Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak igandean Alderdi Egunean parte hartzeko deia egin die jeltzaleei, Euskal Hauteskundeekin amaituko den urte politiko erabakigarriari "indarrez" heldu ahal izateko
Mireia Zarate EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren idazkariaren esanetan, atzo PPk eta Vox-ek Diputatuen Kongresuan euskara, katalana eta galiziera erabiltzea baimenduta egon zen lehen osoko bilkuran erakutsi zuten jarrerak, "Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko presidente izendatzeari EAJ-PNVk eman dion ezezkoa berresten baino ez du laguntzen". Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean, Zaratek datorren igandean, irailak 24, “berezi” deitu duen Alderdi Egunean parte hartzeko deia egin die EAJko alderdikideei, alderdizaleei eta lagunei, pandemiaren ostean normaltasun osoz egingo den lehena izango delako eta udaberrian Euskal Hauteskundeekin amaituko den urte politikoari behin betiko hasiera emango diolako.
Zarateren esanetan diputatuak Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan hitz egitea ahalbidetzen duen araudiaren erreforma "normaltasunerako bidean aurrera egitea da. Euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizialak dira, gaztelania bezala. Euskara herri baten hizkuntza da, kultura da, identitatea da. Milaka eta milaka gara euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzen garen euskaldunak", nabarmendu du. EBBren idazkariak, ordea, "tristetzat eta lotsagarritzat" jo du Behe Ganberan une batzuetan eman zen ikuskizuna. Bere ustez, Vox-eko ordezkariek "ez diote inolako errespeturik euskarari, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiteko eskubide osoa dugun milaka pertsonari, ez eta Euskal Herriari eta demokraziari ere. Zorionez, nik ez dut ezagutu euskara debekatuta eta jazarrita zegoen garaia, baina badirudi Vox-ek, eskuin muturrak, garai horietara eraman nahi gaituela". Borja Semper PPko bozeramailearen hitzaldiari buruz galdetuta, burukide jeltzaleak esan du "lotsagarri geratu den bakarra” Semper izan dela, baita bere alderdia ere. “Semperrek euskara erabili zuen euskara erabili behar ez dela esateko, eta, gainera, arazoa sortu du bere Alderdiarekin, euskararen erabileraren aurka baitago". Horregatik guztiagatik, Zaratek ondorioztatu duenez "atzo Kongresuan bizi izandakoak Feijooren inbestidurari EAJk emaniko erantzuna baino ez du berresten”, Voxen botoak beharko lituzkeelako, ez bakarrik presidente izateko, baita legegintzaldiko programa garatu ahal izateko ere. "EAJ ezagutzen duenak jakin daki ezingo genukeela ontzat eman Vox bezalako alderdi bat behar duen akordiorik, nahi duten gauza bakarra inposaketaren garaietara itzultzea baita, euskal gizarteari errespetua galduz eta euskararen aurka joanez", adierazi du.
Igandean, irailak 24, jeltzaleen urteroko jai handia ere izan du hizpide Zaratek. "Alderdi Egun guztiak bereziak dira, baina hau agian apur bat bereziagoa izango da, bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, pandemiaren ondoren normaltasun osoz egingo dugun lehena delako; eta, bigarrenik, datozenak oso hilabete biziak izango direlako, bai Madrilgo inbestidurari dagokionez, bai Eusko Legebiltzarreko legegintzaldiaren azken txanpari dagokionez, Hauteskundeak ekarriko baititu. Erronka horiei gogotsu heltzeko alderdi indartsua eta batua behar dugu, eta alderdia da osatzen duten pertsonak. Horregatik, igande honetan alderdikideok, lagunok, gure indarrak eta energiak batuko ditugu", ziurtatu du.