Usurbilgo EAJ-PNVk etxean bizi diren adinekoen zaintza bermatzeko beharra aldarrikatu du

Xabi Otxoa hautagaiak hamar adinekoetatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dutela ohartarazi du, eta Matiaren egoitza berriaz harago, etxeko zaintza zabaltzearen alde egin du.

Usurbilgo EAJ-PNVk etxean bizi diren adinekoen zaintza bermatzeko beharra aldarrikatu du 19Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 19 |
Usurbil

PARTEKATU

Usurbilgo EAJ-PNVren maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hautagaitza osatzen duten gizon-emakumeek, bilera egin zuten ostiralean Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuarekin. Gizarte arloan datozen urteetan izango diren erronkak errepasatzeaz gain, adineko pertsonen zaintza eta arretaren inguruan jardun zuten.

Gipuzkoako egoitza-sarea indartzeko azken urteetan egin den lan eta esfortzuari, etxean bertan bizi diren adineko pertsonen zaintza gehitu behar zaio: “Hamar adinekoetatik zortzik euren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta hori hala izan dadin, etxean bertan jasotzen duten arretan sakondu beharra dago”, azpimarratu zuen Xabi Otxoa alkatetzarako hautagaiak.

Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza estuan jardungo dutela hitzeman zuen Otxoak eta adierazi zuen “pertsona bakoitzaren nahi eta beharrei erantzuteko prest egon behar dugu, Gipuzkoako beste herrietan garatzen ari diren esperientzietatik ikasi eta Usurbil ere punta-puntan kokatzeko”. “Horretarako, osasun eta udal eta foru gizarte sistemen arteko koordinazioan sakontzea beharrezkoa izango da, baita gizarte eragileengandik eta komunitatetik datozen ekimenekin harremanak indartzea ere”.

Etxeko arreta eta egoitza berrien garapena eskutik doazela azaldu zuten eta, “Usurbilen Matia Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, eraiki duen egoitzak ateak laster irekiko baditu ere, asko dira euren etxeetan bizi diren adineko pertsonak, eta guzti horiei kalitatezko zaintza bermatzea ezinbestekoa da. Konpromiso hori azaltzen diogu Usurbilgo herriari, zerbitzuak zabaldu, modernizatu eta gero eta irisgarriago egingo ditugu”, adierazi zuen Xabi Otxoa alkategaiak.

Interesatu Zaitez