Lan horien lizitazioa abian da, eta datozen asteetan Daliako lurzoruaren eta lurpearen deskontaminazio-lanak ere lizitatuko dira; iraunkortasunaren printzipioetan oinarrituta eta ingurunea eta ingurumena errespetatuz diseinatutako proiektu horren aurretiazko urratsak dira
“Dagoeneko, udalekin eta eskualdearekin batera lanean ari gara hirigintza eta ingurumenarekin lotutako izapideetan. Hitzematen dut industria-hondakin horiek proiektu bakar eta berritzaile bihurtu eta Urdaibai eraldaketaren eta jasangarritasunaren erreferente global bihurtuko dudala. Eraisketa-lanen lizitazioa abian da, eta uda ostean has daitezen konpromisoa hartzen dut. Dagoeneko, Daliako lurzorua eta lurpea deskontaminatzeko lehen ikerketa-kanpaina egin da, eta lanak datozen asteetan lizitatuko dira. Etorkizun berria emango diegu Gernikari eta Urdaibairi”. Hitz horiekin, EAJren ahaldun nagusi izateko hautagaia den Elixabete Etxanobek Guggenheim Urdaibairen garapenarekin duen konpromisoa berretsi du. Azpimarratu duenez, ekimen horrek “eskualdearen eta lurralde historiko osoaren garapen ekonomikoa eta kulturala bultzatzeko aukera ematen digu”.
Gaur Gernikan egindako ekitaldian, museo honek ez duela Bilboko Guggenheimen arrakasta errepikatu nahi berretsi du jeltzaleak, integrazio-eredu berritzaile batean oinarritua eta jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren –“nahitaezko”– printzipioak ardatz izanda diseinatutako proiektu paregabea dela. Etxanoberen hitzetan, museoak ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, konektibitate soziala eta ikerketa uztartuko ditu, bisitariei esperientzia paregabea eta aberasgarria eskaintzeko. “Berrikuntza motor bat eskualdearentzat eta Bizkaia osoarentzat, talentua atxikitzeko eta erakartzeko itsasargi berri bat, sormenerako eta inspiraziorako babesleku natural bat, Bizkaia marka indartzen lagunduko duena, gure kultura-bikaintasunaren historiari beste atal bat gehituz”, adierazi du.
Gaurko topaketan ere parte hartu dute Xabier Irazabalek eta Julen Karrionek, hurrenez hurren EAJ-PNVk Gernika-Lumon eta Muruetan aurkezten dituzten alkategaiak. Biek bat egin dute esatean Guggenheim Urdaibai-ren proiektuak, zalantzarik gabe, alderdi kulturaletik daukan indarraz aparte “gure eskualdea ekonomikoki eta sozialki suspertzen lagunduko duela” eta “are babes handiagoa emango diola Busturialdeko ingurumenari”. “Galdu ezin dugu aukeraren aurrean gaude” .
Karrionek aditzera eman duenez Guggenheim Urdaibai “ona da Muruetarentzat”. “Kultura arloko proiektu bat da, erabat jasangarria, lurretik kutsadura kentzen lagunduko duena, bai eta errekaren zabalera berreskuratzea, mendi-hegaleko bidexkak egokitzea, hiritarrentzat kalitatezko lanpostu berriak sortzea eta egungo turismoa bideratzea ere, jasangarriagoa eta kalitatezkoa izan dadin, bai eta Urdaibaiko Biosferaren Erretserba zaintzea eta babestea ere” Alkategaiaren esanetan horrek eragingo du zuzenean “gure herrikideen bizi-kalitatean”.
Xabier Irazabal Gernika-Lumoko alkategaiak, bere aldetik, proiektua garatzea ahalbidetu duen erakundeen arteko lankidetza eraginkorra balioetsi du: “Gernikan izango dugu lantegia, proiektuaren motorea. Daliaren orubean kokatuko dira eraikina eta gernikarrentzako parke eta lorategiak. Industriako hondakinak eta lurzoru kutsatuak garbituko dira, lur azpiko akuiferoa garbituko da eta egungo ingurumen arazoak konponduko dira. Inguru guztiak berreskuratuko dira herriarentzat. Horrek denak alderdi ekonomikotik eragingo duen motore ekonomikoaz gain, Gernika-Lumora ekarriko ditu kulturarekin, artearekin eta diseinuarekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak eta lanpostuak. Hirigintza alorrean ere Ibarra osoa berreskuratzeko eta birmoldatzeko eragilea izango da”, azaldu du.