Urkullu: "Gaitasun Handiko Durangoko Osasun Zentroa da Bilduk sortu duen paralisiaren ondoren benetan aurrera emango den lehen ekimena"

Lehendakaria, Andoni Ortuzar eta Elixabete Etxanobe alkatetzarako hautagai jeltzale Mireia Elkoroiriberekin izan dira gaurko ekitaldian. Alkategaiak pozez aldarrikatu duenez, “Ospitale berriak osasun arreta hobetuko du Durangon eta behar ez diren joan-etorriak saihesten lagunduko du”

Urkullu: 19Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 19 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Durangon eraikiko duen Gaitasun Handiko Osasun Zentroa dela Bilduk lau urteotan eragin duen paralisiaren ondoren “aurrera eramango den lehen konpromiso partekatu eta errealista, benetako lehen ekimena”. Gaur arratsaldean Ezkurdi Plazan egin den ekitaldi politikoan Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai jeltzale Elixabete Etxanobek eta Urkulluk berak beren babes osoa eman diote gaur Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJ-PNVK alkatetzarako aurkezten duen hautagaiari. “Gaitasun Handiko Osasun Zentroa, guk Durangoko Ospitale deitzen duguna, trenbidea zegoen orubean egongo da kokatuta eta osasun zentro handiagoa izango da, modernoagoa eta irisgarriagoa, eta egoitza berean barne hartuko ditu Lehen Arreta, Pediatria, Kanpoko Kontsultak, Diagnostiko Aurreratua mamografia eta TAC-azterketekin, Etxeko ospitaleratzea, Arreta soziosanitarioa eta 24 orduko Larrialdi Zerbitzu sendoa. Osasun zentro honek, zalantzarik gabe, Durangoko osasun arreta hobetuko du eta behar ez diren joan-etorriak saihesten lagunduko du”. Ortuzarrek, bere aldetik, mezu bat bidali dio Partido Popularrari, zeinak Durangoko zerrendan Miguel Ángel Rodriguez Isabel Díaz Ayusoren aholkularia aurkezten duen. Ayuso Euskadira dator gaur “bazterrak nahasteko asmoarekin. Euskadira dator Madrilen botoak lortzeko, Vox-i botoak kentzeko. Horrela pentsatzen al du PPk burua altxatuko duela? Ayusori egiten diote kanpaina Madrilen eta Bilduri Euskadin. Hori bai negozioa”, esan du ironiaz buru abertzaleak.

Urkulluk hitzeman du Eusko Jaurlaritzak Durangori eta Durangalde osoari erakundeen arteko elkarlanaren eskua luzatzen jarraituko diela. “Euzko Alderdi Jeltzaleak konpromiso hirukoitza defendatzen du: Bide politiko eta demokratikoak; Autogobernua eta elkarlanean oinarritutako herrigintza eredua. Bide beretik jarraituko dugu: Autogobernua eta Auzolana Durangorekin, Durangaldearekin eta beren proiektu nagusienekin. Entzun dugu eta elkarren artean egin dugu balorazioa, alternatibak eta konponbideak elkarrekin aztertu ditugu. Erabakiak elkarren artean partekatu ditugu eta gure lankidetza hitzeman dugu Ekonomiaren Sustapenerako eta Goi mailako Zentroa Tabiran egiteko, Durangaldeko Ekogarapen Gunea; alokairurako babes ofizialeko etxebizitza parke berri bat; gazteei emantzipatzeko eta beren familiak egiteko laguntzak; toki merkataritza eta turismoa sustatzea; kultura politikak eta Durangoko Azokaren erreferentzialtasuna; klima aldaketari eta trantsizio energetikoari eman beharreko erantzuna; Osakidetzaren erosketa zentro berria Iurretan; edo Durangoko Gaitasun Handiko Osasun Zentroa”. Urkulluk Osasun azpiegitura honen inguruan ziurtatu duenez “errealitatean, Osasun Zentro hau da lehen konpromiso partekatu eta errealista, benetako ekimen bakarra, azken lau urteetako paralisiaren ondoren” esan du Durangoko gobernuan 2019tik dagoen Bilduko taldeaz. “Euzko Alderdi Jeltzalea dira ekintzak, eta ez hitz hutsak. Esaten duguna egiten dugu, elkarlanezko gobernu ereduak abalatzen gaitu. Udalak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza. Autogobernua eta Auzolana”, esan du. Lehendakariak adierazi du “izen frankistak dituzten kale-izendegiekin jarraitzea, torturatzaile edo kolpistei dominak jartzea, mailaz igotzea edo omenaldiak egitea edo ETAko kideak gorestea beren iraganaz harro dauden pertsonen eta taldeen erabakiak dira. Hori ez da bidea”. Eta erantsi du “beharrezkoa” dela “aitorpen zintzoa egitea, albokoak egin arte itxaron gabe. Trukean ezer eskatu gabe. Horrela bakarrik du balioa. Erantzukizuna duenak aitortu egin behar du, bestela, ‘berdinketa infinituan’ eroriko gara, eta horrela jarraituko dugu gure gizartearentzat bidezko memoria eta bizikidetza eraiki gabe”.

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek bere hitzaldia hasi du, lehenengo eta behin, Pilar Ardanza Durangoko alkate izan zena omenduz. Ardanza erretiratuta dago gaur egun erakundeetatik zerbitzu publikoari hamarkadetako lana eman ondoren. Ortuzarrek, era berean, Mireia Elkoroiribe eta Elixabete Etxanoberi publikoki adierazi nahi izan die EAJ-PNVren konfiantza osoa dutela “Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak izan ditzakeen hautagairik onenak direlako”, eta alderdi politiko batzuek egiten duten lana aldarrikatu nahi izan du beste batzuen jardunaren aurrean. “Denak ez gara berdinak”, adierazi du Ortuzarrek. “Denak ez gara ‘dena dago txarto’ esaten dutenak, ezta ‘dena da gutxi’ erreklamatzen dutenak“, esan du eta adibide modura azaldu du EAJ-PNVren praktika politikoaren antipodetan dagoen alderdiaren jarduna. “Euskadiko PP alderdia ari da Euskadira “paseoan” ekartzen Miguel Ángel Rodríguez moduko “pertsonaiak”. “Bihar bertan dator Ayuso . Suposatzen dut ‘iparraldeko gerra’ egitera datorrela pentsatuko duela. Baietz bazterrak nahastera datorrela! Eta, Euskadiko PPkoek pentsatuko dute laguntzera datorrela. Baina benetan dator Madrilen botoak irabaztera, eta gainera Vox-i kendu nahi dizkionak”, baieztatu du buru abertzaleak.

Elixabete Etxanobe EAJ-PNVren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak pertsonengan oinarritu du bere hitzaldia: “Gaur ezagutzen dugun Bizkaia eta Euskadi eraiki zuten gizon-emakumeak zainduko ditugu”. EAJ-PNV Diputazioaren buru izanik, “zaintza behar duen inor ez da bakarrik egongo, mendekotasuna duten pertsonei babesa emateko sistema indartzen jarraituko dugu”, azpimarratu du. “Bere etxeetan bizi diren 10.500 adineko hobeto zainduta egongo dira EtxeTIC sistemarekin”, eta bi egoitza berri irekiko direla iragarri du, Sestaon eta Abadiñon, 240 plazarekin, “non adinekoak etxe baten antza izango duten unitateetan bizi izango diren” eta “egoitzak eredu horretara egokitzen jarraituko dugu, Durangoko eta Elorrioko egoitzetan baita ere”, azaldu du. Ildo horretan, ohartarazi du “ezin dugula alperrik galdu orain arte lortu dugun guztia”. Horretarako, Aldundi “sendo bat behar dugu, kudeaketa ona egiten jarraituko duena, gero eta hobea; iparra eta lehentasunak argi dituena: enplegua, pertsonen zaintza eta kudeaketa eraginkorra, serioa eta arduratsua”, eskatu du.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkategai jeltzaleak ere hitza hartu du gaur arratsaldeko ekitaldi politikoan, eta udalerrian proiektatutako Gaitasun Handiko Zentroak herriarentzat eta eskualdearentzat duen garrantzia azpimarratu du. Azaldu duenez, “guk Durangoko Ospitale deitzen duguna, trenbidea zegoen orubean egongo da kokatuta eta osasun zentro handiagoa izango da, modernoagoa eta irisgarriagoa, eta egoitza berean barne hartuko ditu Lehen Arreta, Pediatria, Kanpoko Kontsultak, Diagnostiko Aurreratua mamografia eta TAC-azterketekin, Etxeko ospitaleratzea, Arreta soziosanitarioa eta 24 orduko Larrialdi Zerbitzu sendoa. Osasun zentro honek, zalantzarik gabe, Durangoko osasun arreta hobetuko du eta behar ez diren joan-etorriak saihesten lagunduko du”. Eta konpromisoa hartu du proiektu hau eta beste asko “guztion artean” garatzeko. Izan ere, “beharrezkoa da herritarrekin, elkarteekin, mankomunitatearekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egitea. Hori da gure eredua: elkarlanean aritzea aurrera egiteko”, amaitu du.

Interesatu Zaitez