Jesus Mari Martiarena: “asko egin da, asko dugu egiteko”
Eider Mendoza: “Lezo, Oarsoaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea dagokigu”
EAJ-PNVren Lezoko udalerako hautagaitza aurkeztu da , Jesus Mari Martiarena alkate-gaia eta Eider Mendoza diputatu nagusirako hautagaia buru zutela. Konpromisoa, esperientzia eta berritasuna uztartzen dituen talde sendoa, herritik sortua, lezoarren beharrei erantzun nahi diena.
Jesus Mari Martiarena zerrenda buruak azpimarratu duenez, “lezoarrei esker, Lezo hobea eraikitzen ari gara, alkatetza eta udaletik. Bi legealdi hauetan Lezori buelta eman diogu, arazoa zena herria hobetzeko aukera bilakatu dugu, asko egin dugu, baina asko dugu egiteko. Lezo aurrera eta bide onetik bai doa eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, baina horretarako, Lezo eta lezoarren alde lanean segitzeko orain arte bezala, lezoarren laguntza eta konfiantza behar dugu”.
Martiarena alkate-gaiak, gakoa lankidetzan jarri du, “elkarlanean eta entzunean oinarrituta egiten dugu lan. Kudeaketan esperientzia dugu, eta herritarren eta erakundeen arteko elkarlanean sinesten eta praktikan jartzen dugu. Erakundeen arteko lankidetza gauzatzen dugu udaletik, Jaurlaritza eta Aldundiarekin edo Portuarekin... Euskadi osoan -baina bereziki Lezon eta Oarsoaldean- elkarlan hau ezinbestekoa da”.
Laura Martinez, hautagaitzako bigarrenak, EAJ-PNV-ren eredua azaldu du, “gizarte babesean, ekonomiaren garapenean eta ongizatean azpimarra jarrita garatu dugu Lezo. Oparoa ekonomikoki, abegitsua eta eskuzabala, herritar guztien ongizateaz arduratua, kulturalki bizia, euskaltzalea, berdinzalea eta aldaketa klimatikoaren erronkari erantzun nahi diona, hau da gauzatzen ari garena”.
Laura Martinez-en hitzetan, “Arraitoki lortu dugu herriarentzat, orain bertan gizarte proiektuak bultzatuko ditugu, auzoak berritu, gazteentzako etxebizitzak bultzatu, osasun-azpiegitura berriak, hala nola anbulatorioa, aparkaleku arazoari aurre egin, pertsonei lagundu, gizarte zerbitzuak sendotuz, lurraldea eta ingurumena hobetu. Hauek dira gure nahiak, gure egitasmoak. Horietaz hitz egiteko aukera izango dugu datozen astetan”.
Bere aldetik, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, Lezoko hautagaitzaren konpromezua balorean jarri du eta Jesus Mari Martiarenak Lezoko alkate moduan egindako lana goraipatu ondoren, Gipuzkoak dituen indargunean jarri du arreta. “Konfiantza osoa dugu gure lurraldean, gure ekonomiak eta industriak indartsu jarraitzen dute, eta gizarte dinamikoa, solidarioa eta kohesionatua dugu, Europan desberdintasun-tasa txikienak dituzten lurraldeen artean kokatua”, nabarmendu du. Hala ere, adierazi du zailtasunak ere egon badaudela, eta hauen aurrean bi aukera daudela esan du: “Pankartaren atzean eta denari ezetz esatea, edota arazoei aurre egin eta konponbideak bilatzeko lan egitea. Azken hau da Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua, horrela izan da gure ibilbide guztian zehar”.
Zentzu horretan, Gipuzkoako industria eta enpresen eta kalitatezko enpleguaren defentsan aritzeko konpromisoa hartu du, baita gizarte-babeseko sistema zaindu eta zabaltzekoa ere. Nabarmendu duenez, horiek dira Gipuzkoako ongizate ereduaren funtsezko zutabeak, “eta EAJ-PNVk funtsezko ekarpena egin du eredu horren eraikuntzan”. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Lezo, Oarsoaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, adierazi du. Azkenik, Jesus Mari Martiarenak azken bi legealditan Lezoko Udalean egindako lana jarri du balioan, eta bere kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea nabarmendu ditu.