Zaldibiako EAJ-PNVk hurrengo udal hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Herriko Plazan egindako ekitaldi batean, hautagaitza osatzen duten pertsonek eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentearen babesarekin.
Garbiñe Mendizabal Zaldibiako EAJ-PNVko alkategaiak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan bidelagun izango dituen taldekideak aurkeztu ditu Herriko Plazan egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan elkartu dira, besteak beste, alderdikide, lagun, herritar eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, alderdi jeltzaleak osatu duen taldea ezagutzeko eta programaren ildo nagusien berri izateko. “Argi dugu zein Zaldibia nahi dugun: errespetuan oinarritzen dena, integratzailea, euskalduna eta abertzalea”, esan du zerrendaburuak.
Garbiñe Mendizabalen gidaritzapean jardungo duen lantaldeak “gogotsu, ilusio handiz eta baikortasunez” heltzen dio erronka berri honi. Indarra duen talde orekatua osatu dute Zaldibiako EAJ-PNVk. “Herritarrak eta herritarren ongizatea ditugu helburu. Horretantxe dago kalitatea eta eszelentzia, pertsonekin pentsatzea, beraiei entzutea eta erabakiak hartzea”, adierazi du alkategai jeltzaleak, eta gehitu du “gaur arte ekarri gaituzten gizon-emakumeak ahaztu gabe, horiengandik ikasitakoarekin goaz aurrera, etorkizunera, batera”.
Mendizabalek hitzaldiaren hasieran gogora ekarri du duela lau urte aurkeztu zirela EAJ-PNVren izenean aurreneko aldiz, eta esan du EAJ-PNVk “konpromiso ukaezina” izan duela azken lau urte hauetan eta izango duela aurrerantzean ere Zaldibiarekin. Hain zuzen ere, zaldibitarren beharrei erantzuteko lanean dihardu taldeak, “gogotsu eta zintzo”. “Hori da EAJ-PNVren eredua”, laburbildu du zerrendaburuak. Herriak dituen baliabideekin eta elkarlanean proiektuak bideratuko ditu, “Zaldibia denon artean eta denontzat eraikitzeko”.
Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, bere hitzaldian, azpimarratu du proiektu abertzale baten bizkarrezurra balio komunitarioak direla. “Abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa da gure nazio etorkizuna irabazi nahi badugu”, esan du Egibarrek, “hori bai, betiere elkarren arteko errespetutik abiatuta”. “Batzuk uste zuten bide bakarra bide politiko militarra zela, eta orain politikara etortzerakoan, sartu dira gainontzeko alderdi politikoek egin dugun bide berean, hau da, abertzaletasunaren eskutik EAJ-PNVren gidaritzapean gure herriak egin duen bidean. Orain deskubritu dute erabakitzeko eskubidea, eskubide historikoak, lurraldetasunaren inguruko pragmatikotasunak eraman ditu aitortzera hiru eremu daudela: Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko hiru lurraldeak”, esan du.
Horren aurrean, alderdi jeltzalearen ibilbide sendoa eta fidagarritasuna azpimarratu du, eta gehitu du EAJ-PNVk konfiantza eskaintzen duela. “Badakigu nondik abiatzen garen, oinak lurrean ditugu eta eskuzabaltasunean eta elkarlanean jarraituko dugu herri hau aurrera ateratzen”, laburbildu du. “Demokraziaren eskutik, Zaldibin, Goierrin eta edonon EAJ-PNVren mezua zabaltzen jarraituko dugu”, esan du GBBko presidenteak.
Lantaldea
Pauso bat aurrera eman duten taldekideei eskerrak eman dizkie zerrendaburuak, herrigintzarako pausoa emateagatik. Hauxe da EAJ-PNVk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Zaldibian aurkeztu duen hautagaitza.
1.- Garbiñe Mendizabal Mendizabal.
2.- Estibaliz Jaka Elorriaga.
3.- Agurtzane Aiestaran Amondarain.
4.- Inazio Aizpuru Mendizabal.
5.- Valentina Francisca Varas Valenzuela.
6.- Miren Agurtzane Lasa Dorronsoro.
7.- Antonio Jarit Cobos.
8.- Ainhoa Eguren Lasa.
9.- Iosu Arraiz Aranburu.