Zupiria sailburua harro agertu da Europako erakundeetan “euskarak leku bat izango duelako, euskal hiztegi bat hemen jaso eta erakutsiko delako. Europaren bihotzean, eta mundura zabalik”
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Europako Hizkuntza gutxituei eta hiztun komunitate horiei aitortza egiteko ekitaldi baten parte hartu du gaur Bruselan, gonbidatu berezi eta hizlari modura, Europako Parlamentuak antolatuta. Europako Historiaren Etxean izan da, eta Europar Parlamentuko Gutxiengoen Talde-artekoak bultzatu du, Hizkuntzen Europako Egunaren karietara. Hizkuntza gutxitu desberdinetako ordezkariek parte hartu dute. Ekitaldiaren muina izan da, hizkuntza gutxituen hiztegiak Europako Historiaren Etxean (museoan) entregatzea, bertan erakusgai egon daitezen.
Zupiria sailburuak Resurrección María de Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français eraman du Bruselara. Lekeitioko hizkuntzalari eta elizgizonak 1905. urtean kaleratu zuen hiztegia. Zupiria sailburuak azaldu duenez, obra hori Europako Historiaren Etxean uzteak euskararen biziberritzearekin eta Europa eleanitzaren alde egin nahi duen aldarriarekin bat egiten du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, esker ona adierazteaz gainera, harro eta hunkituta agertu da Europako erakundeetan “euskarak leku bat izango duelako, euskal hiztegi bat hemen jaso eta erakutsiko delako. Europaren bihotzean, eta mundura zabalik”.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzaldia eman du Europako Historiaren Etxean eta bertan euskara munduko hizkuntza handi eta hegemonikoekin batera, “bizi eta irauten jakin duen hizkuntza dela” eta “garaian garaiko behar eta moldeetara egokitzen jakin duen hizkuntza komunitatea garela” azpimarratu du. Euskararen normalizazioaren bidean lan egiten duten gizarte talde, erakunde publiko eta herritar orok “hizkuntzen arteko bizikidetza adostasuna bilatzen dutela gaineratu du”.
Euskararen biziberritzea eta ofizialtasuna
Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak euskararen biziberritzean egin den lana eta euskarak XX. mendetik aurrera izan duen bilakaera positibo eta bizkorra gogorarazi du Bruselan. Azken lau hamarkadetan bikoiztu egin da EAEko euskaldunen kopurua eta ehunekoa, 450.000tik 940.000ra (biztanleen %21etik 1981ean, %43ra gaur egun). 80ko hamarkadan gehienbat adinekoak ziren euskaldunak, eta euskaldun gehienek etxean jaso zuten euskara. Gaur egun, euskara hizkuntza gaztea da; gazteek dakite euskara gehien eta erdiek nagusiki eskolan ikasten dute hizkuntza. Bilakaera horren atzean “gizarteak euskara sustatzearen alde izan duen jarrera baikorra, hezkuntza sistemak egin duen lana eta helduen euskalduntzea” daudela azaldu du Zupiriak. XX.mendean euskara biziberritzeko mugarri nagusienak ere azpimarratu ditu Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, hala nola, helduen euskalduntzea eta alfabetizatzea, euskal kulturgintzaren loraldia eta euskarazko hedabide nahiz ikus-entzunezko edukien sorrera edo garapena eta herritarren hizkuntza eskubideak eta herri-aginteen betebeharrak arautu zituen 1982ko Euskararen Legea.
Bruselan egin duen agerraldian bere hunkidura ere erakutsi du Zupiriak eta euskara “norbanako eta herri bezala, izan eta ekiteko modu berezitua” dela azpimarratu du. “Gure arbasoek, mendez-mende ekarri dute euskara guganaino; eta gu, modu berean, hurrengo belaunaldiei transmititzeko katebegiak garela sentitzen dugu. Norbanako eta herri modura gure nortasunaren ezinbesteko zutabea da euskara. Ardura, begirune eta konpromiso horrekin bizi dugu euskara. Horrek mugitzen gaitu gutako asko eta asko” gaineratu du.
Euskara elkarbizitzarako eta gizarte integratzaileago, inklusiboago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna bezala ere aldarrikatu du Sailburuak: “Euskara ez baita etxetik jaso dugunon hizkuntza bakarrik, gure gizartea osatzen dugun orori irekia dagoen hizkuntza da, denok batzen gaituena, eta giza-talde bereko kide egiten gaituena.” Euskara komunitate sozio-kultural eta ekonomiko berezitua eraikitzeko elementua ere badela azpimarratu du, Euskadiri eredu propioa izaten laguntzen dion ardatz nagusiena: “XXI. mende globalizatu eta postmoderno honetan, gure lur eremuan ez ezik, ingurune digitalean ditugu harremanak, mundu osoko hiztunak hurbildu dira gure lurretara eta mundu osora zabaltzen dira gure harreman sozio-politiko zein ekonomikoak ere. Gure konpromiso sozio-politikoak mundura zabalik daude. Munduko aniztasunera zabalik eta aniztasunaren errespetuan eta ekitatean oinarritzen den elkarbizitza da gure jomuga”.
Horrela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ametsa euskara Europan ere hizkuntza ofiziala izatea dela aldarrikatu du: “Europak berezkoa duen aniztasunaren parte gara. Aniztasun horren adibide, eredu eta erakusle gara. Europar eta Europazale sutsuak gara, eta gure hizkuntza Europako beste hizkuntzen parera ekarri nahi genuke”. Horrekin batera hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria ere egin du Zupiria sailburuak mundu gero eta globalizatuago batek hizkuntzengan duen eraginak sortzen dion ardura azaltzearekin batera: “Mundu globalizatu honetan bizirik dauden 7.000 hizkuntza hauen erdia arriskuan edo galzorian daudela diote hizkuntzalariek. Hiztun kopuru txikia eta errealitate sozio-ekonomiko txikiena duten hizkuntzak desagertzera kondenatuta daude. Europako hizkuntza nahiz kultur aniztasuna ere gero eta homogeneoagoa izateko arriskua ere badugu. Europako estatu askotan, nazioarteko harremanetarako baliatzen dugun ingelesa lekua hartzen ari da pixkana-pixkana gure harreman eta lan hizkuntza modura ere. Komunikazioa errazten digu, eta zubiak eraikitzen lagundu, zalantzarik gabe. Baina errealitate hori aniztasuna babestu eta zaintzearekin bateragarri egitea da gure belaunaldiaren erronka eta ardura. Hiztun asko dituzten hizkuntza handiena, zein hiztun gutxidun txikiona”.
Europako Historiaren Etxean Zupiria sailburuak adierazi duenez euskararen alde egindako ibilbide historikoak erakutsi du aniztasunean aurrera egitea dela “etorkizuneko erronkei aurre egiteko biderik eraginkorrena” eta aldarrikatu duenez “hizkuntzen arteko bizikidetzan eta gutxiagotasun egoeren zaintzan Europa kultur eta eleanitzaren alde egitea aniztasuna onartu eta kudeatzea da. Nortasun propio bakoitza balioan jarri eta polikromia balio positibo modura erakustea. Europa kultur eta eleanitza gure nortasuna eraiki eta indartzeko eremu ezin hobeagoa da Euskadiren begietara, eta horren aldeko politikak bultzatuko ditugu instituzio eta gizarte eragileekin lankidetzan. Hizkuntza komunitate txiki zein handiekin harremanetan. Europa demokratiko, jasangarri eta oparoagoa eraiki dezagun”.
Iturria: Irekia