Debako EAJ-PNVren zerrendaburuak lana taldean egitearen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean: “horretarako bidelagun izan nezakeen talderik onena dugu, Debarrez osatutako taldea. Erronkari ilusioz heldu diogu, Debaren alde lan egiteko prest gaude guztiok!
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatu duen taldea aurkeztu du Debako EAJ-PNVk gaur, Foruen Plazan. Alazne Txurruka alkategaiak Debak behar duen proiektuaren hainbat zertzelada eman ditu, eta hau aurrera eramateko bidelagun izango dituen pertsonak aurkeztu ditu. Aurkezpen ekitaldian parte hartu du, baita ere, Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundirako Diputatu Nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak.
Debak behar duen eraldaketa gidatzeko eta erronkari heltzeko talde konprometitua osatu dutela azaldu du Txurrukak: “Debaren etorkizunaren alde lan egitera datoz guztiak. Ezagutzen nauzuenok badakizue, lana taldean egitearen garrantzian sinesten dut, eta horretarako bidelagun izan nezakeen talderik onena osatu dugu. Debarrez osatutako taldea. Debarrak gara guztiok, batzuk familiaz, beste batzuk jaiotzaz, eta badira Debara euren bizi proiektua aurrera eramatera etorri direnak ere. Debako gizartea ezin hobeto islatzen dute guztiek. Denek erakutsi duten konpromisoa eta erantzukizuna irmoa da, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiet, pausu bat aurrera egin, eta Debaren aldeko erronkari heltzeagatik. Debaren alde lan egiteko prest gaude guztiok!”.
Era berean, Txurrukak gogorarazi du Debak egun bizi duen gainbehera gobernuan egon direnek hartu dituzten erabakien ondorioa dela, eta orain aldaketarako garaia dela azpimarratu du: “Debaren egungo argazkia argi dugu, baina ezin gara horretan gelditu. Aurrera egin behar dugu eta horretarako giltzarri gara herritarrok; debarron esku dago aldaketarako aukera. EAJ-PNVko kideak gogor lan egitera gatoz, lau urteetan Deba eraldatzera, etorkizunera begira jartzera”.
Zerrendaburuak gaineratu du aldaketa horretarako hainbat proiektu, helburu eta ardatz zehazten ari dela alderdi jeltzalea: “Debak bizitza behar du, eta berreskuratu egingo dugu. Herri bizia izango da, merkataritza eta ostalaritza indartsuarekin. Berdintasunean eta modu jasangarrian eraikiko dugu etorkizuna eta irisgarritasuna landuko dugu. Guztiok dugu batetik bestera erraz eta segurtasunez mugitzeko eskubidea. Arreta familia eta adineko pertsonengan jarriko dugu. EAJ-PNVk dituen baliabide guztiak jarriko ditugu martxan, Debak enpresa sare indartsua izan dezan, lanpostuak sortzen dituen herria izan dadin. Eta gure gazteak erdigunean jarriko ditugu; beraiek dira gure etorkizuna, eta Deban geratzea nahi dugu, etxebizitza eskubidea izatea, bertan ondo bizitzeko aukera ematea da EAJ-PNVren nahia. Gure kultura zabaltzeko espazioak sortzea ere badugu helburu; eta baita garraio publikoaren eraginkortasuna indartzea ere. Herri euskalduna gara, historia duena eta erakargarria, eta hori zaindu, landu eta sustatuko dugu. Turismoari zabalduko gara”.
Azkenik, Debako zerrendaburuak azaldu du Deba bizitzeko herririk onena izatea dutela helburu: “Debak aurrera egingo du gurekin, gu guztion hitza duzue. EAJ-PNV bermea dela esan nahi dizuet. Gauzak ondo egingo diren bermea, hitza beteko dugun bermea. Eta berme hori Udalaz gaindiko beste estamentu batzuk ere ematen digute, hala nola Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak”.
Eider Mendozak, bere aldetik, Gipuzkoak azken zortzi urtetan egin duen jauzian jarri du arreta. “Bi legealditan, erdira jaitsi da lurraldeko langabetu kopurua, eta industrian 10.000 lagun gehiago daude lanean”, gogoratu du. Hautagai jeltzalearen esanetan, ekonomia indartsu bat ezinbestekoa da gizarte desberdintasunei aurre egiteko, “banatzeko, lehenik eta behin sortu egin behar delako”. “Elkarlanetik abiatuta, Gipuzkoarentzat ekonomia aurreratu eta lehiakorra eraikitzen jarraitu nahi dugu”, osatu du diputatu nagusirako hautagaiak.
Ekonomia sustatzen jarraitzearekin batera, gizarte babeseko sistema indartzearen garrantzian ere jarri du arreta Mendozak, “txanpon beraren bi aurpegiak direlako”. Nabarmendu duenez, horiek dira Gipuzkoako ongizate ereduaren funtsezko zutabeak, “eta EAJ-PNVk funtsezko ekarpena egin du eredu horren eraikuntzan”. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Deba, Debabarrena eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, adierazi du. Azkenik, Alazne Txurrukaren hautagaitzaren sendotasunean jarri du azpimarra, herriari “behar duen aldaketa emateko proiektua” baita aurkeztu duena.
Debako EAJ-PNVko zerrenda:
1.- Alazne Txurruka Allika
2.- Asier Urain Buenechea (Independentea)
3.- Mónica de Prado Paniagua (Independentea)
4.- Jon Riaño Ojanguren
5.- Anton Garay Berecibar
6.- Ainhoa Urbieta Egaña (Independentea)
7.- Igone Urkiri Azpiazu (Independentea)
8.- Andima Egaña Egaña
9.- Esther Ansola Iriondo (Independentea)
10.- Iñaki Amilleta Urkiri (Independentea)
11.- M. Asunción Larrañaga Zubiaurre (Independentea)
12.- Beatriz Resa Ziorraga
13.- Javier Zalduegui Guisasola