Oiartzunen bizi-kalitatea hobetzea eta Udalaren egiteko moduak eraldatzea helburu duen lan taldea aurkeztu du EAJ-PNV

Hilaren 28ko udal hauteskundeetan herriko hautagaitza osatuko duten pertsonak aurkeztu ditu gaur, “lan talde bikaina, pertsonalki eta profesionalki, eta Oiartzunekin konprometitutakoa”.

Oiartzunen bizi-kalitatea hobetzea eta Udalaren egiteko moduak eraldatzea helburu duen lan taldea aurkeztu du EAJ-PNV  05Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 05 |
OIARTZUN

PARTEKATU

EAJ-PNVk Oiartzungo zerrenda aurkeztu du jendaurrean maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako, bi helburu nagusirekin. “Alde batetik, oiartzuarren bizi-kalitatea hobetzeko eta herriari jauzi kualitatiboa emateko proiektu berriak gauzatzea. Eta, bestetik, ziklo berri bat irekitzea Udal Gobernuaren egiteko moduetan, jarrera eraikitzailearekin, hurbiltasunarekin eta entzutearekin, eta herritar guztiak ordezkatzeko gai izango dena, haien adina, jatorria edo sentsibilitate politikoa edozein dela ere. Belaunaldi berri bat ordezkatzen dugu, erronka horiei heltzeko irrikaz dagoena”, azaldu du Janire Mitxelena zerrendaburuak.

Hautagaitza osatzen duten pertsonek eta Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak alboan dituela, Mitxelenak zerrenda jeltzalearen bertuteak goraipatu ditu. “Lantalde bikaina osatzeko gai izan gara, pertsona zintzo eta profesionalekin, eskarmentu handia dutenak, bai arlo pribatuan, bai kudeaketa publikoan. Eta, are garrantzitsuagoa dena, Oiartzungoak izateaz harro daudenak, herriarekin konprometituta daudenak, herritarren beharrak eta erronkak ezagutzen dituztenak, eta onena emateko ilusioz daudenak, Oiartzunek aurrera egin dezan”.

Alkategaiak nabarmendu duenez, taldeak “aniztasun handia” du, “adin eta esparru profesional desberdinetako gizon eta emakume oiartzuarrek osatzen baitute. Horiek, aldi berean, herrian dugun aniztasun hori ordezkatzen dute, baina guztiek amankomunean dute Oiartzuni etorkizunerako bultzada emateko eta aro berri bati ekiteko bokazioa”. Azken lau urteetan zinegotzia eta EAJ-PNVren bozeramailea izan denez, udal errealitatea ondo ezagutzen du Mitxelenak. Bere burua “oso babestuta” ikusten duela esan du, eta eskerrak eman dizkie zerrenda osatzen duten pertsona guztiei parte hartzeagatik: “Harro nago ibilbide honetan nire ondoan zaudetelako. Eskerrik asko zuen konfiantzagatik, eskuzabaltasunagatik eta Oiartzun hobe bat egiteko pausoa emateagatik”.

Hauek dira Oiartzungo udal hauteskundeetarako hautagai jeltzaleak:

1. Janire Mitxelena Lekuona.

2. Rafael Bergare txe Urdanpilleta (Independentea).

3. Maitane Larruskain Agirre.

4. Iñaki Arbelaiz Mitxelena.

5. Andres Esnal Escudero.

6. Yon Goikoetxea Labaka.

7. Lorea Etxabe Cortes (independentea).

8. Lucas Ramon Etxebeste Otegi.

9. Maria Aranzazu Aristizabal Portu.

10. Miguel Jose Maria Idiazabal Gorrotxategi.

11. Iñaki Gezala Oyarbide.

12. Mari Carmen Larriba Zamora.

13. Jacinto Larburu Lekuona (independentea).

14. Mari Jose Lekuona Etxebeste (Independentea).

15. Jose Antonio Sistiaga Legorburu.

16. Iñaki Garrido Yerobi.

17. Mari Carmen Intxausti Lekuona.

Mitxelenak berretsi du Oiartzunek “lankidetza handiagoa” eta “jarrera irekia” behar dituela Udalean etorkizuneko erronka  konplexuei aurre egiteko, “ez bakarrik herritarrekin, baita beste eragile eta erakunde batzuekin ere”. Eta gaineratu du EAJ-PNVk baldintza guztiak betetzen dituela hori lortzeko: “Lantalde sendoa, kudeaketarako gaitasuna duena, baina baita gobernu programa asmo handiko baina errealista bat ere. Udal zerbitzuak indartu eta ekipamenduak eta ingurunea hobetu nahi ditugu, auzoei merezi duten arreta emanez eta pertsonak erdigunean jarriz”.

Hori horrela, honako lehentasun hauek aipatu ditu, besteak beste: garbitasuna, energia berriztagarriak, adinekoen arreta, etxebizitza-politikak, natura- eta landa-ingurunea zaintzea edo hondakinen bilketa sistema hobetzea. “Oiartzun oparo, integratzaile, moderno eta jasangarri baten alde egiten dugu, gaur egun faltan sumatzen ditugun ezaugarri horiek izango dituena”, amaitu du.

 

Eider Mendoza

Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere aldetik, Gipuzkoak azken zortzi urtetan aurrera egin duela nabarmendu du: “Iraganeko arazoetan katramilatuta egotetik, etorkizunera begira egotera pasa da”. Adierazpen hau babesteko, nabarmendu du langabezia erdira jaitsi dela azken zortzi urtetan, eta industrian 10.000 lagun gehiago daudela lanean. “Lorpen hauek EAJ-PNV-ren gidaritzapean egin dira, gizarte guztiarekin elkarlanean arituta”. Hala ere, gogoratu du egungo gizartean hainbat arazo daudela, hala nola prezioen gorakada edo hipoteken garestitzea, eta honen aurrean bi aukera daudela: “Pankartetan, pintadetan eta ez-aren plataformetan gelditu, edo arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. EAJ-PNV beti egon da bigarrengoan, baiezkoan, erronkei aurre egin eta herria eraikitzen”, nabarmendu du.

Ildo honetatik, Gipuzkoak eta Euskadik eredu sozioekonomiko propioa dutela azaldu du, “hamarkadaz hamarkada EAJ-PNV lidergoan zela eraiki dena”. “Ekonomia lehiakorra eta babes sozialeko sistema sendoa jarri izan dugu arreta, gure ahaleginaren onena, txanpon beraren bi aurpegiak baitira. Horiek dira Gipuzkoako ongizate ereduaren funtsezko zutabeak”, azpimarratu du, gaineratuz beste batzuk “barrikadetan” zeuden bitartean, alderdi jeltzalea herria egiten egon dela. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Oiartzun, Oarsoaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, osatu du, gaineratuz Janire Mitxelena buru duen hautagaitza dela Oiartzuni behar duen aldaketa emateko aukerarik onena.

Interesatu Zaitez