Iñigo Urkullu lehendakariak Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusigaia eta Eneko Goia alkategaia babestu ditu Donostian, “pertsona guztien ongizatean eta bizi kalitatean aurrera egiten jarraitzeko berme” gisa
EAJ-PNVk, hauteskunde kanpainaren azken egunean, datorren igandeko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du gaur goizean, Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadi osoaren “egonkortasuna, lankidetza eta etorkizunera begira aurrera egitea” jokoan daudelako. Donostiako Nautikoan egindako ekitaldian parte hartu dute diputatu nagusi izateko hautagai Eider Mendozak, Donostiako alkatetzan jarraitzeko hautagai Eneko Goiak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta GBBko presidente Joseba Egibarrek. Guztiak ere, bat etorri dira botoaren bidez pertsona guztien konpromisoa eskatzeko garaian, zeren ez bozkatzeak ekarri baitezake “gutxien gustatzen zaizun horrek” irabaztea.
Lehendakariak gogorarazi du Aurrera Batera mezuarekin hasi zuela EAJ-PNVk aurtengo kanpaina. “Mezu berarekin bukatzen dugu: Aurrera Batera”, eta gehitu du: “Euskadik aurrera egin du. Aurrera egin du arrazoi batengatik: erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako kudeaketa-eredu bat dugulako. Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza, denak batera, denak elkarlanean. Guztiek eredu bera, lidergo bera eta pertsonak erdigunean jartzen dituen estrategia konpartitzen dute”.
“Botoa emateari uzteak ondorioak izango ditu. Gure eredu ekonomiko, sozial eta instituzionala dago jokoan. Egonkortasuna, zorroztasuna, erakundeen arteko lankidetza, etorkizunari begiratzea eta Euzko Alderdi Jeltzaleak eskaintzen duen etengabeko hobekuntza daude jokoan”, laburbildu du Lehendakariak.
Etorkizunerantz aurrera egitea ala atzera egitea
Eider Mendoza Larrañagak, EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak, parte hartzera eta botoa ematera dei egin ditu herritarrak, Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko “berme” gisa. Izan ere, esan duenez, datorren igandeko bozetan Gipuzkoako gizarteak aukeratu beharko du nork gobernatuko duen Aldundia datozen lau urteetan, EAJ-PNVk edo EH Bilduk.
“Aukeratu behar dugu norabide argiarekin aurrera egitea”, EAJ-PNVrekin, “gure proposamen zehatzekin, zailtasunak eta arazoak ezkutatu gabe, baina erantzun argiekin, iragazkirik gabe, Gipuzkoak lankidetzatik aurrera egin dezan”, ala, aitzitik, EH Bilduk suposatzen duen “ziurgabetasuna”, kanpainan erakutsi duen “eredu gabeziarekin, Photoshop askorekin bere iragana eta benetako asmoak disimulatu arren, programa eta proposamen ezarekin”.
Donostiako alkate eta alkategaiak, Eneko Goiak, dei egin die donostiarrei datorren igandean bozkatzeko. Bere ustez, hauteskundeetan aukeratu egin behar delako “hiria txuri-beltzean marrazten dutenak, edo bere edertasuna, ongizatea eta etorkizuna defendatzen dugunon artean”. “Garrantzitsua da bozkatzea. Ez bozkatzea ere aukeratzea da. Ez du balio gero damutzea, gustatzen ez zaigun zerbait ateratzen baldin bada”, ohartarazi du Goiak.
Bere esanetan, datorren igandean jokoan dago “etorkizunerantz beldurrik gabe aurrera egitea, edo iraganera atzera egitea. Horixe da datorren igandean aukeratu behar duguna”.