Etxebizitza politika berriak sustatzea izango du lehentasun Oñatiko EAJ-PNVk, herritarrei eta bereziki gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko

Garayko eremuan, bereziki, gazteei zuzendutako etxebizitzak eraikitzeko proiektua jaso du Alderdi Jeltzaleak hauteskunde programan, horietako %75 babes ofizialekoak eta babestuak, prezio mugatuarekin, eta beste hainbat alokairuan.

Etxebizitza politika berriak sustatzea izango du lehentasun Oñatiko EAJ-PNVk, herritarrei eta bereziki gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko 23Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 23 |
ONATI

PARTEKATU

Oñatiarren zein Oñatiren etorkizuna eraikitzea eta bermatzea da Oñatiko EAJ-PNVren jardunaren oinarri eta jomuga nagusia. ‘Horretarako, ezinbestekoa da herriaren garapena bermatzea eta, garapen horretan, etxebizitzaren arloa funtsezkoa da, bereziki, gure gazteentzat’, azaldu du Oñatiko Alderdi Jeltzaleko alkategaiak, Amaia Erostarbek.

Oñatiko gazteek haien bizitza proiektua herrian bertan gauzatzea da EAJ-PNVren nahia eta horretarako etxebizitza politika berria sustatzea izango du lehentasuna datozen 4 urteetan, oñatiarrei eta, bereziki, gazteei, etxebizitza aukera berriak eskaintzeko. ‘Azken urteotan udal-gobernuak (EH Bilduk) ez du inolako etxebizitza aurreikuspenik egin Oñatin, ezta plangintzarik ere. Eta, ondorioz, ez dago epe motz zein ertainera gaur egun Oñatin dagoen etxebizitza faltaren arazoarentzat irtenbiderik; ezta erantzunik ere’ azaldu du Amaiak.

Irtenbidetzat, Garayko eremuan etxebizitzak eraikitzea da EAJ-PNVren proposamena, ‘bereziki gazteei zuzenduriko etxebizitzak’, azpimarratu du alkategaiak. Horretarako, eraikitzen diren etxebizitzen %75 babes ofizialekoak eta tasatuak izatea proposatu du, prezio mugatuarekin; hainbat etxebizitza alokairuan eskainiko dira. ‘Garayko eremua urbanizagarria da, udaleko arau subsidiarioek horrela jasotzen dute. Horrek etxebizitzen prezioa mugatzea ahalbidetzen du, eta, gazteen emantzipazioa errazte aldera, ezinbestekotzat jotzen dugu aukera hori oso aintzat hartzea. Gainera, Garayko gune berdea herritarrei zabaltzeko aukera eskaintzen du San Lorentzo herrigunearekin elkartuz’, gehitu du Erostarbek.

HAPO berriaren aurrerapenean, EH Bilduren udal-gobernuak proposatu du Autlanen (lehengo Cegasa) eta Linatzibarren (Eroskiko aparkalekuaren atzeko aldean) egitea etxebizitzak; proposamen horren harira, ‘oso oso epe luzeko kontua’ dela adierazi dute jeltzaleek, eta, gainera, bi lursail horiek gune urbanoan egonik, ‘bertako etxebizitzek ezingo lukete, ez tasatuak, ez babes ofizialekoak, ez alokairura bideratutakoak izan; prezio altuko etxeak izango lirateke´, adierazi dute.

Etxebizitza hutsak merkaturatzeko dirulaguntzak

Etxebizitzak eraikitzeaz gain, EAJ-PNVren proposamena da herrian hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta alokairuan jartzeko dirulaguntza berriak aztertzea eta sustatzea. ‘Etxebizitza hutsen azterketa egingo dugu eta oñatiarren egoera eta beharrak aztertuko ditugu etxebizitza arloan; horiek oinarri hartuta, benetan herritarren eta herriaren beharrei erantzungo dieten laguntza lerroak diseinatu eta bultzako ditugu’, adierazi du alkategai jeltzaleak.

‘Oñatik aurrera egin behar du, eta, bide horretan, herritarren zein herriaren momentuko eta etorkizuneko beharrei erantzun behar die. Etxebizitzen esparruan, Oñatiko gazteek merezi dute etorkizuna herrian bertan garatu ahal izatea, eta EAJk horretarako egingo du lan, lehen egunetik. Gure hitza duzue´, amaitu du alderdi jeltzaleak.

Interesatu Zaitez