Xarles Iturbe EAJ-PNVko alkategaiak Tolosarekin konprometitutako pertsonek osatzen duten talde sendoa eta anitza aurkeztu du

Xarles Iturbek, alderdikideek, lagunek, Eider Mendoza Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Joseba Egibar GBBko presidenteak babestutako ekitaldian, “pertsonak erdigunean jarri eta Tolosa bizi bat eraikitzeko” lan egingo dutela nabarmendu du

Xarles Iturbe EAJ-PNVko alkategaiak Tolosarekin konprometitutako pertsonek osatzen duten talde sendoa eta anitza aurkeztu du 28Apirilak
2023
2023 ApirilaK 28 |
Tolosa
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Tolosako EAJ-PNVk talde “sendoa, anitza eta Tolosarekin konprometitutako pertsonekin osatua” aurkeztu du “etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta Tolosak aurrera egiten eta hobetzen jarrai dezan, herritar guztien eskutik”. Xarles Iturbe alkategaiak maiatzeko hauteskundeetan bidelagun izango dituen taldekideak aurkeztu ditu gaur arratsaldean, Berdura plazan, alderdikideek, lagunek, Eider Mendoza Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak babestutako ekitaldian.

Olatz Peon Tolosako alkate eta jeltzaleak aurkeztu du ekitaldia, eta nabarmendu du maiatzaren 28an herritarrek bi aukera izango dituztela: “Etorkizunerantz erabakitasunez aurrera egitea edo iraganean paralisira eraman gintuen bidea hartzea”. “Duela 8 urte gogoz ekin genion Tolosak behar zuen aldaketaren bideari. Bide horrek jarraipena izan behar du, elkarlanetik”, gaineratu du. Eta horretarako, Iturbe “Tolosaren alde eta tolosar guztientzat lanean jarraitzeko hautagai ezin hobea” dela azaldu du Peonek: “Nire lekukoa hartuko du, eta Tolosarekin konprometitutako emakumez eta gizonez osatutako talde indartsua izango du alboan”.

Tolosa maite eta bizi duen talde berritua

Alkategaiak, bere aldetik, talde sendoa aurkeztu du, “Tolosaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna, eskarmentua eta prestakuntza duena, tolosarrekin elkarlanean”. “Pozik eta harro” agertu da eta, bereziki, “oso eskertuta” bere taldea aurkezterakoan: “Gure herriarenganako maitasunak eta Tolosaren alde lan egiteko gogoak batzen gaitu. Hautagaitzatik Tolosarekiko gogoa, ilusioa eta konpromisoa nabarmenduko nituzke. Talde anitza, gaitasun handikoa, profil desberdineko pertsonez osatua”. Hautagaiak ziurtatu duenez, talde jeltzalearen helburu nagusia da “Tolosak proiektu berriekin aurrera egitea”. Iturbek bere taldeak bultzatuko dituen ardatzetako batzuen berri ere eman du: “Pertsonak erdigunean jartzen dituen Tolosa bizia nahi eta behar dugu. Ekonomikoki oparoa, enplegu-aukera berriekin, adinekoen eta gazteen ongizateaz arduratzen dena. Etxebizitza aukera berriak eskaini nahi ditugu Tolosan, gazteek 

Tolosan bizitzeko aukera izan dezaten, alokairuaren aldeko apustu garbia eginez”. Halaber, Iturbek adierazi du “Tolosa parekideago, euskaldunago, kulturalki biziago, kirolzaleago, berdeago, atseginago eta irisgarriago baten alde” lan egingo dutela. “Hamaika proiektu ditugu hori lortzeko, eta batzuk aipatu nahiko nituzte: alokairuko etxebizitza babestuak Iurramendin eta Amarotzen; aparkaleku-alternatiba berriak; ospitale publiko berria Tolosan; Andragora, Tolosaldeko emakumeen etxea; Apattaindustrialdearen 2. fasea eta ELIKER, Kalitatezko Elikadura Zentroa, garapen ekonomikoa bultzatzeko; Alde Zaharra biziberritzeko plan berezia eta Zumarditxikiaherritarren eskura jartzea; kultura-azpiegiturak berrantolatzea: besteak beste, liburutegi berria, Euskararen Etxea eta gazteei eskainitako zerbitzuak indartzeko; trantsizio energetikorako urratsak eta parte hartzeko bide iraunkorrak sustatzea, kalitatezko arreta bermatuz. Aurrera Batera Tolosa!, gaineratu du.

Eider Mendozak Gipuzkoak azken zortzi urteetan bizi izan duen aurrerabidean jarri du arreta, eta gaur egun oinarri sendoak dituela nabarmendu du. Diputatu Nagusirako hautagaiak Tolosako eta eskualdeko kezka batzuk ere izan ditu hizpide, hala nola trena: “Tolosaldea zeharkatzen duen Renferen trenak gaur egun dituen arazo, atzerapen eta gorabeherak ezin dira onartu”. Hala, Gipuzkoak eta Euskadik eskumen hori izateko eta gauzatzeko konpromisoa agertu du. Halaber, Mendozak adierazi du “ekonomia sustatzea eta babes sozialeko sistema indartzea” direla Gipuzkoako ongizate ereduaren zutabe nagusiak, eta EAJ-PNVk funtsezko ekarpena egin duela eredu hori eraikitzeko. “Tolosak hobera egin du azken zortzi urteetan, eta Xarles Iturberen hautagaitza, EAJ-PNV, da norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko bermea”, gaineratu du.

Bere aldetik, Gipuzko Buru Batzarrekopresidenteak, Joseba Egibarrek herrigintzaren defentsa eginez hasi du bere hitzaldia, politika delako gure herriaren eta gure herritarren arazoak konpontzeko bidea. Eta populismoen aurkako ohartarazpena egin du jarraian, “hemen ere baditugulako” pandemia eta arazoen aurrean “protestak eta pankartak ugaritu dituztenak”. Bere esanetan “estrategia landu baten ondorio” da hau guztia eta ezker abertzalea seinalatu du esateko “bere jende guzia pankarta horien atzean dagoela etxekalte, higadura sortzeko”. Egibarrek salatu du “populistek ez diotela etorkizunari begiratzen, baizik eta momentuan komeni zaiena esaten dutela, erakundeak ahultzekohelburuarekin”.

Ezkutuan aritzeaz gain, ezker abertzaleari herri honi estrategiarik eskaini ez izana egotzi dio; ez iraganean eta ez orain. “Non egon zirenindustria politika asmatu genuenean edota euskararen legea eta RGIa onartu zirenean?”, galdetu du bere alderdiarekiko alderaketa egiteko. Izan ere, ziurtatu du EAJ herri honen eraikuntzan aritu dela beti, “proiektua daukagulakoeta herritarren beharrei erantzuten dakigulako”. 

Amaitzeko, defendatu inoiz baino beharrezkoagoa dela estatu estruktura propioa izatea, “saiakera birzentralisten aurrean, gehiengo demokratiko baten eskutik, gure etorkizuna bermatu eta aurrera egiteko”.  Eta horretarako, aurreratu du EAJk “erabakitasuna eta pazientzia” izango dituela, orain arte bezala. “Aurrera egiteko, oinak lurrean, burua argi, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ahoan  eta herria bihotzean izango ditugu”, amaitu du txalo zaparrada artean. 

 

Interesatu Zaitez