Diadaren kariaz EAJ-PNVk bere begirunea adierazi dio Kataluniar herriari, eta naziotasun aitortza aldarrikatu du Katalunia eta Euskadirentzat

Luke Uribe-Etxebarria, Gipuzkoako senatari jeltzaleak EAJ-PNVren ordezkari izan da Rafael Casanovaren estatuaren aurrean urtero egiten den lore eskaintzan, hain zuzen ere Hiruko Aliantzaren mendeurrena betetzen den urtean, kataluniarrek, euskal herritarrek eta galiziarrek elkartasunezko ituna izenpetu baitzuten Bartzelonan 1923ko irailaren 11n

Diadaren kariaz EAJ-PNVk bere begirunea adierazi dio Kataluniar herriari, eta naziotasun aitortza aldarrikatu du Katalunia eta Euskadirentzat 11Irailak
2023
2023 IrailaK 11 |
EBB

PARTEKATU

“Gure nazioen aitortzarako ahalegin partekatu honetan, Kataluniak, kataluniar herriak, EAJ-PNVren babesa eta Euskal Herriaren elkartasuna izango du beti”. Hauxe da jeltzaleek Kataluniar Herriari adierazi nahi izan dioten mezua Kataluniaren Diada ospatzen den egunean, aldi berean EAJ-PNVk bere begirune osoa adierazi nahi izan duelarik. Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzaleak, alderdi abertzalearen ordezkari gisa, lore eskaintza egin du Rafael Casanova gogoratzen duen estatuaren ondoan, 1714ko irailaren 11n hil baitzen hiriaren eta Kataluniar herriaren askatasunen defentsan. Uribe-Etxebarria bertan izan da Olatz Arrese eta Beatriz Berlanga EGIkideekin eta Junts per Catalunya alderdiaren ordezkariekin.

Eskaintza sinbolikoa egin ondoren hedabideen aurrean eskaini duen adierazpenean Uribe-Etxebarriak EAJ-PNVren izenean ziurtatu duenez “gaur den egun esanguratsu honetan, aldarrikatu nahi dugu Kataluniak, Euskadik bezala, beren etorkizuna askatasunez eta demokrazian erabaki behar duela. Betidanik esan dugu kataluniar zein euskal auziaren konponbidea, berdin ulertzen dugu Galizaren etorkizun politikorako, elkarrizketatik baino ezin dela etorri, negoziaketatik, akordiotik eta herri bakoitzeko hiritarrek gehiengo batez adierazitakoa borondatea errespetatzetik”.

Halaber, senatari jeltzaleak gogora ekarri du, gaur bertan, 2023ko irailaren 11n, ehun urte betetzen direla Hiruko Aliantza izenpetu zenetik, kataluniar, euskal eta galiziar abertzaleek 1923ko irailaren 11n Bartzelonan izenpetu zuten adiskidetasunezko eta elkartasunezko itunarena. Uribe-Etxebarriak azaldu duenez “iragan mendeko 20. hamarkada nahasi hartan Hiruko Aliantzak bilatzen zuen espainiar erregimen monarkikoa eraistea, hiru nazioen independentzia aldarrikatzea eta legerian langileriarentzako hobekuntza esanguratsuak jasotzea”. EAJ-PNV da adierazpen hura izenpetu zutenetatik aktibo jarraitzen duen bakarra. “Kataluniak eta Euskadik, bai eta Galizak ere, kausak eta aldarrikapenak partekatzen ditugu: nazio aitortza, bermeak gure autogobernuaren garapen osoan eta gure etorkizuna askatasunez eta demokrazian erabaki ahal izatea, beti elkarrizketaren eta akordioaren bidez. Eta hori ez da inolako burutaziorik edo modarik”, ezarri du.

Interesatu Zaitez