Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ezagutzera eman du gaur talde jeltzaleak hurrengo hauteskundeetara eramango duen goiburua. Ortuzarrek aurkezpen ekitaldian nabarmendu nahi izan duenez “Moncloara joango dena baino, gure Udalak eta Aldundiak noren ardurapean egongo diren erabakiko da”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Aurrera, batera! Euskadi mira al futuro”. Horixe da EAJ-PNVk euskal hiritargoaren aurrean aldarrikatuko duen goiburua maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei begira. Lelo hau deklinatuko da Herrialde Historiko guztietan eta udalerri guztietan. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar izan da lelo hau gaur bertan ezagutzera eman duena. Talde jeltzaleak ekitaldi berean publikoki erakutsi du hauteskundeetan talde jeltzaleak Sabin Etxeko fatxadan jarri ohi duen kanpainako lona. Oraingo honetan, argazkian agertzen dira Bilboko alkate eta berraukeratua izateko aurkezten den Juan Mari Aburto eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Foru Diputatu eta Bizkaiko foru ahaldun nagusirako hautagai Elixabete Etxanobe. Biak izan dira gaur goizean Ortuzarrekin batera, Euzko Gaztedi-EGI taldeko ordezkariekin.
“Maiatzaren 28ko hauteskunde hauetan”, esan du Ortuzarrek, “ez da erabakiko Moncloara nor joango den, ezta ezkerrean nork aginduko duen ere, ezta Feijoó gai izango ote den Voxen besoetara joateko tentaziotik urruntzen, ezta alderdi bat beste bat baino indartsuagoa ote den… Maiatzaren 28an erabakiko da gure Udalak, Batzar Nagusiak eta Aldundiak zeinen ardurapean egongo diren; gure zergak nolakoak izango diren, gure zerbitzu sozialak,udal zerbitzuen kalitatea, gure egoitzak eta eguneko zentroak, kiroldegiak, gure auzoetako argiak, garraio publikoa, gure errepideen egoera… eta beste hainbeste gauza gehiago. Maiatzaren 28an jokoan egongo da, azken finean, gure etorkizuna noren eskuetan jarriko dugun, Euskadiren etorkizuna. Eta, EAJ-PNVri dagokionez, modu bakar bat dago etorkizun horri heltzeko: denon alde lan egitea. Etorkizunari begiratzea bezain inportantea delako norantz begiratu behar dugun jakitea”, gaineratu du buru abertzaleak.
Ortuzarrek gogora ekarri duenez pandemiaren murrizketa handiak gainditu ahal izan zirenean EAJ-PNVk euskal geografia osoa goitik behera ibili zuela, herriz herri, Herrialdez Herrialde “euskal hiritargoari entzunez Euskadiren etorkizuna nola eraikitzea nahi duen jakiteko. `Entzunez Eraiki´ prozesua izan zen.“Prozesu hartan gure herriari entzun genion eta erantzuna argi baino argiagoa izan zen: euskal herritarrek nahi dute etorkizunari ilusioarekin eta anbizioarekin begira diezaiogun. Gure udalerriak eta herrialdeak hobetzen jarrai dezagun nahi dute. Gure bizitza kalitatea zaintzen jarrai dezagun. Baina, batez ere, gauza bat nahi dute:etorkizunari begira diezaiogun beti egin dugun moduan, elkarrekin, lankidetzatik oinarrituta eta inola ere ez gatazkatik. Eta, konpromiso hori, bokazio hori, izan da gure kanpainako leloan islatu nahi izan duguna”, adierazi du buru abertzaleak.
Lelo bat eta bakarra izango da EAJ-PNVk herri eta Herrialde bakoitzean deklinatuko dena “Herri guztietan eta Herrialde guztietan betiko Euzko Alderdi Jeltzalea garelako, jendearen alderdia, Lurralde osoko kaleetatik dabilen Alderdia. Ekitaldi honekin kalera aterako gara denok helburu nagusi batekin: maiatzaren 28an bozkatzera joatea benetan garrantzitsua dela esatea, gu geu izan gaitezen jokoan daukagun guztia erabakiko dugunak, inork ez dezan gure ordez erabaki. Guk geuk eraiki behar dugu gure etorkizuna”, amaitu du Ortuzarrek.