Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ez du uste M-28ko hauteskundeek Euskadin ziklo politiko berria hastea ekarri dutenik: “Ohartarazpena jaso dugu, baina hauteskundeak irabazi ditugu: Sánchezek edo Feijóok EAJ-PNVk udal hauteskundeetan jaso zuena baino babes txikiagoarekin gobernatuko dute”
“PPk Vox-ekin irabazten badu, beste aukerak bozkatzea oso praktikoa izango da, eta Sánchezek irabazten badu, gurekin kontatu beharko du. Horregatik, euskal herritar batentzat, botorik onuragarriena EAJ da: Madrilen zure interesak defendatzen direla bermatuko duzu eta, zenbakiak gure alde badaude, zuk ere lagun dezakezu PP-Vox bikotearen arriskutik aldenduko gaituen gehiengoa osatzen, bikote hori Estatu osoarentzat txarra izango delako eta, bereziki Euskadirentzat, historikoki erakutsi delako Euskadi aukeratu dutela zaplaztekoak emateko”.
Horixe izan da Andoni Ortuzarren erantzuna Uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretan Euskadin boto probetxugarria edo onuragarria zein izango ote den galdetu diotenean. Herri Irratiari eskaini dion elkarrizketan, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ziurtatu du EAJ-PNVri “ez diola berdin” PPk gobernatzeak edo PSOEk gobernatzeak, “Madrilen ez delako berdina Exekutibo bat edo este izatea”. Testuinguru horretan, Ortuzarrek esan du “kezkagarria” dela PPk “ideologia ultra oso hori erostea, eskuin muturreko posizioa, erabat apurtzailea, boterera iristeko eta Vox-i botoak kentzeko”. “Arazoa da PP egiten ari dela iraganera itzultzea dakarten iragarpenak. Horregatik, gehien kezkatzen nauena, Vox-ekin hitzartzea baino gehiago, PP gogor hau da, horren mugan dagoena, mendeku gosez. Halako errebantxismoa da hautesleriari mezu onik bidaltzen ez diona”, nabarmendu du.
Ortuzarrek ez du uste M-28an gertatutakoa U-23an gerta litekeenik “momentu eta hauteskunde ezberdinak direlako. Maiatzaren 28ko hauteskundeak hurbilekoak ziren, baina kudeaketa konplikatua izan duten lau urteei birpasa egiten zitzaien, eta hautesleria horren parte bat etxean geratu da eta halako ohartarazpena bidali digu, belarritik tiratu digu”, aitortu du. Dena dela, buru abertzaleak ez du uste hauteskundeetako emaitza honek Euskadin ziklo politiko berri baten hasiera markatu duenik, besteak beste, gogora ekarri nahi izan duenez, EAJ-PNV izan zelako Maiatzaren 28an boto gehien jaso dituen indarra. “M-28an EAJ-PNVk atera dituen emaitzak U-23ko Estatuko hauteskundeetara estrapolatuko bagenitu, gehiengo osoa izango genuke. Feijóok edo Sánchezek Espainiako Estatua gobernatuko dute guk M-28an hemen atera duguna baino boto portzentaje txikiagoarekin. Uste dut ohartarazpen bat izan dela EAJri bidali nahi izan zaiona, zikloa aldatzeko borondatea baino gehiago”.
Ortuzarrek ziurtatu duenez, Pedro Sánchez “erratu egin da” legealdiaren bigarren zatian. “Kide izan gaituenak erabili egin gaitu momentu hartan komeni zitzaion moduan, ondoren besteengana jo zuen, sigi-sagaka… Politikan denak ez du balio, eta egunero ezin da taktika-jokoan aritu. Gutxieneko koherentzia behar da. Ezinbestekoa da eman den hitza betetzea eta akordioak gauzatzea, baina hori ez da gertatu azken aldian Sánchezekin. Euskadirekin erabat erratu da. Gurekin ez da leiala izan eta EH Bilduk erabili izan du, kide merke eta erraza izanik. Bi indar zintzo, gure botoak eman dizkiogu, baina ez dugu ordaina jaso”, ziurtatu du. Ondorioz, eta talde jeltzaleak berriz ere Sánchezi Uztailaren 23az geroztik babesa emango ote dion galdetu diotenean, Ortuzarrek hau esan du: “EAJk, ahal badu eta erabakigarria bada, adosteko beste oinarri batzuk jarriko ditu. Gizon honek ezin lezake pentsatu gehiengo absolutua duenik, horixe baita berak pentsatu duena”.