batzuetan ulertu dugu oinarri justifikatiborik ez dutela eta aurrekontuetan esleitutakoa nahikoa dela” eta beste batzuek “bideraezin bihurtuko lukete zerbitzuak ematea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren funtzionamendu normala “. Ildo beretik, zuzenketa batzuk daude “hainbat urtetarako hartutako konpromisoak haustea ekarriko luketenak, bideraezin eginez, hauen artean BECi dagozkion partidak, lehenago hitzemandako derrigorrak direlako, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetutako hitzarmenak direlako eta indarrean dauden maileguak hitzartuta daudelako” eta, beste kasu batzuetan “gure programa politikoaren parte diren eta estrategikotzat jotzen diren proiektuak bertan behera uztea proposatzen dutelako, Bizkaiko herritargoak duela 6 hilabete eskas berretsi zuen programa izanik”. Halaber, “kontuan izan behar da aurrekontuan jasota dagoen maileguaren zati handi batek Aldundiaren funtzionamenduari eragiten diola, dagozkion eskumenen barruan egin behar duena burutzeko delako”, gogoratu du.