Eneko Goia: “Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu”

Egungo alkate eta berrautaketarako hautagaiaren kanpainako boluntarioek hiriko auzo guztietan partekatuko dituzte, azkeneko hilabeteetan jasotako eskaera eta arazoen aurrean EAJ-PNVk eskaintzen dituen erantzunak

Eneko Goia: “Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu” 30Apirilak
2023
2023 ApirilaK 30 |
DONOSTIA
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagai Eneko Goiak bilera egin du udal-hauteskundeetarako bere hautagaien-zerrenda osatzen duten gizon emakumeekin, eta bertan, hurrengo asteetan jarraituko duten estrategia errepasatu dute. Hautagai-zerrendak eta boluntarioek duela hilabeteak hasitako kanpainarekin jarraituko dute donostiarrek egindako eskaerei eta azaldutako arazoei erantzuteko.

Horren harian, Goiak honakoa esan du: “Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu. Eta horretarako, auzo guztietan egongo gara, modu zehatzean egindako esku-orriak banatzen. Eta esku-orri horietan azken hilabeteetan donostiarrek zuzenean zein sare sozialen bidez egin dizkiguten eskaerei erantzunak aurkituko dituzte”. 

Bilerak aurrez aurre

Legealdiaren hasieratik, eta 2015-2019 legealdian hasitako prozesuarekin jarraituz, Eneko Goia alkateak ehun hiritar baino gehiagorekin elkartu da, astearte arratsaldero Udaletxean egindako bileratan. Udaletxearekin harremanetan jarri diren hiritarrak dira, eta Goiak azaldu duenez, helburua segidakoa izan da: “Hiritar horien guztien eskaerak, proposamenak eta arazoak entzutea, eta horiei guztiei modu koordinatuak erantzunak ematea”.

Halaber, Udalak, behin osasun-larrialdiaren konfinamendua amaituta, auzo mahaiak antolatzeko ekimenarekin jarraitu du, Amara Berrin eta Loiolako Erriberatan, auzo horiekin lotura zuzena duten gaiei heltzeko. Gainera, auzo elkarte ezberdinekin izandako harremana, Eneko Goiaren ustez, etengabekoa, arina eta oso emankorra izan da, eta hainbat proiektu garatu ahal izan dira, besteak beste, Bidebietako plazaren berrantolaketa – laster hasiko dira lanak – Sorleku parkea Dbusen kotxeren ondoan sortzeko proiektua, edo Antiguako frontoiaren harmaila berritzea.

Egungo alkate eta berrautaketarako hautagaiak arlo ezberdinetako 200 pertsonarekin bilerak egin ditu, gazte, adineko pertsona, edota gizarte-, ekonomia- eta kultura-eragilerekin, eta honakoa adierazi du: “Bilera emankorrak izan dira. Bertan zuzenean eta modu zintzoan hitz egin eta eztabaidatu ahal izan dugu martxan dauden proiektuei zein Donostiako etorkizuna guztion artean eraikitzen jarraitzeko hainbat proposamenari buruz”.

Gizarte sareak

Era berean, gizarte sare ezberdinetan jarduera handia duen Eneko Goia alkateak gaineratu du, azken bi legealdietan pertsona askok mezu zuzenen bidez egindako galderak erantzun dituela: “Denbora honetan zehar lagundu didan taldeari esker, mila mezu baino gehiago erantzun ditugu, irtenbideak proposatuz”. Horiek horrela, eskerrak eman dizkie jasotako ekarpen guztiengatik, izan ere, hobeteko eta hiriak aurrera egiteko balio izan dute.

Hortaz, aditzera eman du, donostiarrek egiten dizkioten galderak bideoz erantzuten jarraituko duela, duela bi hilabete hasitako dinamikarekin jarraituz, hain zuzen ere, hurrengo legealdian mantendu nahi duen dinamika hiritarrekin komunikatzen jarraitzeko.

Bide-orria eta hauteskunde-egitasmoa  

Eneko Goiak nabarmendu du, ilusioa, lan-talde sendoa eta bide-orri argia dutela, Donostiak, hiri bizi eta konprometituak, aurrera egiten jarraitzeko, baita ziurgabetasun une hauetan, eta beti, geldi jarraitu nahi duten edo hobea izan ez zen iraganera itzuli nahi duten horien aurrean. 

Goiak honakoa gaineratu du: “Hiritarrek erakusten digute bidea, eskaerak eginez, lehentasunak ezarriz, arazoak identifikatuz. Beraz, entzute aktiboan oinarritutako politika egiten jarraitu behar dugu, enpatiatik eta hiritarrek eskatzen duten atentzioa emanez”.

Amaitzeko, Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak iragarri du, maiatzaren hasieran alderdikideekin konbentzioa egingo dutela eta, bertan, behin betiko  hauteskunde-programa aurkeztuko dutela, non eta izandako topaketa guztietatik hartutako proposamenak egongo diren. Hain zuzen ere, ehunka donostiarren ekarpenetik egindako programa, Donostiatik eta Donostiarentzat egindakoa, eta Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena egiteko helburuarekin.

 

 

Interesatu Zaitez