Maria Otaegi EAJ-PNVko alkategaiak Astigarragak behar duen aldaketari helduko dion talde sendoa aurkeztu du

Hautagaitza osatzen duten pertsonek eta Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak alboan dituela, Otaegik azpimarratu du “Astigarraga garatu, jasangarri eta solidario” baten alde lan egingo dutela.

Maria Otaegi EAJ-PNVko alkategaiak Astigarragak behar duen aldaketari helduko dion talde sendoa aurkeztu du 09Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 09 |
Astigarraga

PARTEKATU

Maria Otaegi Astigarragako EAJ-PNVko alkategaiak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan bidelagun izango dituen taldekideak aurkeztu ditu gaur arratsaldean egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan elkartu dira, besteak beste, alderdikide, lagun, herritar eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izateko hautagaia, alderdi jeltzaleak osatu duen taldea ezagutzeko eta programaren ildo nagusien berri izateko. “Astigarragaren eta astigartar guztien alde gure aletxoa ipini nahi dugun talde sendoa gara”, adierazi du zerrendaburuak.

Maria Otaegiren gidaritzapean jardungo duen lantaldeak “gogotsu eta ilusio handiz” heltzen dio erronka berri honi, “benetan uste dugulako gauzak beste era batera egin daitezkeela Astigarragan”. Otaegiren esanetan, udal gobernuak ez du ezer berririk egin azken lau urteetan eta, horren aurrean, EAJ-PNVk  herriak behar duen proiektua duela azpimarratu du, hau da, “aurrerakoia, sustraitua, jasangarria eta solidarioa”. “Legealdi honetan eginda beharko luketen proiektuei bultzada emango diegu; hori da, adibidez, DBHarekin egingo duguna”, adierazi du alkategai jeltzaleak, eta gehitu du Astigarragak “lankidetza handiagoa eta jarrera irekia” behar dituela Udalean etorkizuneko erronka konplexuei aurre egiteko. “Ez bakarrik herritarrekin, baita beste eragile eta erakunde batzuekin ere”, esan du.

Otaegik, bere hitzaldian, gogoratu du EAJ-PNVk “konpromiso ukaezina” izan duela eta izango duela Astigarragarekin. Hain zuzen ere, astigartarren beharrei erantzuteko lanean dihardu taldeak, “gogotsu eta zintzo”. “Hori da EAJ-PNVren eredua”, laburbildu du zerrendaburuak. Herriak dituen baliabideekin eta elkarlanean proiektuak bideratuko ditu, “Astigarraga denon artean eta denontzat eraikitzeko”.

Otaegik kudeaketa eredu zintzo, arduratsu eta solidarioan jarri du arreta, eta herri euskaldun, ireki eta jasangarri baten alde egingo duen hauteskunde-programa aurkeztu du, “uneoro pertsonak erdigunean” jartzen dituena. Proposamenek osasuna, hezkuntza, kultura, ekonomia eta ingurumena dute ardatz. Horien artean daude, besteak beste, klima aldaketaren aurkako neurriak, merkataritza eta jarduera ekonomikoa sustatzeko bide-orria, ipar-parkean aisialdi eta ur kirol aukerak sustatzearen aukera eta herria txukun mantentzearen garrantzia. Era berean, belaunaldien arteko plan estrategiko bat ere nabarmendu du Otaegik.

Mugikortasunaren arloan, gaur egungo autobus zerbitzua berraztertzeko eta hobetzeko konpromisoa hartu du. Auzo bakoitzaren tokiko plangintza auzokideekin batera lantzearen beharra ere aipatu du Otaegik. “Auzo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu behar dira proiektu eta egitasmoak bideratzeko”, hala nola udal zerbitzuak gerturatu, irisgarritasuna hobetu eta aparkaleku beharrak aztertu.

Eider Mendozak, bere hitzaldian, Gipuzkoan azken 8 urtetan aurrera egin duela jarri du balioan, eta honen adibide gisa jarri ditu langabezia erdira jaitsi izana edota industrian 2015 urtean baino 10.100 langile gehiago izatea. “Iraganean, Gipuzkoa paralisira eraman zuten arazoak gainditu ditugu, eta orain etorkizunera begira dagoen lurraldea gara”, nabarmendu du. Hala ere, ohartarazi du egungo agertokian herritarrek hainbat kezka eta arazo dituztela, “Gipuzkoan eta Europa osoan”, hala nola prezioen gorakada edota hipoteken garestitzea. “Errealitate honen aurrean, bi aukera daude: pankarta atzean edo ez-aren plataformetan gelditu, edota arazoei aurre egin eta konponbideak bilatu”, adierazi du. “Gu, EAJ-PNV, beti egon gara bigarrengoan, baiezkoan eta etorkizunaren eraikuntzan”, esan du.

Mendozaren esanetan, EAJ-PNVri sinesgarritasuna “hamarkadaz hamarkada izan dugun ibilbideak” ematen dio. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Astigarraga, Buruntzaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, aldarrikatu du. Bukatzeko, Maria Otaegiren eta bere taldearen lanerako gaitasuna jarri du balioan, bere kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea ere nabarmenduz. “Astigarragak aurrera egitea merezi du, eta horretarako pertsonarik aproposena Maria Otaegi da. Proiektua eta eredu propioa ditu herriarentzat, eta konfiantza osoa izan dezakezue bera eta bere taldeagan, ez dizuete hutsik egingo”, azpimarratu du.

Lantaldea

Pauso bat aurrera eman duten taldekideei eskerrak eman dizkie zerrendaburuak, herrigintzaren aldeko apustua egiteagatik. Taldekide bakoitzak bere esparruan “eskarmentu handia” du, eta batez ere, lanerako prest dagoen talde “anitza eta sendoa” da EAJ-PNVk Astigarragan aurkezten duena.

Hauxe da EAJ-PNVk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Astigarragan aurkeztu duen hautagaitza.

Maria Otaegi Velez.

Iñigo Touzani Velasco.

Manex Aldalur Beldarrain.

Olaia Pastoriza Santos.

Victoria Ledezma Aznar.

Zorione Etxezarraga Ortuondo.

Felix Zusberro Alberdi.

Arantza Kortabitarte Berasaluze.

Jesus Maria Santos Anabitarte.

Imanol Rodríguez Muro.

Jose Luis Alvarez Girón.

Itsaso Aznar Perez.

Mikel Aramberri Cossío.

Suplentes:

Juan Martin Arregi Sagües.

Rosa Mari Santos Anabitarte.

Ramon Aranzasti Loyarte.

Interesatu Zaitez