Jeltzaleek esku-orri batean laburbildu dituzte Elgetak aurrera egiteko behar dituen proposamen nagusiak
Iker Laka alkategaiak datorren agintaldiari begirako hauteskunde-egitasmoaren berri eman du gaur bere taldeko kideek lagunduta. Programa herritarrek azken urteotan egin dizkieten ekarpenak aintzat hartuta osatu dutela eman du aditzera. “Gure helburua urrutitik datozen arazoei behingoz konponbidea ematea da eta, modu berean, Elgetak etorkizuneko estrategia bat edukitzeko oinarriak ezartzea. EH Bilduk epe ertain eta luzea erabat ahaztuta dauzka, eta urte hauetan guztietan ez da gauza izan elgetarren behar eta ilusioei bide emateko”. Jeltzaleek errealitatea zein den ezagutzeko aldizkako azterlanak egitea, inbertsioak planifikatzea eta udalaren kudeaketan ikuspegi estrategikoa lantzea proposatzen dute, Elgeta dagoen gelditik atera eta aurrera egin dezan.
EAJ-PNVren esku-orriak jasotzen dituen konpromiso guztien erdigunean pertsonen bizi-kalitatea hobetzea dagoela adierazi du Lakak, eta hori lortzeko gobernantza-eredua, ekonomia garapena eta azpiegiturak edukiko dituztela ardatz. Alde batetik, udalean dagoen lan egiteko modua aldatzeko beharra azpimarratu dute. “Ezker abertzalearen aldebakartasunaren eta konformismoaren aurrean, gurea elkarlanean arituko den udal gobernua izango da; gainerako alderdiekin, beste erakundeekin batera eta herriko eragile sozial eta ekonomikoen eskutik. Erabaki proaktiboak eta ahalik eta eraginkorrenak hartuko ditugula ziurtatzeko bide bakarra da. Elgetak ezin ditu aukera gehiago galdu” baieztatu du.
Beste alde batetik, alderdi jeltzalearen eredu sozioekonomikoa izan du hizpide alkategai gazteak, errealista delako eta justizia sozialean sakontzen duelako bere berbetan. “Guk ekonomia garapen sendo batekin, gizarte babesa bermatzean sinesten dugu. Sarritan aipatzen dugun moduan, txanponaren bi aldeak zainduko ditugu, izan ere, bata bestearen menpeko da. Batzuek bietako bat ahazteko joera dute, baina argi izan dezatela planteamendu horiek arduragabekeria eta demagogia hutsa direla. Ekonomia sektore ezberdinek, eta industriak nagusiki, kalitatezko enplegua eta herri aberastasuna sortzen dute, gero pertsonak zaintzeko hain funtsezkoak diren puntako zerbitzu eta azpiegiturak eskaini ahal izateko“, amaitu du Lakak.
Hauteskunde-egitasmoa labur-labur:
1. Pertsonen ongizatea: Gizarte zerbitzuak indartu, hirugarren adin aktiborako jarduerak martxan jarri eta zaintzen tokiko ekosistema bat eratzea bultzatuko dugu. Modu berean, gazteekin lan egingo dugu herrian dituzten etxebizitza beharrak aztertzeko eta Elgeta leku erakargarriagoa egiteko. Gazteek Elgetan bizi eta lan egiteko aukera izan behar dute.
2. Ekonomia garapena: Herriko enpresetatik gertu egongo gara. Jaurlaritzarekin Pagatzako industrialdea suspertzeko sustapen-politikak aztertu eta, enplegu gehiago eta hobea sortzearen alde egingo dugu. Industria jarduerak eragiten duen trafiko pisutsuaz jakitun, Elgetako errepideen segurtasuna hobetzeko lanak bultzatuko ditugu Aldundiarekin lankidetzan. Azkenik, energia berdea sortu eta elgetarrek eta bertako enpresek ordaindu beharreko prezioa merketzeko komunitateak sustatuko ditugu.
3. Mantenimendua eta azpiegiturak: Inbertsioen planifikazio bat egingo dugu herriguneko eta auzoetako hiri-altzariak, oinezkoen bideak eta seinaleztapena berritzeko. Besteak beste, San Roke kalea behar den moduan konpondu dugu. Horrez gain, udaletxea eraberrituko dugu herritarrei arreta zerbitzu modernoa eta espazio berriak eskaintzeko. Bestalde, haurtzaindegi-zerbitzua berrantolatu eta umeentzat ur jolasentzako gunea eraikiko dugu.
4. Kultura eta kirola: Espaloia Kafe Antzokia biziberritzeko inbertsioak egin eta plangintza diseinatuko dugu herriko kultur eragileekin batera. Modu honetan elgetarren urteetako esperantza bati bide emango diogu. Kirol arloari dagokionez, pilota torneoen antolakuntza berreskuratzeko ahalegina egingo dugu, gimnasioa herritarren eskaeren arabera eguneratu eta kiroldegi aurreko kantxa diseinuzko estalpe batekin estaltzea proposatzen dugu.
5. Lurralde oreka: Elgetan bizitzen jarraitzeko baldintzarik onenak sortzen jarraituko dugu. Batetik, Aldundiaren Landagipuzkoa estrategiari bultzada berri bat emango diogu lankidetzan, herrian internet konexio ultraazkarra etxe eta baserri guztietara hedatzeko, landa lurren digitalizazioan aurrera egiteko eta baserri-bideak hobetzeko. Bestetik, baserritarren lanari balioa emango diogu eta euren lana errazteko baliabideak bideratuko ditugu.
Azken batean, proiektu eta talde sendoa dutela azaldu du Lakak. “Egitasmo egingarriak dira gureak eta alternatiba eraikitzaile bat jarri dugu mahaigainean. Lan asko dago aurretik eta eskuak prest ditugu lehen egunetik gauzak aldatzen hasteko”.