Euskal Taldeak amaiera ematen dio legealdiari 3.500tik gora alditan hitza hartu ondoren, ehunka ekimen aurkeztuta eta Euskadira lorpen historikoak ekarri ondoren

Aitor Estebanen burutzan diputatu jeltzaleek euskal hiritargoaren interesak defendatu dituzte Madrilen azken lau urteotan aurkeztu dituzten 850etik gora proposamenekin

Euskal Taldeak amaiera ematen dio legealdiari 3.500tik gora alditan hitza hartu ondoren, ehunka ekimen aurkeztuta eta Euskadira lorpen historikoak ekarri ondoren 04Ekainak
2023
2023 EkainaK 04 |
Kongresua

PARTEKATU

EAJ-PNVren Euskal Taldeak XIV. Legealdi honetan 3.500tik gora interbentzio izan ditu Diputatuen Kongresuko organoetan, parlamentuak ematen dituen aukera guztiak baliatuz, hala nola kontrol galderak zein proposamen legegile propioak aurkeztuz. EH Bilduk baino 1.500 interbentzio gehiago izan dira eta PSE, Podemos eta PPk baino 3.000 interbentzio gehiago. Halaber, jeltzaleek lorpen historikoak ekarri dituzte Euskadira, hala nola Loiolako kuartelak erosteko akordioa, Donostiaren zabalgune berria eraikitzeko, edo euskal selekzioen ofizialtasunaren aitorpena, eta egoera nahiko konbultsua izan den arren Euskal Autonomia Erkidegoari egonkortasun ekonomiko eta finantzarioa eman diote Espainiako gobernuarekin Kupoa berritzeko akordioa hitzartzea lortuz.

Aitor Esteban, Mikel Legarda, Idoia Sagastizabal, Josune Gorospe, Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran Euskadiren ahotsa izan dira Madrilen. Diputatu jaun-andreek ehunka ekimen aurkeztu dituzte euskal hiritargoaren interesak defendatzeko eta autogobernua babesteko. Horien artean nabarmentzen dira osoko bilkuran aurkeztu diren 88 galdera, 8 Lege Proposamen (horietako 4 izapidera onartu dira), Legez Besteko 6 proposamen eta 5 interpelazio eta beste horrenbeste mozio.

Eskubide eta askatasunen defentsa eta aurrerabide demokratikoak izan dira Euskal Taldearen jarduera legegilearen oinarri nagusia. "Mozal Legea" izenez ezagutzen denaren aldarazpena, Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena, CNIren legeen eguneratzea edo Erregearen bortxaezintasuna kentzea izan dira horren adibide argienetako batzuk. Lehen kasuan, sei urtetan saiatu ondoren eta aurrera egiteko urratsak hitzartu diren arren, EH Bilduk eta ERCk onartzea eragotzi zuten. Gainerakoetan PSOE izan da kontra agertu dena. Euskal Taldearen jarduera legegilea osatzen da Auzitegi Konstituzionala arautzen duten legeak aldarazteko Lege Proposamena eta Araudiaren Erreforma, biak izapidera onartu direlarik.

Halaber, lege izaerarik gabeko askotariko ekimen planteatu dira (Legez Besteko Proposamenak eta Mozioak). Hauen artean esanguratsuak dira euskal azpiegiturei buruzkoak, Batzordean eztabaidatuak, eta osoko bilkurara eraman da etorkinen egoera Melillako ezbeharraren ondoren edo Irungo mugan gertatu diren heriotzak. Beste aldetik, EAJ-PNVk bere jardunaren parte bat bideratu du krisi ekonomikoari eta energiaren krisiari erantzutera, bereziki COVIDaren ondoren eta Ukrainako gerrak utzi duen egoerarekin, eta jarraipena egin die Funtsen exekuzioari, Berreskuratze Planaren garapenari eta PERTEen garapenari. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen autogobernuaren defentsa izan da Euskal Taldearen jarduera politikoaren beste ardatz bat, hasieran aurreikusitakoaren kontra, araudi birzentralizatzailez josita egon den legealdian.

Horri guztiari gehitu behar zaio, aurrekontuen negoziaketan adostu diren akordioei esker, EAJ-PNVk lorpen historiko eta garrantzitsuak erdietsi dituela euskal hiritargoarentzat, hauen artean arestian aipatutako Kupoari, Loiolako kuartelei eta euskal selekzioei buruzkoak. Horiez gain lortu da EAEra eta NFKra Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera ekartzea, B+G proiektuei eman zaien bultzada, energia berriztagarriekin zerikusia duten proiektuak edo Euskadiko hiritarrentzat eguneroko bizimodua hobetzen laguntzen duten azpiegiturak egiteko funtsak, besteak beste Euskadi osoan kendu ahal izan diren trenbide pasabideak.

DIPUTATUEN JARDUNA

Aitor Esteban izan da Taldearen bozeramailea, bai eta Kanpo Gaietarako Batzordeko titularra ere. Legealdi osoan Espainiako gobernuarekin egin diren elkarrizketak eta negoziaketak lideratu ditu, adostu diren hiru Estatuko Aurrekontu Orokorrak barne. Kongresuan egin diren eztabaida politiko guztietan parte hartu du eta 232 alditan hartu du hitza. Interbentzio nagusienak izan dira Sekretu Ofizialen Legearen erreformaren inguruan eta CNI legeen inguruan, Pegasus eskandaluaz geroztik. Estebanek mozio bidez erreklamatu zuen Mikel Zabalza auzia desklasifikatzea, PSOEK baztertu zuena. Osoko Bilkuretan 26 ahozko galdera egin ditu, gehienak Gobernuko presidenteari zuzenduak, eta idatzizko 14 galdera erregistratu ditu.

Idoia Sagastizabal izan da ekonomiarekin, tributuekin eta industria eta aurrekontuekin zerikusia zuten gaien arduraduna. Hala, 5 batzordetan izan da jeltzaleen bozeramaile: Ogasuna; Aurrekontuak; Industria,Turismoa eta Merkataritza; Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikoa eta Gai Ekonomikoak eta Transformazio Digitala. Sagastizabalek hitza hartu du 863 alditan, 16 kontrol galdera aurkeztu ditu eta 51 galdera egin ditu idatzizko erantzuna jasotzeko. Halaber, osoko bilkuran bi ekimen defendatu ditu, biak onartuak, COVID-aren eta Ukrainako gerraren ondorioz sortu den ekonomiaren, energiaren eta lehengaien krisiaren inguruan. Bere lanaren erakusle gisa, 2021ean diputaturik aktiboena izendatu zuen Parlamentuko Kazetarien Elkargoak.

Mikel Legarda izan da Euskal Taldearen bozeramailearen ondokoa eta EAJ-PNVren erreferente juridikoa. Bozeramaile titular gisa jardun du 8 batzordetan: Konstituzionala; Justizia; Defentsa; Barne gaiak; Lurralde Politika; Demokraziaren Kalitatea eta Segurtasun Nazionala. Bai eta "polizia patriotikoa" deritzonaren Ikerketa batzordean ere. Euskal Taldeak aurkeztu dituen hainbat Lege Proposamenen egile eta defendatzaile izan da, Hiritarren Segurtasunarena barne, 683 alditan hartu du hitza, eta horietatik 9 Espainiako gobernuari kontrola egiteko 9 galdera izan dira. Legardak erantzun idatzia jasotzeko 71 galdera erregistratu ditu, eta osoko bilkuran Legez Besteko bi Proposamen defendatu ditu, biak onartuak, bai eta asilo prozedurari buruzko mozio bat, hau ere onartua izan dena.

Josune Gorospe bozeramaile titularra izan da Osasun Batzordean, pandemiak baldintzatu duen legealdian. Bai eta ondorengoetan ere: Hezkuntza eta Lanbide Heziketa; Zientzia; Unibertsitateak; Lankidetza; Bideetako Segurtasuna eta txertoei buruzko Ikerketa Batzordean. Guztira 908 alditan hartu du hitza parlamentuan eta 386 galdera egin ditu, horietatik osoko bilkuran ahoz planteatu diren 15 galdera. Kalamu sendagarria arautzea defendatu du eta horretarako bultzatu zuen Parlamentuko azpibatzordea sortzea, ondorio batzuk onetsi zituena. Gorospek, gainera, Gorteen ordezkaritzako kide izan da CoFoEn (Europako Etorkizunaren buruzko Konferentzia), Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirol gaietarako lantaldean lan handia eginez eta 50tik gora proposamen eta hausnarketa planteatuz.

Joseba Agirretxea, bere aldetik, bozeramaile izan da 5 Batzordetan: Berdintasuna, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura. Mahaiburu izan da Kontsumo, Kultura eta Kirola eta Diputatuen Estatutua batzordeetan. 462tik gora alditan hartu du hitza , ahozko 13 galdera egin ditu Gobernuari kontrola egiteko bilkuretan eta erantzun idatzia jasotzeko 45 bat galdera erregistratu ditu. Halaber, osoko bilkuran Artistaren Estatutuari buruzko Legez Besteko Proposamena defendatu zuen, Ganberaren babesa jaso zuena, eta beste bat Batzordean bertan San Kristobal gotorlekua praktika militarretarako erabiltzeari uzteko.

Iñigo Barandiaran bozeramaile titular izan da 5 batzordetan: Garraioak, Mugikortasuna eta Hiriko Agenda; Toledoko Ituna; Lana, Gizarteratzea, Segurtasun Soziala eta Migrazioak; Eskubide Sozialak; Haurren eta Nerabeen Eskubideak. 428 alditan hartu du hitza, 91 galdera planteatu ditu, horietako 9 Osoko Bilkuran egin diren ahozko galderak izan direlarik. Besteak beste osoko bilkuran defendatu du migratzaileentzako korridore humanitarioei buruzko ekimena eta beste bat Santander eta Bilbo arteko tren zerbitzua hobetzeko, biak onartuak, eta Batzordera eraman du Hondarribiko aireportuaren operatibitatea edo Irungo trenbide sarearen gaia.

Interesatu Zaitez