Derioko alkatea euskal udalerrietako alkateek EUDELeko presidente izendatu dute. EUDELek hiru herrialdeetako udalak bildu ditu, Tabakaleran, 2023-2027 agintaldiko lehen Batzar Orokorra egiteko.
Euskadiko Udalen Batzar Orokorreko alkateek gaur goizean aukeratu dituzte, Donostian, hurrengo lau urteetan EUDELen Gobernutik maila instituzionalean udal guztiak ordezkatuko dituzten pertsonak.
Ekitaldia 10:30ean hasi da, Eneko Goia Donostiako alkatearen ongietorri-hitzekin, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Batzar Orokorri hasiera eman dio, jarduneko Elkarteburu gisa.
Hautaketa hautetsontzi batean egindako botazioaren bidez egin da, Elkarteko organoak berritzeko estatutuetako arauen arabera. Udal-sentsibilitate guztien arteko akordioari esker, hautagaitza bakarra bozkatu ahal izan da, bai Batzorde Eragilerako –hamabost kidek osatua–, bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeetarako –bederatzi kidek osatua bakoitza–.
Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELen Elkarteburu berri izateko hautatu dute, aho batez. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izango ditu lagun Apraizek. Biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa.
Batzorde Eragileko gainerako kideak emakumezko eta gizonezko alkate hauek osatzen dute, hurrenkera honetan: Erlantz Urresti (Maruri Jatabe), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Nati López de Muniain (Elburgo), Txerra Molinuevo (Amurrio), Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), Izaro Elorza (Oñati), Mikel Torres (Portugalete) eta Zallako zinegotzia, Joseba Andoni Zorrilla Ruiz.
Erakundearen buru den bederatzigarren Elkarteburua da Esther Apraiz, eta erakundearen buru den bigarren emakumea eta Bizkaiko seigarren udal ordezkaria. Apraiz ekitaldian bertan inbestitu dute, bi elkarteburuordeen eskutik makila eta EUDELen domina jaso ondoren.
Bere inbestidura-hitzaldian, Esther Apraizek izendapenak eragiten dion zirrararen berri eman du: “Ohorea da nire parekideek, alkateok, euskal udalgintza osoa ordezkatzeko ni aukeratu izana”. Apraizek eskertu egin du aurreko Batzorde Eragileak egindako lana, eta bere lehendabiziko hitzak Gorka Urtarani, karguan bere aurretik izan denari, eta EUDELen hurrengo ibilbidean lagunduko dion talde berriari eskaini dizkie.
Derioko alkateak esan du indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. “EUDEL udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du”.
Barne-mailako mezuen artean, Elkarteburuak elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu du, bai Elkartearen gobernu-organoetan, bai foro instituzional eta lan-talde guztietan, “udalerri guztiek batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde”.
Era berean, alkateak gonbidatu ditu “EUDEL marka” harrotasunez eramatera, udalen barruan eta kanpoan, “Euskal udalgintzaren nortasuna” baita. “EUDEL danok gara” leloarekin burutu du hitzaldia.
Udal-sentsibilitatea
Biztanleria urriko udalerri bateko agintari gisa, Derioko alkateak “pertsonengandik hurbilen dagoen politikaren” balioa defendatu du, eta erantzukizun berritik horri lagundu egingo diola esan, udalen zerbitzuan eta, bereziki, udalerri txikiagoen zerbitzuan. “EUDEL hurbiltasuna da”, nabarmendu du. “Euskadiko herri eta hiri guztietako pertsonak, herritarrak, dira erdigunea eta gure udalen izateko arrazoia. Euskal gizartearen isla onena gara, hark gure bizilagunen aurpegia baitu”.
Demokraziaren lehendabiziko erakundeen zutabeak eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere izan du Elkarteburuak. Egungo eta iraganeko belaunaldiek “beren udalerrien izenak handi egin zituztenak” ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Tokiko politika demokraziaren sehaska da”, esan du Esther Apraizek.
Tokiko gobernuak, giltzarri eraldaketan
Derioko alkateak, halaber, adierazi du udal-aginte berria gaur egungo ziurgabetasunaren eta abiadura handiko aldaketen testuinguruan jarriko dela abian. Udalen ordezkaria horri aukera gisa aurre egitearen alde agertu da, GJHen eta 2030 Agendaren ildotik, eta eragile guztien arteko lankidetzatik.
“Gure herri eta hiriak trantsizio hirukoitzaren agertoki dira, soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa; beraz, tokiko gobernuok eraldaketaren eragile nagusiak izan behar dugu beste erakundeekin batera”, Elkarteburuaren hitzetan.
Emilia Saiz UCGLko (Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) idazkari nagusiak ere partekatu du mezu hori, eta bideo bat bidali du New Yorketik, EUDELeko Elkarteburua eta gobernu berria zoriontzeko. Idazkari nagusia New Yorken da aste honetan, Nazio Batuek GJHei buruz egiten ari diren goi-bileran parte hartzeko: "EUDEL gure munduko erakundearen bazkide sortzailea da, eta bertatik gizartearen eraldaketa bultzatzen saiatzen gara, belaunaldi horien eta etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan har daitezen erabaki politiko bakoitzean".
EUDELetik, udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko xedez, Esther Apraizek hasierako hiru proposamen egin ditu:
- “Udalgintza feminista” baten aldeko apustua egitea, besteak beste, EUDEL indartuz emakume hautetsiek udal-politikan duten lidergo eta eraginerako gune gisa.
- “Herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea”, EUDEL irekiagoa, eraginkorragoa eta parte-hartzaileagoa bultzatuz, erakundearen barruko adostasunetik abiatuta.
- Lankidetza instituzionala bultzatzea, “udalerriek ekarpen handia egin behar duten” politika publikoak lortzeko eta garatzeko, hala nola euskara, gizarte-zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena.
Intereseko datuak
(1983-87) Iñaki Oregi, Zuiako alkatea /
(87-91) Jose María Gorordo, Bilboko alkatea /
(91-95 eta 95-99) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea /
(99-03 eta 03-07) Karmelo Sáinz de la Maza, Leioako alkatea /
(07-11) Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea /
(11-15) Ibone Bengoetxea, Bilboko alkateordea/
(15-19) Imanol Landa, Getxoko alkatea /
(19-23) Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea /
(23-27) Esther Apraiz, Derioko alkatea
Iturria:EUDEL