Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-proiektua onartu du

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-proiektua onartu du. Aipaturiko lege proiektu hau Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, dagokion izapidetzea jarrai dezan

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-proiektua onartu du 25Apirilak
2023
2023 ApirilaK 25 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Lege-proiektua onartu ondoren, Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileekin entzuteko eta eztabaidatzeko izan den prozesuari amaiera eman zaio. Legegintzaldi honetan zehar, Hezkuntza Sailak gizarte guztiaren inplikazioa eskatu du, egungo nahiz etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien Hezkuntza Lege berri baten oinarriak definitzeko eta adosteko helburuz. Lan horren mugarririk garrantzitsuena 2022ko apirilaren 7an izan zen. Data horretan, Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzaren %90ek baino gehiagok etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak onartu zituen, datozen 12 urteetan garatu beharreko 43 neurri zehatz adostearekin batera. 

Une horretatik hona, Legebiltzarrak emandako aginduari erantzuteko lanean aritu da Hezkuntza Saila. Prozesu osoan zehar, hezkuntzako eragileek eta herritarrek, oro har, ekarpen ugari egin dituzte, Gobernu Kontseilura iritsi den azken testua guztien artean definitzeko. Gaur onartutako testuak Legebiltzarreko akordioaren edukia zein espiritua errespetatzen ditu. Lege-proiektu hau Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu eta berretsi beharko du orain. 

Hezkuntza Lege Proiektuaren helburu nagusia Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea da; kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera-berdintasuna duena, euskalduna eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena. Orainaldira egokitua eta etorkizunari begira dagoen testu berri bat, gizarte gero eta prestatuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko beharrezko tresnak eskainiko dituena. 

Zioen azalpenarekin hasita, onartutako testuak 101 artikulu jasotzen ditu guztira, sei titulutan banatuta:

  • Xedapen orokorrak
  • Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa
  • Hezkuntza-sistemaren gobernantza
  • Hizkuntzak euskal hezkuntzan
  • Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza
  • Ikastetxeen autonomia

Titulu horiek biltzen dute lege-proiektuaren bizkarrezurra.

  • Xedapen orokorrak
    • Legearen xedea jasotzen du
    • Hezkuntza sistemaren printzipio, xede eta balioak garatzen ditu
    • Euskal hezkuntzaren balioak artikulatzen ditu
    • Ikasketen antolamendua jasotzen du
    • Ikastetxeen tipologiaz arduratzen da 
  • Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa
    • Hezkuntzarako eskubidea finkatzen du, bereziki doako irakaskuntzei dagokienez
    • Plangintza eta hezkuntza-sistemarako sarbidea. Doakotasuna
    • Elkarbizitza positiboa, eskola anitzaren ardatz egituratzailea 
  • Hezkuntza-sistemaren gobernantza
    • Plangintza estrategikoa. Programa-kontratua
    • Lidergo pedagogikoa eta zuzendaritza organoak. Plangintza-organoak
    • Eskola-kontseiluak. Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua eta Udal Hezkuntza-kontseiluak sortzea
    • Hezkuntza komunitateko eragileen zeregina –ikasleak, irakasleak, familiak- 
  • Hizkuntzak euskal hezkuntzan
    • Komunitate eleaniztuna eta kulturartekoa. Hizkuntzen arteko harremana
    • Hizkuntza-proiektuak eta hizkuntzen tratamendu integratua
    • Irakasleen zein irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza eta metodologia-gaikuntza
    • Euskararen erabilera soziala eta ingurune-erabilera, ikastetxeetan zein horietatik kanpora 
  • Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza
    • Ebaluazio integrala
    • Hezkuntza Ikuskaritza eta honen funtzioak
    • Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak
    • Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortzea
    • Irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza 
  • Ikastetxeen autonomia
    • Ikastetxeen autonomia-printzipioa
    • Ikastetxearen hezkuntza-proiektua arautzea
    • Ikastetxeen ahalduntzea, kalitatea hobetzeko prozesuetarako 

Lege-proiektuak, halaber, lau xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen jasotzen ditu. 

Hezkuntza Sailak eskerrak eman nahi dizkie Hezkuntza Lege Proiektua garatzen eta egiten modu aktiboan parte hartu duten elkarte, kolektibo, hezkuntza-eragile, alderdi politiko eta sindikal guztiei, baita herritarrei ere. Esker ematea, era berean, Eusko Legebiltzarrari ere, apirilaren 7ko akordioa bultzatu baitzuen eta eztabaida eta hausnarketa-foro izan baitzen, horretarako berariaz eratutako lantaldearen bidez. Bertan, hezkuntzako hainbat arlotako ehun aditu inguruk hartu zuten parte.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez