Gorka Sagarna hautagaiak eta bere taldeak udalerriko zerbitzuak, bizi-kalitatea eta egungo eta etorkizuneko garapena indartzeko programa aurkeztu dute
EAJ-PNVren Irurako hautagaitzak bere ibilbide-orria definitu du datorren legegintzaldian herriari bultzada berri bat emateko, azken asteetan zehar herritarren ekarpenak eta proposamenak jaso eta programa honekin zein beste erakunde eta eragile batzuekin kontrastatu ondoren. Ana Leunda eta Imanol Lasa bere taldeko kideekin lan bilera egin ondoren, Gorka Sagarna alkategai jeltzaleak ibilbide orri bat aurkeztu du, “ekonomia, gizarte ongizatea eta zerbitzu eta ekipamenduen hobekuntza” ardatz nagusi gisa dituena, eta herria eraldatzeko proiektu sorta bat aurreikusten duena, “bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko leku are hobea izan dadin”.
Sagarnaren helburua da “aire freskoa, etorkizuneko ikuspegia eta gertutasuna ekartzea” udalaren kudeaketara, eta ziurtatu du EAJren taldeak beharrezko osagai guztiak dituela Irurak “beste jauzi bat” egin dezan: “Kudeatzeko eta lankidetzan aritzeko gaitasuna, herritarrekin eta beste erakunde batzuekin, izan ere hori funtsezkoa da gaur aurkezten ditugun bezalako proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzeko. Irurarren bizi-kalitatea nabarmen hobetzea eta udalerriaren egungo eta etorkizuneko garapenerako oinarriak ezartzea helburu duten ekimenak. Kudeaketa eraginkorraren eta epe luzerako ikuspegiaren bidez, gure taldeak funtsezko hainbat arlotan aldaketa positiboak eta iraunkorrak bultzatzeko konpromisoa hartzen du”.
Jeltzaleen ibilbide-orriko ekimenak hiru kategoria nagusitan biltzen dira, eta horietako lehena zerbitzuak indartzea da, tokiko saltoki txikiei lagunduz, supermerkatu berri bat irekitzeko lan eginez, garbiketa eta birziklapena indartuz, hondakinen bilketa malgutuz, errefusa eta tamaina handikoak barne, eta adingabeentzako eta gazteentzako espazioak hobetuz. Besteak beste, Loatzo plazako skate parkaren lekualdaketa, bertan bainu publiko bat jartzea, Kaskailu plazako parkea konpontzea eta ur-zorrotaden parke bat irekitzea aurreikusten dute.
Bigarren ardatzak bizi-kalitatea du jomuga. Trafikoaren eta mugikortasunaren esparruan, kamioiak ez igarotzeko neurriak aztertuko dituzte, eta pantaila akustikoak jarriko dituzte Zilar eta Laskibar kaleetan. Horrez gain, azken eremu horrek hirigunearekin duen lotura hobetuko dute bidegorri baten bidez, espaloiak handituz, eta informazio-pantailak jarriko dira autobus-geltokietan, Aldundiarekin lankidetzan. Beste proiektu nagusietako bat ibaiaren pasealekua osorik egokitzea da, irisgarritasuna, asfaltatzea, hiri-altzariak eta argiztapena barne. Gizarte-politikei dagokienez, etxez etxeko janari-zerbitzua jarriko dute martxan mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat, eta atzerritik etorritako irurarrak integratzeko lan egingo dute.
Azkenik, hirugarren kategoriak udalerriaren egungo eta etorkizuneko garapena bilatzen duten jarduerak biltzen ditu, etxebizitzaren eremuan etxebizitza hutsen alokairua, eraikinen eta lokalen birgaitzea edo behar handiena duten pertsonentzako etxebizitza babestua bultzatuz. Apaizaren etxean aterpetxe moderno bat egitea proposatzen du ere EAJ-PNVk, bisitatzen gaituztenei begira eta ehun ekonomiko eta soziala dinamizatzeko. Eta azkenik, “eta ez da garrantzi gutxiagoko kontua”, ekonomia suspertzeko lehentasuna dago: “Herri txikia izan arren, aberastasuna eta baliabide publikoak sortzen dituzten industria eta enpresak ditugu. Haien beharrei erantzuteko lankidetza estutuko dugu, inbertsioak erakartzeko lan egingo dugu eta ekintzaileei ere lagunduko diegu”, nabarmendu du hautagaiak.
Sagarnak ilusioz hartu du proposamen horiek bere taldeak orain arte izandako hartu-emanetan izan duten harrera: “EAJ-PNV giltzarria izan zen jada gaur egun herriak gozatzen dituen proiektuen garapenean, eta ziur gaude maiatzaren 28tik aurrera ere hala izango dela. Gure bokazioa ekarpenak egitea da, beti modu positiboan eta modu eraikitzailean”. Ildo horretan, herritarrei eta elkarteei dei egin die beren iritziak eta proposamenak iruraeajpnv@gipuzko.eus helbidera helarazten jarraitzeko, “dagoeneko errealitate bat den ibilbide-orri bat aberasten jarraitzeko, partekatuagoa den heinean, eraldatzeko gaitasun handiagoa izango baitu”.