Debako EAJ-PNVko alkategaiak gogorarazi du Itziarko industrialdea, lehen sektorearekin eta turismoarekin batera, Debako motor ekonomikoak direla, eta beraz, debarren ongizatea bermatzeko gakoa.
Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Alazne Txurruka alkategaiarekin eta bere taldearekin batera, Itziarko industrialdea bisitatu du: GER enpresa bisitatu dute eta, ondoren, industrialdeko zuzendaritzarekin bildu dira.
Lehenengo bisitan, GER enpresan, Tapiak eta Txurrukak instalazioak ezagutu ahal izan dituzte enpresako arduradunen eta langileen eskutik. Ondoren, industrialdeko zuzendaritzarekin egindako bileran, hauen beharrak entzun dituzte, sektorea indartu eta aurrera egin dezan. Bi topaketen ostean, Txurrukak azpimarratu du: “Debak aurrera egitea nahi badugu, ekonomia industrialaren alde egin behar dugu, enpresetatik gertu egon behar dugu eta haien beharrak ezagutu behar ditugu”.
Txurrukak azaldu du Udalak industrialdea ahaztuta izan duela, eta gogorarazi du industria, lehen sektorearekin eta turismoarekin batera, Debaren eta eskualdearen motor ekonomikoa dela, eta gauza bera gertatzen dela Gipuzkoarekin eta Euskadirekin: “gaurko topaketa aberasgarria izan da ideiak, ekarpenak eta iradokizunak partekatzeko”.
Bestalde, Arantxa Tapia Itziarko industrialdean egoteak duen garrantzia azpimarratu du Txurruka alkategaiak: "gure enpresek etorkizun seguru baterantz aurrera egitea nahi badugu, gure udalerrian eta eskualdean enplegua sortu nahi badugu, elkarlanean egin beharko dugu eta erakunde ezberdinen arteko akordioak lortu beharko ditugu. Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin aztertuko dugu zer pauso eman behar diren sektorea suspertzeko eta Itziarko industrialdea erreferente bihurtzeko”.
Era berean, Arantza Tapiak gogorarazi du Gipuzkoa batez ere lurralde industriala dela: "horrek ahalbidetu digu kalitatezko zerbitzu publikoen eskaintzari eta daukagun ongizate-mailari eustea. Sortzen den industria-enplegu bakoitzeko, zerbitzuei lotutako 4 eta 5 enplegu artean sortzen dira. Arrazoi hori nahikoa da Deban egungo industriaren lehiakortasunari eusteko eta hura hobetzeko apustu sendoa egiteko”.
Hala, EAJ-PNVk gobernatzen duen erakunde guztietan egindako apustua sendoa dela adierazi du: “defendatzen dugun eredu ekonomikoaren arrakasta zor zaio, besteak beste, urteetan zehar azpiegituretan, berrikuntzan eta nazioartekotze politikaren zaintzearen alde egindako apustuari. Horri gobernantza publiko-pribatua gehitu behar zaio, baita erakundeen arteko lankidetzarako formula bat ere, Debako EAJ-PNVren eta Alazne Txurruka hautagaiaren eskutik. Konpromisoa hartu dugu eta lankidetzan ariko gara Debako Enpresa Poligonoaren baldintzak indartzeko helburuarekin, inguruko enpresa-sarearen hobekuntzan eragina izan dezan”.
Lehen sektorea eta Eskola Txikia
Amaitzeko, eta Itziarren aldeko apustua eginez, Txurrukak azaldu du EAJ-PNVk, industria indartzearekin batera, lehen sektorearen eta turismoaren aldeko apustua egingo duela: “horrek guztiak eragina izango du gainerako sektoreetan ere, baita herrian enplegua sortzen eta mantentzen ere. Elkarrekin egingo dugu aurrera, Deba bizitzeko herririk onena izan dadin”.
Landa eremuari begira jarrita, hautagai jeltzaleak adierazi du EAJ-PNV bidelagun aktiboa izango dela baserritar eta ekoizleentzat: «ondoan izango gaituzte eguneroko erronkei aurre egiteko; lan egingo dugu, beraien beharrei irtenbide zehatzekin erantzuteko».
Talde jeltzaleak Itziarko Eskola Txikia ere bere helburuen artean dagoela azaldu du: “proiektu hau aurrera eramatea lehentasuna da Itziarko herritarrentzat eta familientzat. Hori dela eta, haren garapenean indarra jarriko dugu, lehenbailehen gauzatu dadin, horretarako behar diren baliabideak bideratuz”.
Amaitzeko, Txurrukak azpimarratu du EAJ-PNVk Itziarko Auzo Udalarekin lan egingo duela, aipatutako guztia aurrera eramateko: “haiekin batera, itziartarren beharrak eta nahiak identifikatu nahi ditugu, haien egunerokotasuna ezagutu. Helburua argi daukagu, baita modua ere. Elkarrekin egingo dugu”.