“Mugikortasun jasangarria eta garbia defendatzen badugu, karga publikoko eremuak ere erraztu behar ditugu. Gasteiz prozesu horren buru izatea nahi dugu, elektrolindegi gehien dituen hirietako bat izan dadin. Nire konpromisoa 200 puntutara iristea izango da”, esan du Udalerako hautagaiak
Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek ibilgailu elektrikoarentzako hiriko kaleetan 200 karga-puntu jartzeko konpromisoa hartu du gaur, horrela Gasteiz karga-puntuen instalazioan hiri liderra izateko.
Udaren ostean, Gasteizen ehun energia-puntu baino gehiago izango dira auto elektrikoak kargatzeko, eta Artolazabalek horiek bikoiztuko dituela agindu du, ibilgailu garbi eta jasangarri horien hedapena eraginkorra izan dadin. Hautagaiak esan duenez, elektrolindegien egungoa baino garapen askoz handiagorik gabe, zaila izango da hiriko mugikortasun elektrikoaren etorkizunerako ibilbide-orria betetzea.
Asko dugu jokoan partida honetan, adierazi du. “Planetaren etorkizuna dugu jokoan. Etorkizuneko belaunaldiei hiri atsegin, garbi, berde bat uztea dugu jokoan, kutsadura gutxiagorekin. Dauzkagun indar-guneak aprobetxatu behar ditugu etorkizunari aurrea hartzeko eta, etorkizun ez oso urrun batean, ibilgailu elektriko bat erostea erabakitzen duten pertsona guztiek izango dituzten beharrak aurreikusteko. Hori guztia kontuan hartuta, talde honek, EAJ-PNVrenak, seigarren martxa sartuko du, abiadura bizkortu egingo du. Munduko automobilgintzaren etorkizuna ibilgailu elektrikoetan dagoelako”.
Arriagako aparkalekuan egindako ekitaldi publiko batean, hainbat kargarako puntu jartzeko lanean ari direla, Artolazabalek ziurtatu du ekimen horiek, beharrezkoak izateaz gain, egokiak direla, “elektrifikazioa gaur egungo errealitatea baita. Errealitate bat da, ez da iristear dagoen zerbait. Hemen daukagu, eta oinarri onak jartzen baditugu, 2030erako karbono isuririk gabeko helburua lortzen lagunduko dugu”.
Garraioa da berotegi-efektuko gasen emisioen proportzio handienaren arduraduna, horien ia % 35a. Eta bilakaera ez da ona izan, azken hamarkadan gora egin baitu autoen kopuruak. Azken urte honetan, 2022an, salmentek behera egin duten arren, auto elektriko eta hibridoen salmentaren joerak gora egin du urtero. 2022an ia 4.000 auto eta lur orotarako ibilgailuak saldu ziren, eta horietatik % 40 ibilgailu elektrikoak eta hibridoak ziren.
Hautagai jeltzaleak espero du azpiegitura berri horiek jartzeak modu aktiboan lagunduko duela auto mota horien salmentak handitzen. “Dikotomia horretan gaude: ez dira gehiago erosten, kargatzeko punturik ez dagoelako, eta ez da kargatzeko punturik jartzen, ibilgailu elektriko gutxi daudelako. Ideia horrekin amaitu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da elektrolinera-sarearen garapenari indarra ematea. Etorriko denerako prestatzea. Aurrea hartu”.
Artolazabalek gogorarazi duenez, mugikortasun iraunkorraren aldeko estrategiaren barruan, Tuvisako flotaren %100a elektrifikatuko du. Garraio jasangarria lehentasun bezala, esan du, “Gasteiz berdeagoa, osasungarriagoa eta kohesionatuagoa lortzeko”.