EAJ-PNV Deba: “Debako herritarren beharrei erantzuteko beharrezkoak diren ekipamendu kulturalak izatea merezi du gure udalerriak”

Alazne Txurruka alkategaiak azaldu duenez, beste behin ere Deba azkenetarikoa da inbertsioei dagokienean, kostaldeko gainerako udalerriekin alderatuz gero: “udalerri horien bataz bestekoa %12,9koa bada, Deban %8 bakarrik bideratzen da inbertsioetara”

EAJ-PNV Deba: “Debako herritarren beharrei erantzuteko beharrezkoak diren ekipamendu kulturalak izatea merezi du gure udalerriak” 23Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 23 |
Deba

PARTEKATU

EAJ-PNVk Debari merezi dituen gizarte eta kultura ekipamenduak ematearen aldeko apustua egin du, azaldu duen moduan, behar beharrezkoak baitira debarren beharrei behar bezala erantzuteko: ”antzerki, kontzertu edo zinema aretoak, haurrentzako parke estaliak, adinekoentzako zerbitzuak eta bestelako ekipamenduak beharrezkoak dira udalerri baten egunerokoan”.

Alkategaia den Alazne Txurrukak azpimarratu duenez, ekipamenduek herri izaera eta sentimendua areagotzen dute, komunitatea ahalduntzen dute, herritarren arteko loturak indartzen dituzte eta kultura sustatu eta zabaltzeko aukera ematen dute: “hau da, gizartearen ongizatean eragiten dute, debarren ongizatean”.

Inbertsioei dagokienez, atzetik

Horrela, Txurrukak azpimarratu du beste behin ere inbertsioei dagokienez Deba ez dagoela goi postuetan: “ba al zenekiten Gipuzkoako kostaldeko udalerrien inbertsio-maila %12,9koa dela? Hemen ere, Deba batez bestekotik urrun dago. Deban %8 baino ez da bideratzen inbertsioetara. Gure egunerokotasuna datuetan ere islatzen da. Debarrok beste Deba bat merezi dugu: gurea bizitzeko herririk onena izatea nahi badugu, aurrekontuak behar bezala kudeatu eta inbertsioak egin behar ditugu. Esan eta egin”.

Horrela, talde jeltzaleak azaldu duenez, alkatetzara iritsiz gero, Debako udal ekipamenduen azterketa egingo dute: “lehenbailehen lanean hasiko gara debarren beharrak aseko dituzten kultura eta gizarte ekipamenduak garatzeko, gure adinekoei behar duten ekipamendua eta zerbitzua emango dietenak, familien eta txikien beharrei erantzungo dietenak. Aurrera egingo dugu, batera!”.

Interesatu Zaitez