Alkate eta berrautaketara aurkezten den alkategaiak publiko egin ditu “Bilborekin eta bere hiritargoarekin hitzeman dituen 10 konpromisoak”, EAJ-PNVrekin, Foru Aldundiarekin eta Bizkaiko Batzar Nagusiekin erabat partekatzen dituenak
“Pertsona guztientzako Bilboko hiri bat; ekonomiaren motore izango dena, kalitatezko enpleguarekin; auzo guztiak hobetzeko eta euren arteko kohesioari eusteko hiria; 365 egunetan garatuko den kultura zerbitzuekin eta nazioarteko ekitaldien egoitza izanik; gaztea; euskalduna; hiri segurua; irisgarritasun eta mugikortasun jasangarrirako eredu; Bilbo erakargarria, parte hartzailea eta kalitatezko zerbitzuekin”. “Horixe da eraikiko dugun Bilbo hiria eta horren alde lan egingo dut egunero, egun guztietan”, bermatu du Juan Mari Aburto Rikek, alkatetzara berriz iristeko EAJ-PNVk aurkeztuko duen alkategaiak. “Hauxe da Bilboko hiritargoarekin hartzen dudan konpromisoa”.
Alkate eta berrautatua izateko aurkezten den alkategaiak gaur goizean hitz egin du Bilborekin eta bere hiritargoarekin hitzeman dituen 10 konpromisoak ezagutzera emateko egin duen ekitaldian. Aburtok ondoan izan ditu EAJ-PNVk alkatetzara aurkeztuko duen zerrendan bidelagun dituen emakume eta gizonak, bai eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Bilboko barrutiaren ordezkaritzan joango direnak eta hiriko eta Bizkai osoko barne kargudunak eta herri kargudunak eta ehunka alderdikide eta alderdizale.
Aburtok guztien aurrean gogoratu duenez “niretzat, Bilbo harrotasuna, ilusioa eta konpromisoa” da, “udalerako aurkeztuko dugun lantalderentzat den moduan; lantalde zintzo, leiala, baloreduna, langilea eta konpromisoduna, bilbotarren biri kalitatea hobetzeko gogoz dagoena”, adierazi du. “Beti esaten dizuet nik ez dudala ezer agintzen, ez dudala promesik egiten, are gutxiago promesak betetzen zailak direnean; baina bai konpromisoa hartzen dudala bidegabe eta hobetu beharrekotzat jotzen ditudan kausekin, gure hirian hobetu behar diren egoerekin eta nazioarteko erreferente izatearekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta haiekin elkarlanean; nire eskua hemen dago, elkarlanerako eta lankidetzarako prest”, aurreratu du. “Ondo baino hobeto dakit zer Alderdi ordezkatzen dudan eta niretzat eta nire lantalde osoarentzat horrek zer dakarren: erantzukizuna, esfortzua eta konpromiso irmo eta erabakigarria Bizkaiko hiriburutik herrigintzan jarraitzeko”, bermatu du.
‘Konpromiso’ hitza izan da gaurko ekitaldiaren ardatz nagusia. Bertan izan dira eta hitz egin dute Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak; Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak eta Ana Otadui Batzar Nagusietarako hautagaiak. Hirurek, bakoitzak bere ardura esparrutik, konpromiso irmo eta argia adierazi dute “Juan Marik amesten duen Bilbao horrekin”.
Argudio berberari heldu dio Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak. “Asko hobetu da herri hau, baina ez gara ez gelditu ez konformatuko. Bizkaia eta Bilbo hobe bat egiten lanean jarraituko dogu”, baieztatu du. “Bizi kalitate hobeagaz. Guztiontzako; iñor atzean geratu ez daiten. Gizarte honek eskatzen dauzen proiektu eraldatzaileak eskaintzen doguz. Eta gauzak egiteko modu jakin bat eskainzten dogu. Seriotasunez eta alkarlanean. Batera, alkarregaz eta taldean. Bilbao eta Bizkaia”, aldarrikatu du Etxanobek.
Ana Otaduik, Batzar Nagusietarako zerrendetan Bilboko barrutiko zerrendaburu eta erakunde horretako hautagaiak ere Bilborekiko konpromisoa adierazi nahi izan du: “Juan Mari Aburto da Bilbok eta bilbotar guztiek merezi duten alkatea”, ziurtatu du. “Jakin dakigu bidean zailtasunak izango direla, eta horregatik Euzko Alderdi Jeltzalearen hautagaitzak osatzen ditugun pertsonen konpromisoa eta erantzukizuna da denon artean etorkizuna eraikitzen jarraitzea egunero bizimodua ateratzeko altxatzen den Bizkaiak daukan ilusio berberarekin, esperientzian oinarri hartuta. Gaur eta hemen publikoki adierazten dut Bilborekin daukagun konpromisoa. Bizkaiko Batzar Nagusiek hiri honekin hitzeman duten konpromisoa”, amaitu du.