EBBren presidente Andoni Ortuzarrek Euskadiko hiriburuan ziurtatu du talde jeltzaleak baino ezin izango dituela Udala, Aldundia eta Gobernua “estrategia berberaren inguruan lerrokatu, proiektuak aurrera ateratzeko eta enplegua sortuko duten inbertsioak erakartzeko”
“Inkestak ugaritzen hasteko egun gutxi falta dira. Aurrekoek esaten zuten Gasteizkoa izango dela tartea murritzagoa emango den tokietako bat. Hiruzpalau alderdi, elkarren arteko alde txikiarekin, baina bi daude buruan: EAJ Artolazabalekin eta Bildu. EAJ: alderdi fidagarria, egonkortasuna ematen duena, gauzak zorroztasunez eta seriotasunez egiten dituena. Artolazabal: ibilbide garbia, zinegotzi, foru ahaldun eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izan da, eta hiru karguetan ondo egin du. Eta Bilduk? Zer aurkez lezake Bilduk EAJren eta Artolazabalen errealitatearen aurrean? Ezer ere ez, gatazkatan sartzeko gaitasuna eta besteok ere saltsa horietan sartzekoa izan ezik, zerrenden kontu honekin egin duen bezala. Ez dago kolorerik: EAJren eta Artolazabalen eta Bilduren artean ez dago kolorerik. Eta hori, hautestontzietan ageri behar da. Jendeari esan behar zaio ez dela gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea; Gasteiz hirian oraina eta etorkizuna nahi badute, bizi-kalitatea nahi badute, zerbitzuak, kalitatezko garraioa eta mugikortasun adeitsua, hiri jasangarri bat, baina batez ere, bizitoki ona nahi badute, EAJren eta Beatriz Artolazabalen aukera da onena. Abenturak eta burutazioak nahi badituzte eta udala isolatuta egotea nahi badute, beste aukerak hor daude”. Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur arratsaldean EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan egin duen ekitaldi politikoan eman nahi izan duen mezu nagusia. Mitin berean hitz egin dute Euskadiko hiriburuko alkategai jeltzale Beatriz Artolazabalek eta Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagai Ramiro Gonzálezek. Ehunka alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Artolazabalek ziurtatu du EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizen aurkezten duela “pertsonen bizi kalitatea hobetzera bideratutako” programa, “hiri hau zorroztasunez, erantzukizunez eta anbizioarekin lideratzeko” egin dena. Gonzalezek bere aldetik ziurtatu du Artolazabalekin “lantaldea” osatzen duela eta biek “elkarrekin lan egingo dutela Araba eta Vitoria-Gasteiz hobetzeko. Hori lortu ahal izango da soilik Beatriz alkate eta ni ahaldun nagusi bagara. Beraz, M-28an Udalerako eta Batzar Nagusirako botoa berbera izan beharko da”.
Ortuzarrek ziurtatu du M-28an aurkezten diren alderdi politikoen artetik EAJ-PNVk baino ez duela lortuko Vitoria- Gasteiz “osotasunez garatzea. Beste hautagaitzei zor zaien errespetuarekin, baina horixe EAJk baino ezin du bermatu, Artolazabalek baino ez dituelako Arabako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, Ahaldun Nagusia eta Lehendakaria berarekin soinez soin lan egiten”. “Proiektu bat daukagu Gasteizentzat eta Arabarentzat. Proiektu bat Euskadiko herri bakoitzarentzat. Alderdi bakarra gara sarean lan egiten dugula esan dezakegunak. Erakunde guztiak, udala, aldundia eta gobernua, batera lan eginez, elkarren laguntzaile izanez. Hiru erakundeek estrategia berberarekin: egonkortasuna eta segurtasuna ematea proiektu guztiak aurrera ateratzeko eta enpleguak sortuko dituzten inbertsioak erakartzeko”.
Vitoria-Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek Andre Maria Zuriaren Plazako ekitaldiari hasiera emateko hitzak esan ditu, EAJ-PNVk kanpaina positiboa egiteko jarraitzen duen apustua aldarrikatuz, hau da, proposamenekin, ideia eta proiektu adoretsu eta ilusio eragileekin. Kanpaina bat, azpimarratu du Artolazabalek, zaratatik eta krispaziotik urrun, herritarren arazoei erantzunak emateko asmoan oinarrituta: “Konponbideen alderdia gara, neurri serio eta zorrotzak ematen dituena. Entzuten duen alderdia gara, ondoren aztertzeko eta hobetzeko helburuarekin lan egiteko. Horregatik egiten dugu kanpaina positiboa, ideia onekin, ilusioa eragiten duten proiektu ausartekin”. Artolazabalek era berean zerrendatu ditu hauteskundeetara daramatzan konpromisoak, denen artean bi nabarmenduz beren izaera eraldatzaileagatik eta asmo handikoak direlako: ‘Eraztun Urdina eta Ekialdea eta Mendebaldea lotzeko konexioa hiriko hegoaldetik. “Pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako programarekin aurkezten gara, oraingo erronkei erantzunez eta etorkizunekoei aurrea hartuz. Hiri hau lideratzeko zorroztasunetik eta erantzukizunetik eta asmo handiz”, esan du.
Ramiro González, Arabako diputatu nagusi eta EAJ-PNVk berrautaketara aurkezten duen hautagaiak, ohartarazi nahi izan du Bildu eta esker abertzalearen ezintasunaz hauteskunde kanpainan Arabarako iragartzen ari den proiektuak aurrera eramateko orduan: “Gure politikak eta proposamenak errepikatzen dituzte. Diskurtsoak kopiatu egin dizkigute, sinetsi ere ez dituzte egiten eta ez dituzte praktikan jarriko sekula ez dutelako ezer egin herri hau aurrera ateratzeko. Beti kontrara, beti eragozpenak jartzen. Ez dira sinesgarriak. Ez utzi ziria sartzen! Jatorrizkoaren ondoan, kopiek ez dute baliorik”. Jarraian, Gonzalezek balioan jarri du Vitoria-Gasteizko alkategai jeltzalearekin osatzen duen talde bikaina. “Beatriz eta biok taldekide gara. Elkarrekin lan egingo dugu Araba eta Vitoria-Gasteiz hobetzeko. Eta hori soilik lortu ahal izango dugu Beatriz alkate eta ni ahaldun nagusi bagara. Horregatik, hilaren 28an, Udalerako eta Batzar Nagusietarako botoa berbera izan beharko da”, amaitu du.