Ortuzar eta Atutxa, bihar Mainzen Europako Alderdi Demokrataren Kongresuan izango den EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru

Esther Apraiz Eudelen presidente eta Derioko alkateak eta Amaia Agirre Getxoko alkateak Alkateen Goi Bileran parte hartuko dute, Renania-Palatinatua Estatu federatuko hiriburuan

Ortuzar eta Atutxa, bihar Mainzen Europako Alderdi Demokrataren Kongresuan izango den EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru 12Urriak
2023
2023 UrriaK 12 |
EBB

PARTEKATU

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDEko presidenteorde exekutiboa eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea izango dira EAJ-PNVren ordezkaritzaren buruak. Ostiralean, urriak 13, Europako Alderdi Demokratak (PDE) Mainzen, Renania-Palatinatuko Estatu federatuaren hiriburuan, egingo duen Kongresuan parte hartuko dute jeltzaleek. Ortuzarrekin eta Atutxarekin batera, Esther Apraiz, Eudeleko presidente eta Derioko alkatea, eta Amaia Agirre, Getxoko lehen zinegotzia, joango dira Alemaniako hirira. Jeltzaleen ordezkaritza osatuko dute Mikel Burzako Kanpo Harremanetarako arloko burukideak, Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko diputatu jeltzaleak eta Jose Mari Etxebarria EAJ-PNVko Atzerriko gaietarako Batzordaren arduradunak.

20 herrialde baino gehiagoko buruzagi politikoak PDEren urteko bilerarik esanguratsuenean bilduko dira ostiralean. Kongresu horretan Europa osoko ehunka ordezkari elkartuko dira, Europar Batasuneko herritarrek pairatzen dituzten arazoei konponbidea bilatzeko eta erronkak jorratzeko. Gailurra bihar, ostirala, goizeko 9: 00etan hasiko da MEWA Arenan, FSV Mainz 05 Bundesligan jokatzen ari den taldearen partidak hartzen dituen estadioan. Kongresuak bi ardatz nagusi izango ditu. Alde batetik, Europako Alderdi Demokratak eta hura osatzen duten alderdiek ekainaren 9ko Europako Hauteskundeei aurre egiteko duten ikuspegia eta lehentasunak eztabaidatu eta landuko dira. Bestetik, Kongresuak Alkateen arteko Goi Bilera egingo da. Bertan, hiri edo udalerri bakoitzeko arazo partikularrez gain, herritarrek Europako gaietan parte hartzea sustatuko duten ekintzak eta ekimenak aztertu eta landuko dira, besteak beste, datorren urteko hauteskundeak.

PDEren goi bilerarako bi panel ere programatu dira, eta horietan Europako proiektuak gaur egun dituen erronkak eztabaidatuko dira: "Immigrazioaren inplikazio lokalak eta globalak" eta "Europa, Adimen Artifizialaren erronkaren aurrean". Zalantzarik gabe, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren azken gogortze basatia ere izango da PDEko ordezkariek bilera honetan jorratuko duten alderdietako bat.

Interesatu Zaitez