Andoni Ortuzarrek gaur eman du ezagutzera hurrengo hauteskundeetarako talde jeltzaleak egingo duen kanpainako leloa. Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak nabarmendu duenez, oraingo honetan hauteskundeen gakoa ez da izango “Sánchez edo Feijóo”, hurrengo lau urteotan Euskadi Madrilen defendatuko duten pertsonak baizik
‘Euskadiren ahotsa. Con voz propia’. Horixe da Euzko Alderdi Jeltzaleak uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretara eramango duen goiburu nagusia. Kanpainako ‘claim’ hau eman du ezagutzera gaur bertan Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, talde jeltzaleak Sabin Etxe aurrean egin duen ekitaldi politikoan, non EBBren buruarekin batera Aitor Esteban, Maribel Vaquero eta Mikel Legarda zerrendaburuak eta EAJ-PNVk U23rako aukeratu dituen hautagai nagusiak izan diren. “EAJ da Euskadiren ahotsa Madrilen. Ahots propioa, bereizia, entzuten dena eta, are garrantzitsuagoa dena, kasu egiten diotena”, azaldu du Ortuzarrek. “Madrilen, euskal herritarren interesak defendatzen mende oso bat daraman ahotsa. Ehun urte luze, pertsonen bizimodua hobetzen. Ahots eraginkorra, elkarrizketa zalea. Horixe delako herritarrek eskatzen digutena: akordioak eta lankidetza denon ongizaterako. Akordioak eta ez zarata. Elkarrizketa eta ez gatazka. Aurrerapausoak eta ez atzerapausoak. Ahots bat, azken finean, zarata egiten ez duena, hitz egiten eta adosten duena”, adierazi du.
Ortuzarrek gogora ekarri duenez, iragan M28ko hauteskundeetan bere alderdiak ohartarazpen bat jaso zuen abstentzioarekin, baina ildo beretik gogoratu du “Euskal Autonomia Erkidegoan boto gehien jaso zituen alderdia” izan zela. “Horregatik uztailaren 23an EAJ-PNVk espero du konfiantza berbera jasotzea merezi izatea. Hori da hurrengo hauteskunde hauetarako helburua: Euskadiko lehen indarra izatea eta Kongresuan eta Senatuan berriz ere Euskal Taldea osatu ahal izatea, Madrilen Euskadiren defentsarako benetako eragilea dena. Berriz ere lortzea espero dugu Madrilen Euskadiren alde lan egiten jarraitzeko, euskal herritarren alde”, esan du buru abertzaleak. Ortuzarrek hitzeman du hemendik aurrera jarraituko duela lan egiten “eskubide eta askatasunak indartzeko, milaka euskal herritarren pentsioak bermatzeko eta kalitatezko enplegu duina finkatzeko, bereziki gure gazteentzat. Eta gure industria, gure enpresa txiki eta ertainak eta gure langile autonomoak babesten jarraituko dugu”, adierazi du Ortuzarrek.
Amaitzeko, Ortuzarrek aurreratu du EAJ-PNVk bere ahalegin guztiak egingo dituela Euskadiko hiritargoari argi adierazteko “bozkatzera joateak daukan garrantzia”. Eta ziurtatu duenez, hauteskundeetarako kanpainan “EAJ ez da sartuko azken egunetako probokazioetan, ezta etorriko direnetan ere. Dena emango dugu Euskadiko hiritargoari mezu argia bidaltzeko: hau ez da Sánchen eta Feijóoren arteko borroka. Euskal herritarrek ez dituzte aurkituko Sánchezen edo Feijóoren izenarekin hasiko diren zerrendak. Euskadiko zerrendetan agertuko dira Aitor Esteban, Maribel Vaquero eta Mikel Legarda. Patxi Lopez eta Javier Andres izenak ere agertuko dira, jakina, baina inola ere Sánchez edo Feijóo. Hurrengo hauteskundeak ez direlako izango, inola ere, hauteskunde presidentzialak: uztailaren 23an aukeratuko ditugu Madrilen Euskadi defendatuko dituzten pertsonak, eta inola ere Espainiako Gobernuko presidentea. Aurrerago etorriko da hori. Eta, heltzen denean, EAJk bere botoen balioa aldarrikatuko du eta Euskadiren onerako erabiliko ditu, euskal hiritarren mesedetan”, amaitu du Ortuzarrek.