Elixabete Etxanobek Ahaldun Nagusirako hautagaitza aurkeztu du pertsonak, jarduera ekonomikoa, enplegua eta mugikortasun jasangarria bere jardun politikoaren ardatz nagusitzat aurkeztuz

“Egungo beharrei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei heltzeko prestakuntza eta gaitasuna izango duen Foru Aldundia lideratu nahi dut. Bizkaian pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten eta inor atzean geratu ez dadin”, nabarmendu du EAJ-PNVren hautagaiak

Elixabete Etxanobek Ahaldun Nagusirako hautagaitza aurkeztu du pertsonak, jarduera ekonomikoa, enplegua eta mugikortasun jasangarria bere jardun politikoaren ardatz nagusitzat aurkeztuz 05Uztailak
2023
2023 UztailaK 05 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Elixabete Etxanobe Landajuela (Otxandio, 1978) EAJ-PNVren Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak hiru ardatz nagusi planteatzen ditu bere lan politikoa garatzeko: pertsonak, jarduera ekonomikoa eta enplegua, eta mugikortasun jasangarria. “Gaurko beharrei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharko den gaitasuna eta prestakuntza izango dituen Foru Aldundia gidatu nahi dut, pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten eta inor atzean gera ez dadin. Gizarte kohesionatu, solidario eta aurreratua, ongizatea bermatuko duena”, azaldu du.

Horregatik, bere politika guztien ardatza, azpimarratu duenez, pertsonak izango dira. Eta horregatik, Bizkaiko gizartearen izaera integratzailea indartzea izango da bere xedea. Ildo horretan, Etxanobek adierazi du hirugarren sektorearekiko lankidetza indartu nahi duela, desgaitasuna duten pertsonek ahalik eta autonomia pertsonal handiena lor dezaten, eta inoren kargura ez dauden adingabeen gizarteratzea hobetzeko neurriak areagotu nahi dituela. Genero-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta espezializatua emateko programak sendotzea eta haurren sexu-abusuen biktimei arreta emateko eredu esperimentalak abian jartzea (Barnahus eredua, esaterako) dira gaur inbestidura-saioan iragarri dituen ekimenetako bi, eta adinekoei zuzendutako neurriek ere protagonismoa izan dute. Horien artean, Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planean definitutako zainketa-eredua zabaltzea, Zallan, Mungian, Markina-Xemeinen eta Basaurin EtxeTIK zentro berriak abian jarrita, aurrerapen teknologikoei esker arreta hobea eskaintzen duten pertsona horiek beren etxeetan egotea luza dezaten; mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako atseden-programak; Sestaon eta Abadiñon bi egoitza berri sortzea, 120 plazarekin, gehienez 25 laguneko bizikidetza-unitateetan banatuta; eta euskal osasun-sistemarekiko koordinazioa indartzea, Leioan, Gernika-Lumon eta Sestaon 75 plaza soziosanitario berri sortzeko Osakidetzaren eta GUFEren arteko kudeaketa partekatuko erreferentziazko eskualde-zentroetan, Birjinetxen jada funtzionatzen duen bezala.

Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasun egoeren aurkako borrokaren ardatza izango da indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeentzako kalitatezko enpleguak lortzen dituzten ekimenak bultzatzea, “soldata eta baldintza duinekin, soldata-arrakalaren eta kristalezko sabaien aurka borrokatuz eta sektore industrialean, zientifiko-teknologikoan eta ekintzailetza aurreratuan presentzia handituz”. Enplegua sustatzeko lan hori ere funtsezkoa izango da, emantzipazioa errazteko neurriekin batera, gazte-politiken garapenean. “Gainerako erakundeekin elkarlanean arituko gara etxebizitza eskuratzea errazteko, amatasuna eta aitatasuna aurreratzeko baldintzak hobetzeko eta gazteentzako kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duten neurriak hartzeko”, zehaztu du ildo honetatik.

Aktibitate ekonomikoa eta enplegua

Arestian aipatutako gai horri lotuta, EAJko hautagaiak ziurtatu du ongizate ekonomikoa eta kalitatezko enplegu egonkorra sortzeak Foru Aldundiaren ildo estrategikoa izaten jarraituko duela. “Enplegua da Bizkaiaren helburu nagusia, pertsonei bizi-kalitate hobea, egonkortasuna eta bizi-proiektuak hemen definitu eta garatzeko aukera ematen dieten lan-baldintza eta soldata duinak eskainiz”.

Hala, lurraldea ekintzailetzaren nazioarteko erreferente gisa finkatzeko konpromisoa hartu du, BATen bigarren fasea garatuz, Bizkaia Dorrean, eta aukera-sektore berriak bultzatuz, hala nola ikus-entzunezkoa, bioekonomia edo teknologia kuantikoa. Gainera, Bizkaia Industria eta Talentua Funtsa sortuko dela iragarri du, 60 milioi eurokoa, industria-proiektu estrategikoak errotu eta sustatzeko, jarduera ekonomikorako lurzoruak garatzeko eta goi-mailako kualifikazioko profesionalak erakarri eta atxikitzeko.

Berrikuntza, digitalizazioa eta nazioartekotzea bultzatzeko jardunak isla izango du adimen lehiakorreko eta garapen teknologikoko zentroen hedapenean Bizkairako estrategikoak diren sektoreetan: Energy Intelligence Center, Global Smart Grids, GovTech Lab Bizkaia eta Bizkaia Quantum Industrial Hub. Eta produkzio-sarearen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak ezarriko dira, arreta berezia jarriz langile autonomoetan, enpresa txiki eta ertainetan eta mikroenpresetan, eta, aldi berean, bigarren enplegu-plana garatuko da, langabeen birkualifikazioan eta birgizarteratzean oinarrituta.

Fiskalitatea izango da jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren hobekuntzan aurrera egiteko tresna, baita aberastasuna birbanatzeko ere, desparekotasun sozialak murrizteko helburuarekin. “Bizkaia erakargarri bat nahi dugu inbertitzeko, B+G+I esparrua sustatzeko, lehiakortasuna bultzatzeko, talentua erakartzeko, ekintzailetza sustatzeko, jarduera-sektore berriak bultzatzeko, hemen enpresak errotzeko eta, jakina, haien lanpostuak errotzeko ere”, azpimarratu du Etxanobek, eta egungo zerga-sistemari buruzko azterketa eta hausnarketa egin beharra nabarmendu du “kontuan hartuta edozein erreformaren xedea hobetzea dela, eta ez lukeela dagoeneko daukaguna arriskuan jarri behar”. Zentzu horretan, zerga sistema bidezko eta progresiboa babestea defendatu du, Bizkaiak egun duena, eta esan du “zergak jaistearen bidez lehiakor izatea bilatzea hutsegite larria litzateke; fiskalitatea gure erakargarritasuna indartzeko ez erabiltzea bezain larria”.

Fiskalitateari dagokionez, iruzurraren aurka borrokatzearen garrantzia ere azpimarratu du, eta helburu gisa lurraldean jarduera ekonomikoak egiten dituzten 90.000 pertsonak Batuzen integratzea aipatu du, sistema horretarako trantsizioa erraztuko duen laguntza baten bidez.

Mugikortasun jasangarria

 “Bizkaiak mugikortasun jasangarrirako urrats erabakigarri eta irmoak behar dituela” abiapuntu hartuta, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagai jeltzaleak garraio publikoa sustatzea eta bizikletaren erabilera bultzatzea aldarrikatu du. Eremu horietako lehenengoan, metroaren 5. linearen garapenari eman dio lehentasuna; izan ere, metroa Galdakao eta Usansoloraino luzatzeaz gain, metro-sistema Busturialdea, Arratia eta Durangalderako zerbitzua ematen duten Euskotrenen lineekin lotzeko aukera emango du, bai eta 4. linearen eraikuntzari ere. Linea horrekin, Bilboko hegoaldeko auzoak komunikatzeaz gain, Enkarterri metro-sisteman integratu nahi da, aldirikoen eta eskualde horretatik igarotzen den FEVEren linearen arteko konexioaren bidez. “Horretarako, ezinbestekoa da FEVEren linea horren kudeaketa Euskadira transferitzea. Eta Aldundiak jarrera proaktiboa izango du zeregin horretan”, nabarmendu du.

Ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak konpromisoa hartu du, halaber, Bizkaibuseko flota berritzen jarraitzeko eta zerbitzua indartzeko beharra identifikatu den eskualdeetan (Lea Artibai, Enkarterri edo Arratia) lineen maiztasunak, ordutegiak eta ibilbideak hobetzeko eta garraio-aldaketaren ordainketa kentzeko. “Garraio publikoa ondo koordinatuta nahi dut, garraiobidea edo operadorea edozein dela ere. Eta ibilbide jakin bat egiteko metroa eta Bizkaibus hartu behar badira, erabiltzaileak ez lituzke bi ibilbide ordaindu behar”, adierazi du.

Ohiko garraiobide gisa bizikleta sustatzeari dagokionez, Etxanobek Itsasadarreko bulebarra eta Barakaldo eta Erandio arteko `All Iron´ zubia gauzatzea aipatu du hurrengo legegintzaldiko mugarritzat, horiei lotuta herrien arteko bidegorri sarea garatzen jarraituko dela nabarmenduz.

Orain hasiko dena, halaber, errepide-sarea amaitzeko agintaldia izango da, itsasadarraren azpiko tunela eraikita, eta, horrela, Aldundiaren lana izango da errepideen mantentze- eta kontserbatze-lanean, errepideak digitalizatzean eta udalerriekin elkarlanean hiri-ingurune bizigarriagoak eta seguruagoak lortzeko jarduketak gauzatzean; besteak beste, Avanzada estaltzea eta Markina-Xemeingo, Ermuko eta Las Carrerasko saihesbideak egitea. Ildo beretik, Elixabete Etxanobek konpromisoa hartu du datozen lau urteetan Errekaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektuaren idazketa osatzeko.

Bestelako kudeaketa-arloak

Izendapen bilkuran hitza hartzean, EAJ-PNVren hautagaiak bestelako kudeaketa esparru batzuk aipatu ditu, arestian esandako hiru ardatz nagusietatik harago:

  • Jasangarritasunari dagokionez, eta klima-aldaketaren aurkako borrokari lotuta, ondorengoak aipatu ditu: klimaren eta energiaren ekintza-plan bat ezartzea; hondakinen kudeaketan sakontzea, hondakinak murriztean eta balorizatzean oinarrituta; mendiak eskuratzeko egungo estrategiari eustea, espezie autoktonoak landatuz; bide berdeen plan sektorial bat egitea, natura-ondareari balioa emateko; edo lehen sektoreari laguntzea, belaunaldien arteko ordezkapena eta sektorearen modernizazio- eta digitalizazio-prozesua errazteko.
  • Kulturaren arloan, konpromisoa da euskara gizartean zabaltzeko programak bultzatzea, Euskararen Interpretazio Zentroa erreferente bihurtzea Europako gainerako hizkuntza gutxituentzat, eta Guggenheim Urdaibai Museoa garatzea, baita ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko plan integral bat ere.
  • Gardentasunaren, parte-hartzearen eta arretaren esparruan, hautagai jeltzaleak ondorengo proposamen hauek zerrendatu ditu: Bizkaiko Foru Aldundiaren gardentasun-ataria hobetzea, asmo handiko partaidetza-plan berri bat egitea eta foru-arau bat egitea, foru-erakundeak prozesuetan parte hartzeko bide nahikoak eskaintzen dituela bermatzeko, hala nola foru-araudia eta estrategiak egitea; edo herritarrei arreta emateko bideak indartzea, Gertu bulego-sarea zabalduta eta foru-arretako zerbitzuak bateratuta, herritarrek errazago izan dezaten administrazioarekin duten harremana.
  • Azkenik, lurralde-kohesioa indartzeari dagokionez, Etxanobek udalekiko harremana sendotzearen alde egin du, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko proiektuak abian jartzeko ahaleginak bateratuz. Ildo horretan, Bizkaia Oreka Sakonduz lurralde-lehiakortasuneko estrategiak, eskualdeko plan estrategikoak edo Herri Txiki Aukera Handi programa aipatu ditu. Eta, gainera, udalekin batera udal-finantzaketaren sistemaren berrikuspena osatzeko konpromisoa hartu du.

Gernikako Batzar Etxean izendapena gauzatzeko egin den osoko bilkuran eman duen hitzaldiari amaiera emateko, Unai Rementeria jeltzaleak Bizkaiko Ahaldun Nagusi karguan egindako lana goraipatu du Etxanobek. ”Eskerrak ematen dizkizut bizkaitar gisa. Ahalegin guztiak jarri dituzu beti Bizkaia hobetzeko lanean. Beti Bizkaiaren mesedetan. Eta eskerrak ematen dizkizut diputatu gisa. Hiru urte hauetan bizi izandakoarekin betiko adiskide izango nauzu. Ohorea izan da zure taldeko kide izatea,talde bikaina izan baita.Harro egoteko gauza da niretzat Diputatu Nagusi gisa zure lekukoa hartzea, zuk hasitako bidetik jarraitzea eta martxan dauden eta egiteko dauden proiektuak amaitzea”, adierazi du, Bizkaiko Foru Aldundiak demokraziaren hasieratik egin duen lana aldarrikatu aurretik.

Interesatu Zaitez