Alderdi jeltzalearen helburua eraikin historikoan Industria Nortasunaren eta Kooperatibismoaren museo interaktibo bat, turismo bulego bat, Arrasateko ondare historikoa erakusteko areto bat eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduerak kokatzea da.
Arrasateko EAJ-PNVk Monterron Jauregia berrituko du, Euskadiko industria-ondarearen eta kooperatibismoaren erreferente bihurtzeko. Jeltzaleek turismo iraunkorra eta kooperatibista bultzatu nahi dute ekimen honekin. “Arrasatek parekorik gabeko altxorra du. Harro gaude gure historiagatik, eta horregatik leku bat eman nahi diogu, gure udalerria bisitatzen duen orok ezagutu dezan”, azaldu du Ubarretxenak. Horrela, Monumentu Historiko-Artsitiko izendatua dagoen XVIII. mendeko eraikinari bizitza berri bat emango zaio, historia industrial eta kooperatibistari balioa emanez eta baliabide turistiko gisa formalizatuz.
EAJ-PNVren proposamenak, alde batetik, jauregian Industria Nortasunari eta Kooperatibismoari buruzko museo interaktibo bat kokatzea aurreikusten du, Arrasateko industria-ondarearen erakusketa-areto batekin. “Gune honetan udal-biltegietan gordetzen den materiala batuko genuke, Arrasateko enpresa enblematikoena dena, hala nola UCEM, Elma, Fagor eta abar”, zehaztu du Ubarretxenak. Halaber, Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzaile Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obra jasoko lukete.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduerak
EAJ-PNVk, halaber, arkitektura bitxiak kooperatibismoari merezitako omenaldia egitea bilatzen du. Hala, museoaz gain, turismo bulego bat izango luke eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduerak hartuko lituzke jauregiak. Ubarretxenak nabarmendu duenez, “nazioarteko ospeak eta ekosistema kooperatiboaren garapenak Arrasate Euskadiko enpresa-korporazio garrantzitsuenaren egoitza bihurtu du, industria, finantza, banaketa komertzial, hezkuntza eta ezagutzako jarduerekin. Hori guztia eta horren berezitasun soziala potentzial handiko mobilizazio turistikorako erakargarriak dira”.
Herriko eta eskualdeko ekonomiari bultzada
“Monterron Jauregian ekitaldiak, unibertsitate-eremuarekin lotutako jarduerak, hitzaldiak eta erakusketak hartzeko gune bat izango genuke, eta bisitari ugari hurbilduko lirateke, esperientzia kooperatiboak erakarrita gure herrira iristen diren turisten kopuruarekin bat egingo luketenak. Urtero 2.000 bisitari izaten ditugu”, azaldu du hautagai jeltzaleak. “Era berean, sinergiak sortu nahi ditugu erreferentziazko eta interes turistikoko leku berri honen eta Arrasaten eta Debagoienan ditugun erakargarritasun artistiko-monumental eta naturalen artean”, gaineratu du Ubarretxenak. “Industria eta kooperatibismoa gure nortasunaren zati bat da, eta balioan jarri behar dugu beste sektore batzuei laguntzeko, hala nola merkataritzari edo ostalaritzari. Izan ere, Monterron Jauregiak izango lituzkeen aberastasun historikoak ezagutzeaz gain, gure udalerriko denda, taberna eta jatetxeetako kontsumoa bultzatuko luke, eta enplegua ere sortuko litzateke”, jeltzalearen esanetan.
Ubarretxenak zehaztu duenez, EAJ-PNVren proposamenak Ikertalde aholkularitzak 2018an egindako plan bat du oinarri. Bertan, industria eta kooperatibismoaren historiak Arrasateri turismoa sustatzeko eskaintzen dion aukera islatzen da. Gainera, herriko hainbat eragilek parte hartzeko interesa agertu dute eta gune berri horrek “kide izatearen sentimendua pizten eta nortasun kolektiboa bultzatzen lagunduko lukeela eta sustraiak eta industria-ondarea ezagutzeko aukera” irekiko lukeela adierazi dute.