Josemi Antia: “EAJ-PNVk Zumaian industria garatu eta ekonomia dinamiko eta iraunkorra bultzatzeko bermea eskaintzen du; gure ongizatea bermatzeko oinarria”

Josemi Antiak Zumaiako industria-iragana eta oraina aldarrikatu ditu, baita EAJ-PNVk Zumaiako industriaren eta garapen ekonomikoaren alde egindako apustu historikoa ere, Arantxa Tapiarekin egindako lan-topaketa batean. Bertan, Zumaiako egoera ekonomikoa eta industriala aztertu dute, eta Eusko Jaurlaritzak Oikian industrialdea martxan jartzeko abiarazitako lan-ildoak partekatu dituzte.

Josemi Antia: “EAJ-PNVk Zumaian industria garatu eta ekonomia dinamiko eta iraunkorra bultzatzeko bermea eskaintzen du; gure ongizatea bermatzeko oinarria” 15Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 15 |
Zumaia

PARTEKATU

Zumaiako alkategai Josemi Antiak, lan jardunaldi berri bat izan du EAJ-PNVren Zumaiako programaren lan ildoak kontrastatzeko eta garatzeko.

Oraingoan, lan-saioa garapen ekonomikoa eta ingurumenaren zaintzara bideratuta egon da; ekonomia dinamiko eta industria sendo baten premisarekin, ingurune jasangarri batean, gaurko eta hurrengo belaunaldietako ongizatea bermatzeko. "Gure alderdia ekonomia bultzatzeko politiken bermea da, Zumaiarentzat etorkizun oparoa ziurtatuko duen industria-politika sendo baten bermea. Eta hala da, bere ibilbideagatik , hainbat hamarkadatan Zumaiako garapen ekonomiko eta soziala markatu duten erabaki estrategikoen protagonista izan delako. Eta hala da, baita ere, garai berri honetako erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren, egiten jakitea eta kudeatzeko gaitasuna ditugulako" nabarmendu du Antiak . Ildo horretan, Antiak aipatu duenez, "EAJk Zumaian gobernuan egon den urteetan bultzatutako ereduak ezarri duen mugarrietako bat politika ekonomiko aktiboa garatzea izan da; zeinari esker, besteak beste, Urolako eta Kortako industrialdeak martxan jarri ziren. Eta horri esker, Zumaian industria-sare berri bat garatu zen, 80ko eta 90eko hamarkadetako krisi-une larriei aurre egiteko aukera eman ziguna, eta, halaber, aurrean izan genuen zuloari buelta eman genion."

Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumeneko sailburuarekin izandako bileran, Zumaiako egoera ekonomikoa eta industriala aztertu da. Era berean, Tapiak Oikiako industrialdea martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzak abiatutako jarduerak partekatu ditu alkategaiarekin. Tapiak adierazi duenez, “apustu argia da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta laster martxan izatea espero dugu.”

Ildo horretan, Tapiak SPRILUR sozietatearen bidez Eusko Jaurlaritzak emandako urratsak eta egindako jarduketak zehaztu ditu. Horien bidez, 70.000 m2-tik gorako lursaila eskuratu da industria-erabilerarako, eta lursailen zati baten uholde-arriskua prebenitzeko eskuhartzeak egin eta “Xey”ko eraikin zaharrak eraisteko jarduketak egin dira, orain arte 10 milioi euroko inbertsioa eginda.

Era berean, adierazi du urte honetarako aurreikusita dagoela poligonoko gainerako lursailen uholde-arriskua prebenitzeko proiektua idaztea, eta lan horiek egitea, gutxi gorabehera 1,5 milioi euroko inbertsioarekin. Halaber, industrialdeko instalazioak eta azpiegitura orokorrak berritzeko proiektuari ekingo zaio, gutxi gorabehera 3 milioi euroko inbertsioarekin.

Jasangarritasuna, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka.

Bileran aztertutako beste alderdietako bat iraunkortasuna, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka izan dira.

“Zumaiak parekorik gabeko aberastasun naturala du eta babestu egin behar dugu”, adierazi du Antiak. Ildo horretan, Antia eta Tapia bat etorri dira Urola (Zumaiako zatia) eta Narrondo ibaiak, Europako gidalerroen barruan, birgaitzeko planen diseinuan eta garapenean lan egiteko beharrarekin, hezeguneak (Puntanueta, esaterako) lehengoratzea eta padurak (Santiago eta Bedua) mantentzea barne, eta itsasadarrak klima-aldaketaren ondorioetarako prestatzea.

Hala, Oikiako saneamendu proiektua nabarmendu dute, bileran ere aztertu dutena. Proiektu hori EAJ-PNVren udal-gobernuak bultzatu zuen, Oier Kortaren gidaritzapean, eta URA -Uraren Euskal Agentziak garatu du. URA, Tapiak burutzen dun Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa da eta obrak hauek egiteko konpromisoa hartu dute, “ honela, duela hamarkada batzuk, araztegia eraikiz eta hirigunetik datozen isurketak bertara garraiatuz, EAJ-PNVren udal-gobernuek Zumaian hasitako Urolako itsasadarraren saneamendua eta berroneratze iraunkorra bukatzeko.”

Azkenik, Antiak adierazi du EAJ-PNVk konpromisoa duela udal-titulartasuneko instalazio guztietan energia-iturri berriztagarrien erabilera bultzatzeko, instalazio horien autokontsumo energetikoa bilatuz; halaber, zumaiarren artean kontsumo-komunitateak eta kontsumo-ohitura berriak bultzatzeko konpromisoa hartu du, energia-trantsizioaren helburuan aurrera egiteko.

Interesatu Zaitez