Musika Eskola erdigunean kokatu nahi dute jeltzaleek, herritar guztien eskura. Bertan, herriko musikazaleak elkartzea eta beren jarduna buru-tzeko kalitatezko azpiegiturak eskaintzea da helburu nagusia.
Kanpoko igerilekua Korriuenean jartzea proposatu du EAJk, beste hainbat kirol ekipamendu jasoko dituen kirolgunea eginez bertan: futbol zelaia, padel pistak, pump track-a…
‘Oñati bizitzeko leku ona da, baina EAJ-PNVk onena izatea nahi du eta, horretarako, oraindik badago zer jorratu’, argitu du Amaia Erostarbek, Oñatiko EAJ-PNVren alkategaiak.
Alderdi jeltzaleak azaldu du, urteak joan, urteak etorri, ez zaiola irtenbiderik eman herriarentzat zein herritarrentzat ezinbestekoak diren hainbat ekipamenduri, eta, bestalde, gaur egun dauden azpiegitura batzuk zaharkituak geldit direla azpimarratu du.
‘Urteek aurrera egin ahala, herriek ere aurrera egin behar dute, eta, tamalez, Oñatin ez da horrela izan hainbat eta hainbat alorretan’ esan du Amaiak. ‘Gure herrian, urteak aurrera egin ahala, gabeziak ugarituz joan dira. Gaur egun, esaterako, seme-alaba, lagun edo familiarekin planak egiteko orduan, Oñatin ditugun kultura edo kirol ekipamendu eta azpiegitura asko bere onena emanda daude, eta horrek ez du eragin ona, jakina, herriko bizitzan zein bizimoduan, eta, zer esanik ez, kultura eta kirol eragileengan’, adierazi du Erostarbek.
Musika Eskola berria Olaiturrin
Kulturaren esparruari helduz, EAJ-PNVk argi du zeri eman dion ehentasuna eta non jarri duen fokoa: musika eskola berria Olaiturrin kokatzean, erdigunean, harekin lotura zuzena duten musikazaleek hobetsi duten lekuan. ‘Gaur egungo musika eskola ez dago herrigunean, aldapan gora ibili beharra dago hara iristeko; hara oinez joateko bidea, gainera, ez da batere irisgarria, eta ez dago fundamentuzko espaloirik. Ondorioz, oñatiar askok azaldu du ezinegona, bai kokapenari, bai irisgarritasun eskasari dagokionez. Horrez gain, eskolaren eraikina bera eta bertako azpiegiturak ere zahartuta daude, bere onena aspaldi emanda daude eta ez dituzte asetzen irakasleen, ikasleen eta, oro har, herriko hainbat musikazaleren beharrak’ aipatu du alkategai jeltzaleak.
Hori horrela, EAJ-PNVk zera proposatu du: musika-eskola berria Olaitturrin kokatzea, Arkitekto Lizaur kalearen aldean. Modu horretan, eraikin berria Oñatiko erdigunean egongo da, eta oñatiar guztien eskura jartzeaz gain, irtenbidea eta erremate egokia emango zaio degradatzen hastear dagoen eremu horri.
Jeltzaleek musika eskola berri horretan batu nahi dituzte herriko musikazaleak eta hainbat kultura eragileak, besteak beste: txistulari- eta musika-banda, Ganbara Faktoria… Helburu nagusia da XXI. mendeko eraikina egitea eta kalitatezko azpiegiturak eskaintzea haien jarduna burutu dezaten. ‘Baliabide egokiak eskainita, haien lana samurtu eta sustatuko dugu eta ezin dugu ahaztu, hain zuzen, eragile horien lanari esker dagoela kultura bizi-bizi Oñatin”, dio Amaia Erostarbek.
Kanpoko igerilekua jasoko duen kirolgunea Korriuenean
Korriuenean egin nahi du EAJ-PNVk kanpoko igerilekua; hain zuzen, azken bi legealdietan, behin eta berriz, makina bat bider, jeltzaleek aurrekontu proiektuetan aldarrikatu eta eskatu duten garrantzi handiko azpiegitura. Gaur egun, oraindik ere, udako egun beroetan, oñatiarrek herritik kanpora joan behar dute beste udalerrietako igerilekuetara freskatzera, ez dagoelako herrian horrelako aukerarik eskaintzen duen azpiegitura edota ekipamendurik.
Oñatiko EAJ-PNVk kanpoko igerilekua Korriuenean kokatu nahi du, beste hainbat kirol ekipamendu eta jarduera jasoko dituen kirolgune berria sortuz, ‘besteak beste, padel pistak, futbol zelaia eta pump-track-a izango dituen espazioa izango da’, adierazi du alkategaiak.
‘Ekipamendu berri horien helburu nagusia da oñatiarren behar errealei erantzutea, urteetan erantzunik eman ez zaien behar horiei; izan ere ziur gaude herritarren eskaerei erantzuteaz gain, ekipamendu horiek oñatiarren ongizateari eragin ona ekarriko diola. Eta, hain zuzen, ongizatea da eta izango da, beti-beti, gure jardunaren jomuga nagusaia eta bakarra’, amaitu du Erostarbek.