EBBren presidente Andoni Ortuzarrek ziurtatu du Pedro Sánchezen inbestidurarako negoziaketa hasiko dela “aurreko legealdian bete gabe utzi ziren gaiekin” eta barne hartu beharko du “Euskadiren nazio izaera”
“Hilaren 24an, igandea, egingo dugun Alderdi Eguna benetan berezia izango da, pandemiaz geroztik normaltasun osoz egingo dugun lehen Alderdi Eguna izango delako. Iaz, pertsona nagusiak bereziki, elkartzeko halako beldurra izan zuten . Aurten, berriz, gure betiko Alderdi Eguna berreskuratuko dugu: gizatalde eta familia ezberdinak elkartzekoa, lagunarteak elkartzeko eguna, politika dibertsioa eta aisiarekin uztartzen den horietakoa. Enfasia jarriko diogu Alderdi Egun honi, gure jendeak jakin badakielako, egoeraz jabetu behar delako, ziklo politiko zorrotza datorkigula estatuan, ikusten ari gara dagoeneko, zein euskal esparruan. Egoera ekonomiko delikatuan gaude, ziurgabetasun asko daudelako eta Herri hau ondo gobernatu behar delako. Gizartean ere une delikatua bizi dugu, eskakizun eta protesta ugarirekin, pandemiatik oso erreibindikatzaile atera garelako, eta ez horren parte hartzaile. Esparru politikoan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ditugu. Lehendakariak erabakiko du, baina aurreikuspenen arabera urte politikoaren amaieran izango dira. Horregatik ere Alderdi Egun berezia izango da”. Hauxe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentearen erantzuna 2023ko Alderdi Egunaren inguruan galdetu diotenean, talde jeltzaleak bere urteko ospakizun handia egingo baitu irailaren 24an, Forondako zelaietan. Onda Vasca irratiari eskaini zaion elkarrizketan, jeltzaleen buruak aztertu du egungo egoera politikoa, egunotan foku nagusia delarik Espainiako gobernua eratzeko prozesua.
Ortuzarrek ziurtatu duenez azken egunotan egin diren lehen kontaktuen ondoren, EAJ-PNVren eta Pedro Sánchezen arteko negoziaketak hasiko dira “aurreko legealdian bete gabe utzi ziren konpromisoekin” eta berretsi duenez, iragan ostiralean Zarautzen aurreratu zuenaren ildotik, mahai gainean “ezinbestean egongo da Euskadi estatuko marko berri batean nola egokitzen den”. “Ez dut ezkutatzen aurreko legealdian urratsak eman zirela edo aldi honetan gauza batzuk aurreratu egin direla, baina gai batzuk bete gabe geratu dira”, ziurtatu du Ortuzarrek. Eta horregatik EAJ-PNVren aukera bakarra da “negoziaketa berria bete gabe utzi ziren horiekin hastea. Dagoeneko ez dago beste oztoporik, pandemia bezala, bete gabe dauden gai horiek betetzea eragotziko dutenik”.
Ortuzarren ustetan uztailaren 23ko hauteskundeetatik “halako bloke progresista bat atera da etorkizunari hel diezaiokeena berritzeko gogoekin, gogoa irekitzeko, gauzak aldatzeko borondate politikoa gauzatzeko, urteetan trabatuta edo ataskatuta zeuden gauza, gai edo korapiloak askatzeko, eta aukera hori baliatu beharra dago”. Eta, tesitura horretan “lurralde auziaz hitz egitea saihestu ezin den gauza da. Lehenago gomendagarria zen, baina garai politiko honetan eta uztailaren 23an atera den egoera politikoarekin, ez da oso zentzuduna Espainiako estatuan progresista deitzen diren alderdiek eta Euskadi eta Kataluniako alderdiak behar dituztenek Euskadi eta Kataluniako nazio auziaz hitz egin nahi ez izatea. Beste gauza da negoziaketa mahaira bakoitzak bere ikuskera eta pertzepzio eta aldarrikapenak eramatea, baina lurralde ereduaren eta Estatu ereduaren gaiari heldu behar zaio”. Aukera historikoa dago orain Estatu eredu berri bat finkatzeko, Estatu horretan diren nazio nortasunak errespetatuko dituena”. Eman daitezkeen topaguneez galdetuta, Ortuzarrek aitortu duenez “ez da izango EAJk eskatzen duenaren %100,ezta Junts-ek eska dezakeen %100, ezta PSOEk nahiko lukeenaren %1. Oreka puntu batera iritsi beharko da, denok asebete egon gaitezen. Hori lortzen badugu,nik uste dut onuragarria izango dela Estatu osoarentzat, eta ez Euskadi eta Kataluniarentzat soilik, baizik eta une honetan larrialdi egoeran dagoen Estatuaren egonkortasun eta bideragarritasunerako”.
Ortuzarren aburuz, beste alde batetik, PPk “ikusi behar du zerbait ez dela ondo egiten ari negoziatzeko orduan Vox eta UPNrekin besterik egin ez dezakeenean eta hemizikloaren %60k haiekin adostu edo batzartu nahi ez duenean”. “Ez da Vox-ena soilik. Vox-ena oso garrantzitsua da, oztopo bat da, baina Vox-enaz gain, PPk bere barruari begiratu behar dio”, gaineratu du. “Nola nahi dute akordio politiko bat egotea euskal nazio nortasuna ukatzen duenarekin? Ateak eta burua irekitzen dute eta, gustatu zein ez, Espainiar estatua beraiek defendatzen dutenaren bestelakoa dela ulertzen dute edo betiko egongo dira isolatuta eta Vox izango dute euren komodin bakar”, amaitu du.