EGIk bere alderdikideak eta euskal gazteak deitu ditu euskararen normalizazioa eta erabilera aldarrikatzeko deituko diren ekimenetan parte hartzera

Gazte erakunde jeltzaleko ordezkariek beren gaitzespena adierazi dute euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten ebazpen judizialen aurrean, eta aurreratu dute datorren larunbaterako deitu den eta Bilbon egingo den manifestaldian parte hartuko dutela.

EGIk bere alderdikideak eta euskal gazteak deitu ditu euskararen normalizazioa eta erabilera aldarrikatzeko deituko diren ekimenetan parte hartzera 28Urriak
2023
2023 UrriaK 28 |
Euzko Gaztedi - EGI
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euzko Gaztedi-EGIk bat egin du gaur goizean azken asteotan euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egin diren aldarrikapenekin, eta azken aldian ezagutu diren epai judizialen edukiarekin erabat ados ez dagoela adierazi du. Gazte jeltzaleek gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, aipatu epai horiek euskaldunen hizkuntza-eskubideak murrizten dituzte, eraso egiten diete euskal Autogobernuari eta Eusko Legebiltzarraren legegintza-gaitasunari, eta euskal gizartearen gehiengoak adierazi duen adostasunaren kontra daude. Hori dela eta, euskararen biziberritzearen alde deituko diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diete egikideei eta, oro har, euskal gazteri osoari.

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean egin den ekitaldian, Olatz Arrese eta Julen Antoñana egikideek hartu dute hitza hirurogei bat gazte jeltzaleren babesarekin. Hitzaldiaren hasieran elkartasuna adierazi nahi izan diete ekitaldi publiko batean euskaraz mintzatzeagatik irainduak edo gutxietsiak izan diren euskal ordezkariei. Aste honetan bertan halako gertakari tamalgarri baten protagonista izan da, hain zuzen, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Familia Enpresaren kongresuan lehen hitzak euskaraz esatean.

Ondoren, komunikatu bat irakurri dute, eta ondorengoa da bere eduki osoa:

 

Azken urteotan gorakada izan duten euskararen biziberritzearen eta normalizazioaren aurkako epaien aurrean Euzko Gaztedi-EGI-k ondorengoa adierazi nahi du:

  1. Euzko Gaztedi-EGIk euskararen normalizazioaren aurkako epaien kontrako jarrera irmoa eta desadostasun osoa erakutsi nahi du. Epai horiek guztiak Eusko Legebiltzarraren baitan hartutako erabakien aurka hartu dira, modu arbitrarioan, eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak behin eta berriro murriztu baino ez dute lortzen.
  2. Euskararen biziberritze prozesuaren inguruan eraikitako adostasun zabalaren kontrako epaiak dira azkenengo aldian eman direnak, eta herri honen adostasun eta babes zabala izan duen lege baten aurka egiten dute, 2016ko Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea hain zuzen ere.

  3. Hizkuntzen kudeaketari dagokion aplikazioak ez du inolako arazorik sortu udalerrietan, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen dituelako. Laburbilduz, epai guzti hauek euskararen normalizazioa oztopatu eta euskal herritarron hizkuntza eskubideak urratzen dituzte.

  4. Gainera, azkeneko epaiak (Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzen dituenak), euskararen normalizazioa bera jartzen du zalantzan. Euskara lehenestearen aurka agertzen da, gaztelania baztertzen delakoan, baina ez da egia. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeek, Udalek, herritarren hizkuntza-beharrak eta herritarren eskubideak jartzen dituzte beti erdigunean eta euren hizkuntza- eskubideak bermatzen dituzte. Udalek autonomia osoa dute hizkuntza planifikazioaren arloan eta epai honek herri erakundeek duten antolatzeko gaitasun horren kontra egiten du, euskal Autogobernuaren kontra eginez.

  5. Euzko Gaztedi-EGIk euskal gizarteak euskararen normalizazio prozesuarekin aurrera egiteko nahiarekin bat egiten du, eta adostasun zabalarekin onartutako legeria babestu eta aldarrikatzen jarraituko du. Legeria horren kontra egitea politikaren judizializazio hutsa da.

Euzko Gaztedi-EGIk, orain arte egin duen bezala, euskararen defentsan tinko jarraituko du. Horrela, gazte erakunde abertzale eta euskalduna izanik, eta bere printzipioei eta baloreei jarraituz, publikoki adierazi nahi du bat egiten duela Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazioarekin eta bertan izango dela euskaldunon hizkuntza eskubideak aldarrikatzen. Era berean, egikide zein euskal gazteria animatu nahi du euskararen normalizazio eta erabilera aldarrikatzeko beste lurralde edo udalerri batzuetan deitutako aldarrikapen-ekintza guztietan parte hartzera.

Interesatu Zaitez