Ortuzarrek Getxon aldarrikatu du EAJ-PNVk erakundeen burutzan emakumeak jartzeko egin duen apustua

“Kristalezko sabaia hautsiko dugu, Etxanobe izango da Bizkaiko lehen Ahaldun Nagusia”, ziurtatu du EBBren presidenteak; Urkullu Lehendakariak ohartarazi duenez, “interes mediatikoa Madrilen dago, erabakirik garrantzitsuenak, gure egunerokoari eragiten diotenak, hementxe hartzen diren arren, Euskadin”

Ortuzarrek Getxon aldarrikatu du EAJ-PNVk erakundeen burutzan emakumeak jartzeko egin duen apustua 13Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 13 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Getxo da Bizkaian biztanleria handiena duen hirugarren hiria eta Amaia Agirre da bertako alkate 2019tik. Gaur udalerri horretan egin den ekitaldian Andoni Ortuzarrek balioetsi nahi izan du EAJ-PNVk emakumeak erakundeen burutzan eta EAEko hiru Herrialde Historikoetan erantzukizuneko lehen lerroan jartzeko hitzeman duen apustua. “Aurreko urtean zehar ‘Entzunez Eraiki’ entzute aktiboko prozesua egin genuen Alderdi barruan eta Alderditik kanpo; eta behin eta berriz nabarmen geratu zen gauza izan zen emakumeek erakundeetan duten zeregina indartu eta hobetu behar genuela. Erantzukizunaren lehen lerrora eraman behar genituela. Hala egin dugu. Getxok lehenago egin zuen, emakumezko bat izan baita lau urtetan udalerri honen burutzan: Amaia. Eta, oraingo honetan Bizkaia izango da emakume bat gorenean izango duena: Elixabete. Elixabete Etxanobe izango da Bizkaiko historian izango den lehen Ahaldun Nagusi andrea, eta oso ondo egingo du. Kristalezko sabaia hautsi egingo da eta EAJk hautsiko du Bizkaian, gauza onak gerta daitezen, EAJk egin behar dituelako. Baina Gipuzkoan ere egingo dugu, Eider Mendoza lehen Ahaldun Nagusi izango delako, bai eta Gasteizen ere, Beatriz Artolazabal alkate andrearekin”, aldarrikatu du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek amaierako hitzak esan ditu gaur EAJ-PNVk Areetako Geltoki Plazan egin duen ekitaldi politikoan, bertan ere izan direla arestian aipatutako Agirre eta Etxanobe eta Iñigo Urkullu Lehendakaria. Azken honek bere hitzaldian deitoratu duenez egunotan M-28rako hauteskunde kanpainaren hasieran, hedabideen arreta “Madrilen izan da, garrantzizkoena han gertatuko balitz bezala, erabakirik garrantzitsuenak, gure egunerokoari eta gure etorkizunari eragiten diotenak, hementxe hartzen direnean, Euskadin”.

Ortuzarrek gogora ekarri du azken egunotan paellaren sorreraren inguruan sortu den polemika, Euskadin sortu zela esan baitute hedabideek, eta gaiari humorez heltzeko paralelismoa egin du jaki hori prestatzeko dauden era desberdinen eta erakunde bat gobernatzeko dauden moldeen artean. “Arroza prestatzeko hainbat modu izango dira: melosoa, saldatsua, risottoa eta beste ehun modu gehiago, baina paella bat egiteko paellera bat behar da”, esan du. “Bada, politikan, erakunde bat ondo gobernatzeko, ontzi egokia behar da osagaiak egokiro prestatzeko eta janaria ondo atera dadin. Paellarekin gerta daiteke: arroza daukazu, osagarriak ere, eta ondo gera daitezke, baina ez da paella izango. Bada, Getxon, Bizkaian, Euskadin, paellera hori EAJ deitzen da. Guk baino ez daukagu ontzi sendo eta ideala Gobernu ona osatzeko elementuak konbinatzeko: ideia onak, pertsona onak eta udalerri, herrialde eta Herri batekiko konpromisoaren sua”, ziurtatu du buru abertzaleak. “Pertsona prestatuek, esperientziadunek”, nabarmendu du Ortuzarrek, “baino ez dute lortuko azken urteotan pandemiarekin, gerrarekin eta inflazioarekin bizi izan den egoerari aurre egitea… Egonkortasunari eustea, jendeari segurtasuna ematea, beren gaitasuna erakutsi dutenek baino ez dute egingo. Eta EAJk, EAJko emakume eta gizonek, urteak daramatzate beren gaitasuna erakusten. Gainera, erakutsi egin dugu lantaldeetan aldaketak egiten dakigula, belaunaldien artean ere, hausturarik ematen ez dela bermatuz, erakundeak eskurik onenetan egon daitezen beti, esku seguru eta sendoetan. Egonkortasuna, bermea, indarra, esperientzia eta belaunaldien erreleboa: horiek dira EAJren hautagaitzen ezaugarri nagusiak”, amaitu du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu nahi izan du autogobernua “egunero” defendatzeak daukan garrantzia. “Gure autogobernua betidanikoa ez delako. Kostata lortu genuen. Zaindu, babestu eta eguneratu egin behar dugu. Alderantziz, etengabeko arriskuan egongo delako”. Urkulluk gaineratu duenez “autogobernua ezinbesteko tresna da gure zerbitzu publikoak hobetzeko eta garatzeko. Autogobernua ez dago bermatuta. Argi eta garbi esan behar dugu”. Halaber, Lehendakariak ziurtatu du “kezkaz” ikusten duela “azken urteotan, eta oraindik ere, hedabideen fokua Madrilera begira dagoela, garrantzitsuena han baino gertatuko ez balitz bezala. Ez gaitezen nahastu: erabakirik esanguratsuenak, gure egunerokoari eta gure etorkizunari eragiten diotenak, bereziki hementxe hartzen dira, Euskadin. Hilaren 28ko hauteskundeetan jokoan dago ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzen duen ereduari jarraipena eman ahal izango zaion: EAJ-PNV eredua”, amaitu du.

Bestalde, Elixabete Etxanobek adierazi duenez, “erakundeek bermeak, segurtasuna eta laguntza eman behar dituzte Bizkaira inbertsioa erakarri ahal izateko; inbertsiorik gabe, ez dago enplegurik”. Ondoren, EAJ horretan ari dela ziurtatu du, “egonkortasuna eta konfiantza emanez egungo jarduera ekonomikoari eusteko eta etorkizunerako aukera berriak bermatzeko”. Era berean, Bizkaiko Ahaldun Nagusigaiak metroaren garrantzia nabarmendu du, “metropolia kohesionatzen du, eta ondo zaindu behar dugu”. Ildo horretan, “1 eta 2 lineetako trenen flota osoa berritzeko prozesuari ekingo diogu”, aurreratu du.

Herritarrekiko mezurik hurbilena Amaia Agirre Getxoko alkate eta berrautaketarako hautagaiak jarri du. “Gaur proposamen berritzaile eta handinahi bat aurkezten dugu, EAJ-PNVk gure orainerako eta etorkizunerako izan dezakeen proiekturik onena. Getxotarrentzako programa bat, gaur egungo beharrei irtenbideak ematen dizkiena, errealitate aldakor honetan aukera-esparru bat sortuz, eta, jakina, etorkizunari begira dagoen Getxo batekin. Getxo, dena daukagun lekua, dena egin dezakegun lekua; bizi, lan egin eta gozatu”, zehaztu du. Eta, horretarako, pertsonak, proiektua, lana eta ilusio handia ditugu”, amaitu du.

Interesatu Zaitez