EAJ-PNVren alkatetzarako hautagaiak auzokideekiko hurbiltasuna eta entzute aktiboa defendatu eta Bilboren lidergoa bultzatzeko konpromisoa hartu du
“Lana, lana eta lana”; horixe da Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Alkategaiak hurrengo agintaldirako egin duen eskaintza. “Ondo egindako lana, gardentasunez eta zintzotasunez”, bere lantaldeak azken zortzi urteotan Bilboko Udaletxean egin duena bezalakoxea. Lan horri esker, “Bilbok nazioarteko hainbat aintzatespen jaso eta ongien kudeatutako hirien artean kokatu da. Ez da egun bakarreko lana izan, EAJren espirituaren emaitza baizik”.
“Lanean jarraituko dut, herritarren iritziak entzuten eta nire koaderno gorrian jasotzen. Hurbiltasuna eta gertutasuna. Entzute aktiboa. Eta egin beharreko lanei buruzko oharrak hartzen... ondo aztertzeko eta aurrera eramateko”, azaldu du Juan Mari Aburtok gaur goizean Ametzola Parkean, hartutako konpromisoa laburtuz. “Den-denak laguntzen du hirigintzan –ziurtatu du EAJ-PNVren hautagaiak–, lanik txikienak eta proiekturik handienak”.
“Hiri moderno eta abangoardista eraiki dugu. Eta lanean jarraituko dugu, kudeaketa ona eta kalitatezko zerbitzuak dituen hiri erakargarria izaten jarrai dezan. Beti pertsonengandik hurbil eta pertsonen zerbitzura. Bilbotarren parte-hartzea behar dugu, eta badauzkagu kanalak horretarako. Gurea Udaletxe irekia da, gardena, kontuak ematearekin konprometitua”.
Aburtok administrazio elektronikoa arina eta eraginkorra izatea nahi du, baina aldi berean erraza, “teknologia berriekin trebatuta ez daudenei irakatsiz”, eta horrekin batera, “WIFI sarea auzo guztietara hedatu eta Udaltegi berriak sortzea” proposatu du.
Bilboren lidergoa bultzatzea
Juan Mari Aburtok iragarri duenez, hurrengo lau urteetan, bere helburua “Bilboren lidergoa bultzatzea da. Erakundeen arteko lankidetza estuagoarekin, harreman estrategiko sendoagoekin, estatuan eta nazioartean erreferente izateko. Hezkuntza hobea, gizarte-zerbitzu hobeak, etxebizitza-politika hobea, eta segurtasuna eta ekonomia hobeak izateko”.
“Lanean jarraituko dut jo eta ke, aurreikusitako epean Abiadura Handiko Trena Bilbora ekarri arte, Zorrotzan FEVEren trenbidea lurperatu arte, eta lanean jarraituko dut Bilboko hegoaldeko Irala eta
Errekalde auzoen trenbide-konexioa hobetzeko eta aire eta itsas konexioak areagotzeko”, ziurtatu du EAJ-PNVren hautagaiak, eta amaitzeko, mezu garbia bota du: “Ideiak, proiektuak eta Ekintza-planak ditugu. EAJ-PNVren ekintza eta kudeaketa ona ditugu. bilbok oraina du, baita etorkizuna ere, eta horra begiratzen du. bilbao, aurrera, batera!”.