Gipuzkoaren geroa bermatzeko, kultura, kirola eta gizarte alorreko elkarteetan belaunaldi artekotasuna eta belaunaldi berritzea indartu behar dugu

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Eider Mendozak, lurraldearen “indar komunitarioari eta boluntariotza kulturari” eusteko “elkarlanaren eta gizarte berrikuntzaren aldeko apustua” egin du.

Gipuzkoaren geroa bermatzeko, kultura, kirola eta gizarte alorreko elkarteetan belaunaldi artekotasuna eta belaunaldi berritzea indartu behar dugu 07Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 07 |
Berria

PARTEKATU

“Lurralde kohesionatu, dinamiko eta bizigarri bezala Gipuzkoaren geroa bermatzeko, ezinbestekoa da kultura, kirola eta kultura alorreko elkartegintzan belaunaldi artekotasuna eta belaunaldi berritzea bultzatzea”. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Elgoibarren gazte, heldu eta adineko alderdikide talde batekin topaketa egin ostean, gipuzkoarron “indar komunitarioari eta boluntariotza kulturari” eusteko premiaz hitz egin du, eta horretarako “elkarlanaren eta gizarte berrikuntzaren aldeko apustu irmoa” egitea proposatu du.

Mendozaren esanetan, “indibidualismoaren eta kontsumo gizartearen” eraginak hainbat ondorio ditu eta, horien artean, elkartegintzan dabiltzan hainbat elkarte nabaritzen hasiak dira errelebo falta edota beren ekintzak aurrera eramateko zailtasunak. Abeslari gazteak inkorporatzeko erakarpen indarra galtzen ari diren abesbatzak, lasterketak antolatzeko beharrezko boluntarioak lortzeko zailtasunak, kide kopurua mehetzen eta mehetzen ikusten duten gizartegintzako elkarteak… “tipologia oso zabala da”, diputatu nagusi izateko hautagaiak adierazi duenez, baina oztopo berarekin egiten dute traba guztiek: beren ekintza eta barne bizitza bermatzeko beharrezko “etengabeko berritzea gauzatzeko zailtasunak”.

Errealitatee horren aurrean, Mendozak ezinbestekotzat jo du Gipuzkoaren “indar komunitario paregabeari” eustea, “izugarrizko balioa” duen ezaugarria delako. “Boluntario gisa beren denbora librea eskaintzen dute Gipuzkoan kirol ekintzetan nahiz egitasmo kulturalen eta sozialen antolakuntzan 40.000 lagun baino gehiagok. Mantendu eta indartu beharreko altxorra da hori. Gurea bezalako gizarte kohesionatu baten zutabeetako bat delako eta partaidetza, elkartasuna, hurkoari laguntzeko prestutasuna, sormena, konpromisoa eta elkarbizitza bezalako balioen harrobia delako”, adierazi du.

Desafio “sakon” honen aurrean, EAJ-PNVren hautagaiak “gizarte berrikuntzaren eta elkarlanaren” aldeko “apustu irmoa” proposatu du. “Herri aktibaziorako, ezinbestekoa dugu erakundeen eta gizartea osatzen duten eragile eta elkarte guztien elkarlana. Are gehiago, jakinda, mota eta izaera guztietako kolektibo, elkarte eta entitateri eragiten dien errealitatea dela. Beraz, lankidetzatik etorri beharko dira errealitate honi eman beharreko erantzunak”, adierazi du.

Foru Aldunditik egin nahiko lukeen ekarpenari dagokionez, proposatu du gizartegintza, kultura, kirola eta aisialdiaren eremuetan, “gizarte berrikuntza baliatuz, belaunaldi artekotasuna eta belaunaldi berritzea indartzeko esperientzia pilotu anitzak martxan jartzea”, ondoren egitasmo horietatik abiatuz “gizarte osora zabaldu daitekeen estrategia bat diseinatu eta hedatzeko”. Aldi berean, alor anitzetako elkartegintzan dabiltzan “adin guztietako ordezkariekin gogoeta partekaturako eremu bat” sortzeko ideia plazaratu du, guztion artean desafio honi erantzuteko oinarriak identifikatu eta adostu ahal izateko.

Aldi berean, Gipuzkoa osoan boluntariotza sustatzeko plana egituratu eta bultzatzeko konpromisoa adierazi du eta, baita ere, departamentu eta eremu guztietan belaunaldien arteko elkarbizitza eta elkarrizketa sustatzen duten egitasmoak garatzea.

Ekonomian ere, erreleboa

Desafio honen eragina ekonomiaren alorrean ere nabarmena da eta, ondorioz, belaunaldi erreleboa sustatu eta gauzatzeko “bide berriak” jorratzeko premia nabarmendu du Mendozak. “Erretiroa hartzera doazen baserritarrak edota baso jabeak, enpresa txiki bateko arduradunak, negozio, denda edo taller bateko jabeak… Bizitza guztian ilusioz landutako proiektu baten etena gertatzeko arriskuaz gain, horrek eragin negatiboa izan dezake herri eta lurralde baten bizitzan: sektore jakin bateko ekonomiaren galera, lanpostuak galtzea, herri bizitzan eta ingurumenaren zaintzan ondorio kaltegarriak, hala nola.

Eremu honetan, EAJ-PNVren programan jasotako neurrien artean, Mendozak aipatu ditu merkataritzaren jarraipena eta belaunaldi berritzea bultzatzeko neurriak, errelebo prozesuetarako laguntza egokitua eskainiz eta, beren dendak itxi dituztenen eta ekintzaile berrien arteko loturak eraginez, edota lehen sektorean belaunaldi aldaketa eta ekintzailetasunaren sustapenaren indartzea, Gaztenek Berri egitasmoaren bitartez. Baita ere, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen “jarraipena eta errelebo prozesuak” laguntzeko eta gazteak lan munduratzeko ibilbideak indartzeko konpromisoa adierazi du.

Interesatu Zaitez