EAJ-PNVk Bizkaia eta Bilbo talentua erakartzeko gune handi bihurtzeko proiektuak aurkeztu ditu

Elixabete Etxanobek eta Juan Mari Aburtok bi tokiak “trebatzeko, ikasteko, lan egiteko eta bizi-kalitatearekin bizitzeko” gunerik onenak bihurtzeko konpromisoa agertu dute

EAJ-PNVk Bizkaia eta Bilbo talentua erakartzeko gune handi bihurtzeko proiektuak aurkeztu ditu 25Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 25 |
Bizkaia
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Elixabete Etxanobe, EAJ-PNVren Bizkaiko ahaldun nagusigaia, eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkate eta berrautaketarako hautagaia, bat etorri dira baieztatzerakoan Bizkaian eta Bilbon “proiektuak, estrategia eta etorkizunerako ikuspegia ditugula. Erronka konplexuei anbizioz, harrotasunez eta lidergoz aurre egiten diegu”, adierazi dute. Bizkaia Dorrea eta BAT zentroa hondoan izan dutela, lurraldea eta hiriburua talentuaren erakargarri bihurtzeko proiektuak aurkeztu dituzte, batera, gaur goizean gauzatutako ekitaldian.

Etxanobek Bizkaian kualifikazio handiko profesionalak erakartzeko eta atxikitzeko EAJ-PNVk egindako lana aldarrikatu du, eta ziurtatu du lan horrekin jarraituko duela, datozen urteetan indartzeko konpromisoa hartuz, batez ere Bizkaiko enpresek beren langile-eskariari erantzuteko arazoak dituzten arloetan, hala nola, STEM profiletan edo eremu digitalean.

Hautagai jeltzaleak azpimarratu du oso garrantzitsua dela talentua erakartzea eta atxikitzea gaur egungoaren moduko mundu globalizatu honetan, lurraldeak talentu horrengatik lehiatzen direlako. Eta gogorarazi duenez, kualifikazio handiko pertsonak Bizkaian finkatzeak ez du bakarrik esan nahi enplegurako eta garapen profesionalerako aukerak eskaintzea, baizik eta bizitzeko ingurune erakargarria, azpiegitura egokiak eta kalitatezko zerbitzuak ere eskaini behar direla.

Horregatik, Etxanobek adierazi du Talentuaren aldeko Konpromisoaren Dekalogo bat garatuko duela, hurrengo bost urteetan 10 milioi euroko inbertsioarekin, Talentuaren Arretarako Bulego bat sortuko duela, kualifikazio handiko profesionalei zuzendutako egoitza-eskaintza bultzatuko duela eta 42 Urduliz proiektuan sakonduko duela. “Enpresen % 63k onartzen du zailtasunak ditu esparru digitalean prestakuntza duten langileak aurkitzeko. Defizit hori are handiagoa da sektore estrategikoetan, hala nola energiaren, mugikortasun iraunkorraren, zilar-ekonomiaren eta Fintech-aren sektoreetan. EAJn talentua garatzeko, atxikitzeko eta erakartzeko politika integral bat ezarri nahi dugu. Horretarako, Talentuaren aldeko Konpromisoaren Dekalogoa garatuko dugu; Talentuaren Arretarako Bulego bat sortuko dugu, atzerrira ikasketetan sakontzera joandako talentu bizkaitarrari eta Bizkaira heltzen den nazioarteko talentuari jarraipen pertsonalizatua eta laguntza eskaintzeko; egoitza-eskaintza bat bultzatuko dugu (Talent House), nazioarteko talentuaren ezarpena errazteko, eta 42 Urduliz proiektuan sakontzen jarraituko dugu, etorkizuneko profil digitalak gaitzeko eta erakartzeko tresna berritzailea baita”, azaldu du Etxanobek.

Ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaiak azpimarratu duenez, ekimen horiek guztiak “konpromiso zehatzak dira, arazo espezifikoak konpontzeko” eta azken urteetan egindako lanari jarraipena ematen diote. Lan horren ondorioz, besteak beste, Bizkaia Dorrea eta BAT proiektuak abiarazi dira, “lurraldearentzat nahi dugun lehiakortasun-ereduaren adierazgarri”. Ildo beretik, gogorarazi du B Acelerator Tower nazioarteko 140 nodori lotutako ekosistema bat dela, talentu ekintzailea eta berritzailea erakartzeko eta Bizkaiko sare ekonomikoaren berrikuntzaren aldeko apustua bizkortzeko aukera emango duena.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta EAJ-PNVren berrautaketarako hautagaiak adierazi duenez, “gure Zabalgune Eraikinean ekintzailetza lokalagoa sustatuko dugu, laguntza integralarekin, gutxienez 600 enpresa berri sortzeko eta 900 lanpostu berri sortzeko”. Hautagai jeltzaleak aurreratu duenez, “Zorrotzaurren urrats berriak emango ditugu Ezagutzaren Hiria bihurtzeko”. Datozen lau urteetarako, EAJ-PNVren taldeak udalerriaren rola indartuko du inbertsioak erakartzeko, industriara aurreratutako zerbitzuetako enpresa berriak erakartzeko eta ikerketa-zentroak sortzeko. Horiekin, “Ipar Muturrean Adimen Artifizialeko eta Berrikuntzako Poloa sortuko da, eta Zorrotzaurreko Parke Teknologikoan lurzati berriak sustatuko dira”, aurreratu du.

Aburtoren taldearen beste helburuetako bat Bilbo Talentuaren Harrobia izatea da. “Hiribilduan prestatu, lan egin eta bizi nahi duten profesional eta gazteentzat erakargarriak izan nahi dugu eta, haientzat, Aldundiarekin batera, Talent House bat sortuko dugu, talentua erakartzeko eta atxikitzeko gune berritzaile bat”, amaitu du.

Interesatu Zaitez