“Eskarmentua duen taldearekin herria gidatu eta atxabaltarren bizitza hobetzen jarraituko dugu”, azpimarratu du Mikel Uribetxebarria alkategaiak.
Mikel Uribetxebarria alkategaia buru zutela, eta alderdikideez zein jarraitzaileez babestuta, Aretxabaletako EAJ-PNVk udal-hautagaitzaren aurkezpena egin du gaur arratsaldean. Uribetxebarriak azpimarratu duen bezala, adin tarte desberdineko hautagaitza “sendoa, anitza eta orekatua” aurkezten du alderdi jeltzaleak. “Udal-kudeaketan eskarmentua dugu, baina baita herrigintzan ere, kide bakoitzak bere esparruan esperientzia sakona duelako eta baita herriaren ezagutza ere. Erronka ugari ditugu aurretik eta EAJ-PNVn prest gaude datozen lau urteetan herriarekin eta herriarentzat lan egiteko”. Uribetxebarriak “gogotsu, ilusioz eta proiektu sendoekin” heltzen dio datorren maiatzaren 28ko hauteskundeei. “Aretxabaletaren aldeko apustua egiten dugu eta gure herritarrekin konpromiso sendoa dugu”, azpimarratu du. Aretxabaletarrekin eta herriko eragileekin elkarlanerako prest azaldu da hautagai jeltzalea, “guztion artean etorkizuneko erronkei arrakastaz” aurre egiteko helburuarekin.
Herriko Plazan egin den aurkezpen ekitaldian izan da, besteak beste, Joseba Egibar, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. Herriak aurrera egiteko proiektuak dituela azpimarratu du Uribetxebarriak, bai gizarte zerbitzuetan, ekonomian, kulturan, hezkuntzan, jasangarritasunean zein udal ekipamenduetan. “Umiltasun osoz eta seriotasunez, eraikitzera gatoz, batzera, ekarpenak lantzera”, esan du alkategaiak.
Aretxabaletako EAJ-PNVk etorkizuneko ibilbide-orria definituta duela azpimarratu du Uribetxebarriak, eta proposamen eta proiektuen artean aipatu ditu, esaterako, Komentua eta bertan garatuko den zaintza ekosistema: autonomoak diren edo mendekotasun maila arina duten adineko pertsonentzako arreta zerbitzu integratua, zentro sozio-sanitarioa eta Basotxo elkartea, hain zuzen ere. Horren harira aipatu du “aurrerapauso esanguratsua” emango duela Aretxabaletak, arreta-eredu pertsonalizatua, integrala eta berritzailea eskaintzeko aukera emango duelako Komentuak, “uneoro komunitatearekin lotuta”.
Hirigintzari dagokionez, Santa Kurtzen egin bezala, irisgarritasuna lehenetsi eta Lausita kaleko ur hornidura eta saneamendu sareak berritzeko proiektua mahai gainean dagoela adierazi du. “Horrez gain, kiroldegi aurreko berdegunean ur jolasak jarriko ditugu, Iturrigorri frontoia eraberrituko dugu, hezkuntza institutu berria eraikiko da eta udal eraikinen eta ondarearen kudeaketa eraginkorra egingo dugu, herriko eragile orok bere tokia izan dezan”.
Era berean, gehitu du, herriko merkataritza eta ostalaritza denboran iraunarazteko bideak erraztu eta tresna berriak garatuko direla sektorearekin elkarlanean, “Aretxabaleta bizia nahi dugulako”. “Kultura eta kultur eragileekin gaude”, esan du eta musika, dantza, arte eta sorkuntza ekosistemaren ekintzak gauzatzen jarraitzeko gunea “eragileekin elkarlanean” garatuko dutela jakinarazi du.
Ingurumenarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromiso irmoa ere azaldu du Mikel Uribetxebarriak bere hitzaldian eta hainbat ekimen aipatu ditu, hala nola baratze komunitarioen sorrera, udal basoetan bertako zuhaitz espezien presentziaren areagotzea eta energia berriztagarrien erabilera hedatzea.
Azkenik, hautagai jeltzaleak elkarlanaren beharra azaldu du, gobernantza eredu ireki eta gardena sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartuz, gertutasuna mantenduz eta herritarrei lehentasuna emanez. “EAJ-PNVren hautagaitza osatzen dugunok Aretxabaletako kultur- eta gizarte-eragileen ehunean sinesten dugu, eta bide beretik jarraituko dugu, auzolanean. Herrigintza dugu helburu eta hitza ematen dugu atxabaltarren bizitza hobetzen jarraituko dugula, uneoro hurbiltasunez eta zintzotasunez”, gehitu du Uribetxebarriak.
Herrigintzaren beharra aldarrikatuz eta hautagaitzan herri proiektuaren alde konpromisoa hartutako herritarren lana aitortu du Joseba Egibarrek, “guztion etxearen zaintza baita herrigintza eta hori da politika”. Nazio bat behetik gora eraiki nahi duen alderdia da EAJ-PNV eta, hain zuzen, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak konpromiso hori hartu duten pertsonak txalotu ditu. Hala, herria eraikitzeko ereduez jardun du Egibarrek, balioa emanez, EAJ-PNVk hasieratik egindako apustua azken 40 urteetan zehar, irakurketa egokiak eginez, “orain ere, mundu erabat globalizatuan, industrian, gizarte babesean, kulturan ala euskararen alde erabaki estrategikoak hartuz”.
Honekin, EAJ-PNVren printzipioak eta balioak defendatu ditu Egibarrek eta herritik zein erakundeetatik egindako lana defendatu du. “Orain, aurrera egiteko garaia da. Eta aurrera egiteko, garai honetan, oinak lurrean eduki behar dira, burua argi, jakin zer proiektu landu nahi ditugun, eskuak lanerako eta besoak zabalik. Euskara ahoan eta herria bihotzean”, adierazi du Egibarrek. “Gure nazio proiektuak bi zutabe nagusi ditu –erantsi du–: bata gizarte eraikuntza eta bestea nazio eraikuntza. Eta bi zutabe horiek elkar hartuta eraiki behar dira. Hor dago gure indarra. Hamarkada guzti hauetan hori defenditu eta landu dugu”.
Aretxabaletako EAJ-PNVren hautagaitzaren zerrenda:
…