Etorkizunerantz erabakitasunez aurrera egitea edo iraganean paralisira eraman gintuen bidea aukeratzea dago jokoan M28an

Eider Mendoza EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak botoaren balioa aldarrikatu eta datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen garrantzia azpimarratu du.

Etorkizunerantz erabakitasunez aurrera egitea edo iraganean paralisira eraman gintuen bidea aukeratzea dago jokoan M28an 26Apirilak
2023
2023 ApirilaK 26 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Eider Mendoza Larrañaga, diputatu nagusi izateko hautagaiak, datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen garrantzia azpimarratu du gaur. Bere ustez, “Gipuzkoan jokoan dago etorkizunerantz erabakitasunez aurrera egitea, lankidetzatik, edo iraganean paralisira eraman gintuen bidea aukeratzea”. Hautagai jeltzaleak ideia hori defendatu du gaur goizean hainbat komunikabiderekin egin duen gosari informatiboan. Bertan, hauteskundeetarako proposamenaren ardatzak aurkeztu ditu, baita “eraikitzen jarraitu nahi dugun Gipuzkoa aktiboa eta martxan dagoena” irudikatzen duten ilustrazio multzoa ere. Berarekin batera izan dira Olatz Peon (Oria), Xabier Ezeizabarrena (Donostialdea) eta Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) zerrendaburuak.

Eider Mendozak azpimarratu du “aurrera egiten duen Gipuzkoaren alde lan egingo duela, gaur eta bihar herritar guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizi-proiektu orekatua eskainiko diena”. Aurreratu duenez, lehentasunak ekonomian eta babes sozialean daude, baina fokua sortzen ari diren errealitate sozialetan ere jarrita. Horrela, ekonomia indartsu, berritzaile eta lehiakor bat garatzearen alde lan egingo duela azaldu du, kalitatezko enplegua sortuko duena eta familien ekonomia babestuko duena.

Era berean, gaurko eta biharko babes soziala herritar guztiei bermatuko diela defendatu du, pertsona erdigunean jarrita, modu berritzaile batean eta komunitatearen parte-hartzearekin. Hirugarren ardatz gisa, dagoeneko gure artean dauden eraldaketa sozial, teknologiko eta ingurumenekoei arreta berritzaile eta abangoardista eskainiko diela azaldu du, eta, horretarako, elkarlaneko gobernantzaren alde egitea defendatu du.

EAJ-PNVko hautagaiak azaldu duenez, konfiantza osoa du Gipuzkoan eta hau osatzen duten pertsona eta erakundeetan; “izan ere, hamarkada asko daramatzagu horiekin guztiekin elkarlanean, eta badakigu zer egiteko gai garen elkarrekin lan egiten badugu”. Era berean, gogorarazi du EAJ-PNVk Gipuzkoarentzat proiektu indartsua duela, eta alderdiaren beraren ibilbideak horren fede ona ematen duela. “Eredu propioa dugu, Gipuzkoa kontinente osoko lurralde aurreratuenen eta desberdinkeria maila txikienen artean kokatzera eraman gaituena. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan urrats ausartak emateko gai den lurraldea da gurea, eta lankidetza du tresna nagusia”, nabarmendu du.

Hauteskunde eztabaidari begira jarrita, hautagai jeltzaleak espero du datozen asteetan eredu sozioekonomiko desberdinen arteko alderaketa ikusi ahal izango dela, “eta eztabaida eraikitzaileak sortuko direla, gero hortik gipuzkoarrek beraien ondorio propioak atera ahal ditzaten”. “Gizarteak jakin behar du asko dugula jokoan hurrengo hauteskundeetan. Hauteskunde egunean etxean gelditzeak iraganera itzultzea ekar dezake, atzean uztea hainbeste kostatu zaigu iragan horretara·”, ohartarazi du. “Guk, gure aldetik, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen jarraitu nahi dugu. Nire ustez, prozesu honek ez du atzera bueltarik, Gipuzkoak aurrerapenaren bidetik hazten jarraitzea merezi duelako”, defendatu du.

Langabezia erdira jaitsi da

Hautagai jeltzaleak gogorarazi duenez, otsailaren 18an, hauteskundeetarako 100 egun falta zirenean, eman zion hasiera hauteskunde-aldiari, bere hautagaitza jendaurrean aurkeztuta. “Azken asteetan, dozenaka topaketa eta bilera egin ditugu mota guztietako eragileekin, eta horiek lagundu digute datorrenerako hobeto prestatzen”, adierazi du. Sakondu duenez, topaketa sorta honetatik ateratako ondorio nagusietako bat da “Gipuzkoa hobera aldatu dela azken zortzi urteetan”. “Eztabaida amaigabeetan luzaroan errotuta egon zen lurralde batean, testuinguru global oso zail batean ere, lankidetzan oinarritutako etapa berri bat finkatzea lortu dugu. Denbora honetan, Gipuzkoa ekonomia aurreratu eta gizarte kohesionatu gisa indartu duten proiektuak aktibatu ditugu”, azaldu du hautagai jeltzaleak.

Hala, Mendozak ondorioztatu du hurrengo legealdiari begira Gipuzkoaren abiapuntua positiboa dela, eta baieztapen hori hainbat ebidentziatan babestu du. Azaldu duenez, eta Eustaten datuak erabiliz, zortzi urtean, langabezia-tasa eta langabeen kopurua ia erdira jaitsi da: 2015eko lehen hiruhilekoko % 13,9ko tasatik aurtengo lehen hiruhilekoko % 7ra. Iturri beraren arabera, langabeen kopurua 48.000 lagunetik 24.400 pertsonara jaitsi da.

Horrekin batera, Mendozak azaldu du industria eta enplegu industriala “indarberritu” egin direla, nazioarteko agertokian dauden zailtasun guztiak edo pandemia bera gorabehera izanda ere. Adierazi duenez, Eustaten datuak erabiliz berriro ere, bi legegintzalditan 10.000 pertsona baino gehiagotan hazi da okupatuen kopurua industriaren sektorean. Arlo sozialean, nabarmendu du Aldundiak 1.122 plaza gehiago jarri dituela gizarte-politiketako foru-zerbitzu desberdinetan, eta % 20 igo dituela foru erakundeak mendetasunerako prestazioen arloan ematen dituen dirulaguntzak.

“Era berean, gizarte gisa etorkizunean ditugun erronka nagusietako batzuk ere identifikatu ditugu. Eta ez hori bakarrik, mehatxua aukera bihurtzeko erantzunak ere aktibatu ditugula”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, azken urteetan martxan jarritako proiektu estrategiko batzuei erreferentzia eginez. Zehazki, Adinberri aipatu du, biztanleriaren zahartzeari aurre egin nahi diona, eta MUBIL, mugikortasun berriaren erronkei erantzuten diena. “Proiektu handiak dira, herri-apustu bihurtu direnak eta gure lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko garrantzitsuak engaiatzea lortu dutenak. Ekimen hauei bide ematen jarraitu nahi diegu, gure lurraldeak aurrera egiten jarraitu ahal izateko”, azpimarratu du.

Interesatu Zaitez