Alkatetzarako hautagai jeltzaleak proposatu du hiri-mantentzeari buruzko auzo bakoitzaren eskaerak lehen eskutik ezagutzea hobeto eta azkarrago erantzuteko
Auzo bakoitzaren eskaerei udal zerbitzuak egokitzea, hiritarrei hiri-mantentzearen kudeaketa gerturatzea eta auzotarren proposamenak modu eraginkorrean kudeatzea izango dira Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagai Eneko Goia Lasok proposatutako “Auzo Txukuna” ekimenaren ardatzak.
Goiak azaldu duenez, helburua honakoa da: “Hiriko auzo guztien zaintza eta mantentze-lanak areagotzea, auzo bakoitzak duen berezitasunak, errealitatea eta beharrak kontuan hartuta”.
Horiek horrela alkateak adierazi du, hiriaren zaintza eta garbiketa hobetu behar dela, kalez kale, plazaz plaza. Hortaz, auzotarren elkarlana eskatu du behar gehien duten lanak hobeto identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko.
Udala hiri-mantentzearen arduradun nagusiena da, eta horretarako hiritarren elkarlana ezinbestekoa da. Hori dela-eta, Goiaren iritziz, garbiketa, lorazaintza, hondakinen bilketa eta hiri-mantentze zerbitzuek zuzenean jasotzen diren eskaeren berri izan behar dute.
Horrenbestez, “Auzo Txukuna” ekimena sustatuko du, hain zuzen ere, plangintza baten bidez, eta hiritarrei denborarekin abisatuta, auzoz auzo lan zehatza egiteko dauden beharrak jasotzeko eta urgentzia dutenak lehenbailehen egiteko, martxan dauden beste hainbat lan amaitu arte itxaron gabe.
Departamentuen arteko lan koordinatua
Goiak segidakoa azaldu du: “Giza-baliabide eta baliabide material bereziak bideratuko dira auzo bakoitzetik egiten diren eskaerak eta proposamenak xehetasunez erantzuteko”. Ekimen honek Auzoetako, Hiri Partaidetzako eta Hiri-mantentze eta zerbitzuetako departamentuen arteko elkarlana sendotuko du, erabakiak eta lehentasunak modu koordinatuan hartzeko, auzo-elkarteak zein udal zerbitzuak kontuan hartuz.
Auzo Txukuna ekimenaren egutegia ezagutzera emango da, auzotarrek jakiteko noiz helduko zaion euren auzo edo eremuari konponketak egiteko garaia. Hortaz, urgentzia gehien duten eskaera eta beharrak prestatu ahal izango dituzte udal zerbitzuetako arduradunei zuzenean emateko.
Horren harian, Eneko Goiak honakoa esan du: “Oso harro gaude gure kale, plaza eta parkeez, eta leku horiek guztiak garbiak, irisgarriak eta atseginak izatea nahi dugu”.
Goiak nabarmendu du, azken zortzi urteetan zaintza eta hiri-mantentzea hiritarrek gehien eskatu dizkioten gaiak direla, eta segidakoa gaineratu du: “Eskaera guztiak erantzutea ez da erraza izaten, izan ere, asko eta mota ezberdinetakoak izaten dira. Baliabideak mugatuak dira, baina gure beharra da eskera horiek guztiak hartzea, entzutea, eta ahal bada erantzun egokia ematea”.