Eneko Goiak konfiantza eta partehartzea eskatu du aurrera egiten duen Donostiarentzat

Alkategai jeltzaleak proposatzen duen hiri-eredua eta EH Bilduren proiektuak blokeatzeko eredua konparatu ditu

Eneko Goiak konfiantza eta partehartzea eskatu du aurrera egiten duen Donostiarentzat 17Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 17 |
DONOSTIA

PARTEKATU

Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagai Eneko Goia Lasok proposatzen duen hiri-eredua babestu du, hain zuzen ere, Donostia hiri erakargarria izatera eraman duen eredua, eta EH Bilduren ereduarekin konparatu du, hain zuzen ere, iraungita dauden proposamenak eta iraganeko blokeo egoerara itzularazi nahi duen EH Bilduren eredua. Goiaren iritziz, EH Bilduk urteetan erakutsi digu guztira ezetz esateko gaitasuna duela, eta hiria hobetzeko erabakiak hartzen direnean ez dagoela, eta ez zaiola espero.

Eneko Goiak adierazi du, egun Donostia eboluzio eta eraldaketa prozesuan dagoela Europan parerik izango ez duen hiria izateko; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko. Eta horren harian honakoa azpimarratu du: “Hiri jasangarria, atsegina, segurua, adimentsua, inklusiboa egiten ari gara, hiritarren beharrak, nortasuna eta ikuspegia kontuan hartuta”.

Hautagai jeltzaleak esan du, egun hirian hainbat obra martxan daudela donostiarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta bizi-kalitatea bera hobetzeko, eta kontziente dela hainbat eragozpen sortzen ari direla, eta segidakoa gaineratu du: “Ez da erraza Artzai Onaren plaza berriak sortuko dituen onurak azaltzea eremua obretan ikusten dugunean, eta ulertzen dut. Izan ere, proiektua amaituta egon gabe eta lanak egiten ari direla, zaila da hiritarrei onura horien berri ematea, euren egunerokotasunean eragozpenak dituztenean”.  

Horiek horrela honakoa azaldu du: “Kale edo plaza bat oinezkoentzat bihurtzea beti sortu ditu kexak eta beldurrak, esaterako merkatariengan sor litezkeen kalteak etabar. Baina aitzitik, errealitateak erakutsi du, kasu guztietan, ondorioak positiboak izan direla. Gogoan izan, duela 40 urte Konstituzio plaza autoen aparkaleku zela, eta egun pentsaezina izango litzateke Getaria kalea edo Bilbo plazan trafikoa ikustea. Hortaz, erabat konbentzituta nago donostiarrek konfiantza dutela egiten ari garen lanean, eta laster ikusiko dutela eragozpen horiek euren bizi kalitatea hobetuko duten eremuetan bilakatuko direla”. 

Bi hiri-eredu 

Halaber, alkateak esan du, kanpainan argi ikusten ari garela bi hiri-eredu daudela: “aurrera egitea nahi dugunon eredua, eta oztopoak jarri nahi dituen eredua; guk alde, beste batzuek, ordea, beti kontra; guk martxan, beste batzuek gelditzeko asmoz; kolorea beltzaren aurrean”.

Hautagai jeltzaleak honakoa gaineratu du: “Anoeta berriaren hiria, konputazio kuantikoarena, Bayer enpresaren iritsiera posible egin duena, Topo berriarena, abiadura handikoarena, auzoetan hobekuntzak egiten dituena, Altzako kiroldegia egin duena, Eskusaitzea industrialdearena, Tabakalerarena edo nazioarte mailako proiekzioa duen hiria, ala EH Bilduk proposatzen duen eztabaida amaitezinen eta endredoen hiria”.

Hiritarren ziurgabetasunak eta beldurrak erabiliko dituen Donostia populistaren aurrean, Eneko Goiak dei egin du komunitatea egitera.

Berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak segidakoa adierazi du: “Donostia dagoen tokira iritsi da donostiarrok azken hamarkadetan erabaki estrategikoetan asmatu dugulako, eta betikoen pankartei eta oztopoei aurre egin diegulako. Egia da hainbat arazo daudela, eta hainbat hobekuntza martxan jarri behar direla, baina egun hiria ez dago geldi, hobetzeko lanean ari da, eta laster egindako inbertsio horiekin disfrutatzeko moduan egongo gara”. 

Azkenik, hautagai jeltzaleak nabarmendu du, Donostian alternatiba ez dela EH Bilduk babesten duena, izan ere, duela urte gutxi batzuk hiria blokeatu zuen. Eta honakoa gaineratu du: “Ezker Abertzaleak egun ez du hiriarentzako proiekturik, ezta donostiarrek ditugun arazo eta erronkei aurre egiteko irtenbiderik. Egun hauetan ikusten ari gara beste lehentasun batzuk kudeatu behar dituztela, hau da, iraganean izan zuten estrategia anker eta okerraren ondorioak”. 

Izan ere, Eneko Goiaren iritziz, Ezker Abertzaleak hiriaren eta herriaren lehentasunen aurretik bere larrialdiak kudeatzeari ematen dio garrantzia. EAJ-PNVk, aldiz, itxaropenari heltzen dion eredua du, hain zuzen ere, konfiantzari, ausardiari eta lanari lotuta dagoen itxaropena.

Hortaz, segidakoa azpimarratu du: “Donostia oparo baten alde lanean ari gara, aurrera egiten duen Donostia, inor atzean uzten ez duena, nortasuna duena, eta konpromisoa eta partehartzea bezalako balioak dituena. Horregatik, konbentzituta gaude maiatzaren 28an donostiarrek aurrera egiteko hautua egingo dutela, eta ez ordea geldi egon ginen urteetara itzultzekoa”. 

Interesatu Zaitez