Irungo EAJ-PNVko hautagaiak nabarmendu du “urteak daramatzagu herritarrei dituzten beharrak eta kexak entzuten, proiektu estrategikoak lantzen eta gure hiria hobetzeko proposamenak mahai gaineratzen”
Xabier Iridoyk, EAJren Irungo alkategaiak, Irunentzat landutako programaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean. “Programa honek benetako erantzuna ematen die gure hiriak, Irunek, bizi dituen arazoei; segurtasun ezari, mugikortasun arazoei edo osasunaren eta lehen mailako arretaren egoerari. Horretaz gain, alkateak ahaztuta edo abandonatuta izan dituen proiektu guzti horiekiko konpromiso argia ere jasotzen du dokumentuak; Plaiaundiko kirol-instalazioen leku aldatzea eta berriak Txenperenean eraikitzea, Alde Zaharrekiko Korrokoitz eremuaren garapena, Iparralde-Gal eta San Miguel-Anaka zonaldeen sustapena, etab. Urteak daramatzagu ilusioz betetako proiektu estrategikoetan lanean, imajinatzen dugun Irunerantz aurrera egiteko. Irun hiri bizia, kohesionatua, solidarioa, komunitate-kontzientziaduna eta erakarpen-gaitasuna duena izatea nahi dugulako”.
Ildo horretan, Iridoyk adierazi du “urte eta hilabete hauetan auzo-elkarteekin, kirol eragile, eragile sozial eta kultural askorekin, profesionalekin eta herritarrekin hitz egin eta lan egin dugula, eta gehienek aldaketa eskatzen dutela. Errespetuan oinarritutako aldaketa, eta ez inposaketetan. Aldaketa sakona, modu eta izatean, irundarren bizi-kalitatea hobetu eta hiriari etorkizun hobea eskaintzeko. Aldaketa desiratua, posiblea eta beharrezkoa. Irun ekonomia indartsua duen hiria izatea nahi dugu, kalitatezko enplegua sortzen duena eta inor atzean uzten ez duena”. Horrela, Xabier Iridoyk hamar konpromiso aurkeztu ditu, guztion artean gure hiria hazarazteko eta batera aurrera egiteko.
1) Irun seguruago bat. Udaltzainen plantillako giza baliabideak handitzeko, gune gatazkatsuenetan poliziaren presentzia handitzeko eta hurbiltasun-eredu berri baten gainean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, epe laburrean talka-plan bat martxan jartzea ere proposatzen dugu.
2) Anbulatorio berriak. Anbulatorio handi berri bat Irungo erdigunean, lau urteren buruan erabilgarri egon daitekeena, irisgarritasun onarekin, modernoa, zerbitzu gehiago eta punta-puntako teknologia izango duena. Gainera, beste txikiago bat Oinaurren, Dumboakoaren antzekoa, hiru urtetan Kateako zonaldeari zerbitzua emango diona.
3) Via Irun 2030. Irunek merezi duen hiri-eraldaketa. Kolon pasealekuko zubiaren eta tren-geltoki berriaren arteko trenbideak estaltzea proposatzen dugu, eta San Migel eta Pio XII auzoak lotuko dituen zubi berri bat sortzea. Mugikortasun iraunkorreko lotura berri bat, auzoak lotuz eta Kolon pasealekuko trafikoa baretzen lagunduz.
4) Hiru hirietako bidegorria, mugikortasun iraunkorrari bultzada berri bat. Hiru hiriak lotuko dituen bidegorri bat eta oinezkoentzako pasealeku bat: Irun, Hondarribi eta Hendaia, Plaiaundiko parke ekologikoa inguratuz, Bidasoaren ertzetik. Plaiaundi eta Bidasoaren ertzaren zati batez gozatzeko aukera paregabea.
5) Begira dezagun Bidasoa aldera. Bidasoa ibaia hirian integratzea eta haren ertzeko tarte natural degradatu eta ingurumen-balio handiko horiek berreskuratzea, irundarren gozamenerako. Faisaien uhartearen parean etxebizitzarik ez eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu, ezta Azken Portun (Pasquier-Recondo) aurreikusitako 200 etxebizitzarik ere.
6) Kiroldegi berria San Migelen. Pertsona guztien egunerokotasunerako instalazio estali, oso eta modernoak. Bi igerileku, udako solariuma, fitness-gela bat eta balio anitzeko pista bat dituen kiroldegia, baita terrazan kafetegi gune bat ere. Energia-kontsumo txikiko eraikina, jasangarritasun-irizpide aurreratuagoekin.
7) Kirol-instalazio berriak Txenperenean, kirol-kluben beharretara egokituta, 30 urte itxaron behar izan baitituzte Plaiaundiko kirol-instalazioen behin betiko kokalekua izateko. Ondoren, Plaiaundiko instalazioak desegin eta parke ekologikoa birnaturalizatu.
8) Aparkaleku Plana. Lurpeko aparkaleku berriak eta kudeaketa-politika berriak: Via Irunen 250 plaza. Junkal plazatxoan 70 plaza. San MigueIeko kiroldegi berrian. Eguzkitzan 150. PIO XIIko aparkalekua handitzea. Belartzan 170. Halaber, aparkaleku pribatuaren kudeaketa hobetzea ere, akordioen bitartez.
9) Bidegorri zabalak, seguruak eta konektatuak. Hiriaren erdigunean bidegorriak sortzea, segurtasun-neurri egokiekin, bidegorri zabalak, ondo seinaleztatuak eta babestuak, irundarrei mugikortasun jasangarri egokia erabiltzeko aukera eskaintzeko. Kolon pasealekuko bidegorritik hasi eta Nafarroa etorbideko igoeran beste bat egin.
10) Korrokoitz, gure hiriaren bihotza zaindu behar dugu. Irungo Alde Zaharrak behar duen biziberritzea da. Urte gehiegi zeramatzan ahaztuta, eta EAJtik erabakitasunez bultzatu genuen. Orain, eremua urbanizatuz garatzea eta etxebizitzak Alde Zaharreko estetikaren arabera eraikitzea da gure konpromisoa.
Amaitzeko, hautagaiak gogorarazi nahi izan du EAJren kanpaina proposamenez eta ilusioz josia egongo dela. EAJk hori ordezkatzen duelako; aldatzeko ilusioa. Asmo handiko proiektuak ditugu, taldea dugu eta Irungo etorkizuna eraikitzeko gogoak ditugu. Irunek aldaketa bat behar du aurrera egiteko, eta, hiri seguru, berde eta berdintasunezkoa izateko. EAJren apustua garbia da, Irunek aurrera egitea. Aipatu behar da, gainera, hauteskunde programaren dokumentu osoa eta xehatua eskuragarri egongo dela hautagaiaren sare sozialeta eta blogean (www.xabieriridoy.blogosfera.gipuzko.eus), baita EAJk Kolon pasealekuko 27. zenbakian duen bulegoan ere.