Oñatiko EAJ-PNVren alkategaiak lantaldearen konpromisoa eta lanerako gaitasuna azpimarratu ditu: ‘Oñatik aurrera egiteko pertsona-talderik onena izango dut alboan, eta bide zein aldaketa hori 3 ardatzen baitan burutuko dugu: pertsonak eta ongizatea, esparru sozioekonomikoa eta udalerri atsegin, seguru eta kalitatezko ekipamenduduna eraikitzea, guztia herritarren lankidetza eta parte-hartzearekin‘.
Hilabete baino gutxiago falta da jada maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako eta Amaia Erostarbek, Oñatiko EAJ-PNVren alkategaiak, berarekin batera, Oñatik aurrera egiteko eta etorkizunera begira jartzeko behar duen aldaketa gidatuko duen taldea aurkeztu du gaur, Kalegoienako plazan egin den ekitaldian. Aurkezpenean parte hartu du, baita ere, Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak, Maria Eugenia Arrizabalagak.
Erostarbek talde sendoa, konprometitua eta anitza aurkeztu du, ‘esperientzia, berritasuna eta lanerako prestutasuna batzen dituen taldea’ adierazi du hautagai jeltzaleak. ‘Lanerako gaitasun handiko pertsonak ditut bidelagun, oso pertsona inplikatuak eta Oñati zein oñatiarren alde lan egiteko gogotsu daudenak’, gehitu du. ‘EAJ-PNVk landutako proiektuarekiko erantzukizun eta konpromiso irmoa azaldu dute hasieratik eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei aurrera pauso hori emateagatik eta, nirekin batera, Oñatiren etorkizuna eraikitzeko erronka handi honi heltzeagatik. Herriaren eta herritarren alde lan egiteko proiektu sendoa dugu eta gogotsu gaude oñatiarrekin batera aurrera eramateko’ adierazi du Erostarbek.
Oñatik aldaketa behar du eta jarraitu beharreko bidea argi dutela azaldu du Erostarbek: ‘Oñatik gabezia ugari ditu. Adibidez, kaleak ez daude garbi eta errespetu gutxi dago ondarearekiko, etxebizitza falta dago, garraio publikoa eskasa da, azpiegiturak eta ekipamenduak zaharkituta daude eta tokiko ekonomiak bultzada bat behar du. EAJ-PNVren helburua da etorkizuna duen herria eraikitzea. Aurrera begiratzen duen herria. Pertsonak eta kasu honetan oñatiarrak erdigunean jartzen dituen herri bizia, atsegina, irisgarria, garraio publiko eraginkorra duena, merkataritza eta ostalaritza indartsuarekin, jasangarritasunaren bidean etengabeko pausuak ematen dituena, familia eta adineko pertsonengan fokoa jartzen duena eta gazteei lekua egiten diena, berdintasunean eta errespetuan eraikia, kultura zabaltzeko espazioak dituena, eta, noski, euskalduna. Eta guzti hori, elkarlanean, entzute aktiboan eta parte-hartzean oinarrituta egingo dugu’, nabarmendu du Erostarbek.
Era berean, Erostarbek eskerrak eman dizkie berarekin batera Udalean lanean aritu diren EAJ-PNVko kideei, azken lau urteotan egindako lanagatik eta ‘oposizioan egonda ere, oñatiarrekiko dugun konpromisoa eta hitza betetzeko gogor eta modu eraikitzailean lan egin dugulako, lankidetza eta elkarrizketa bideak jorratuz eta Oñatiren eta herritarren benetako beharrei erantzuteko proposamenak eginez '.
Azkenik, Oñatiko alkategaiak azaldu du Oñati bizitzeko herririk onena izatea dutela helburu. Hala, eta Amaia Erostarbek gidatuta, EAJ-PNV da Oñatik aurrera egiteko behar duen bermea. ‘EAJ-PNV bermearen sinonimoa da. Gauzak ondo egingo direnaren eta gure hitza beteko dugunaren bermea. Irmoki sinesten dut Oñatin eta aurrera egiteko duen gaitasunean, irmoki sinisten dut herritarrengan eta baita osatu dugun taldearengan ere, eta ziur nago lan bikaina egingo dugula Oñati eta oñatiarren alde. Hartutako konpromisoak betetzera gatoz eta hitza ematen dizuet horrela egingo dugula’, esan du Erostarbek.
Maria Eugenia Arrizabalagak, bere aldetik, EAJ-PNVren eta EH Bilduren politika eta lan ereduak azaleratu alderatu ditu. ‘Maiatzaren 28an gipuzkoarrek bi ereduren artean erabaki beharko dute. Bat, EAJ-PNVrena: herria errespetatzen duena eta herriaren eskutik jarduten duena. Ekonomiaren garapena eta justizia soziala, biak, helburu dituena eta inor atzean uzten ez duena. Bestea, EH Bildurena, 2011-2015 bitartean Gipuzkoako Foru Aldundian egon zirenean, denok ere ezagutzeko aukera izan genuen eredua’ azaldu du.
Horrekin batera, Oñatiren etorkizuna eraikitzeko EH Bilduren planteamendu eta proiektu eza nabaritu ditu: ‘Ez dute Oñatirentzat etorkizunerako planik. Zein da EH Bilduk gure herrietarako duen proiektu nagusia? EH Bilduren eskutik ez dago etorkizunerako proiekturik. Begirada motzez egindako politika besterik ez. Eta aurrera egiten ez duen herriak, atzera egiten du’ amaitu du Arrizabalagak.
Oñatiko EAJ-PNVren zerrenda:
Amaia Erostarbe Letamendi
Xabier Mugarza Ayastuy
Itziar Alonso Agirre
Eva Gayubo Cazorla
Jon Kepa Gerrikagoitia
Claudia Valdivieso Ascui
Miren Elgarresta Larrabide
Angel Mari Biain Zubiagirre
Mikel Garcia Urtaza
Josean Marquez Nougues
Marijo Etxegoien Arzuaga
Fco. Javier Perez Serrano
Maria Margarita Mejia
Luis Ruiz de Azua Oyanguren
Carmen Galdos Urcelay
Mikel Iturrospe Gabilondo
Lourdes Idoiaga Urkia
Aitor Arregi Murgiondo
Nekane Maiztegi Ugarte
Aitor Urzelai Inza