EAJ-PNVk eta PSE-EEk Galdakaoko alkateari eskatzen diote ETAren terrorismoa erabili zutenak biktimen zerrendatik kentzeko

Jeltzaleek eta sozialistek legez besteko proposamen bat erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, Udalak terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei jasanarazten dien “umiliazioa” salatzeko. “Jarduera hori atzerapausoa da errekonozimendu-, egia-, justizia- eta erreparazio-politiketan”, bi taldeetako bozeramaileek salatu dutenez

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Galdakaoko alkateari eskatzen diote ETAren terrorismoa erabili zutenak biktimen zerrendatik kentzeko 12Apirilak
2023
2023 ApirilaK 12 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Galdakaoko Udalak toki berean terrorismoaren biktimak eta terrorismoa erabili zutenak biltzen dituen dokumentazio memoristikoa argitaratu du bere webgune korporatiboan, eta, horren ondorioz, EAJ-PNVk eta PSE-EEk ekimen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean horiek salatzeko eta gaitzesteko. Bi alderdiek herriko alkateari, EH Bildukoa dena, eskatu diote hainbat urtez terrorismoa erabili zuten pertsonen izenak kentzeko, horietako batzuek bizitzaren aurkako delitu larriak egin zituztelarik. Iñigo Iturrate jeltzaleak eta Miren Gallástegui sozialistak uste dute pertsona hauek ezin direla halakotzat hartu. Gaineratu dutenez, biktimen zerrenda berean agertzea iraina eta umiliazioa dela.

“Alkatearen eta Udalaren jokabidea atzerapausoa da terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei zor zaien errekonozimendu-, egia-, justizia- eta erreparazio-politiketan. Beharrezkoa da, gure bizikidetzaren oinarri gisa, memoria etiko eta demokratiko bat eraikitzea, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren bidegabekeriaren aitortzan oinarritua, ezin da sustatu, zuzenean edo zeharka, Euskadiko espazio instituzionaletatik, terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimen birbiktimizazioa ekarriko duen ekintzarik”, salatu dutenez.

Iturratek eta Gallásteguik behin eta berriz eskatu diete botere publiko guztiei berma ditzatela terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei zor zaizkien errekonozimendu-, egia-, justizia- eta erreparazio-politikak, jasandako eta eragin dakizkiekeen laidoak ezabatuz, eta irainak, umiliazioa eta birbiktimizazioa saihesteko neurriak hartuz. “Alkateak eta Galdakaoko Udalak dagoeneko kendu behar dituzte izen horiek zerrendatik, memoria etiko eta demokratiko baten eraikuntzan laguntzeko modua izango delako”.

Biek berrets dute beren taldeek “terrorismoaren eta indarkeria politikoaren bidegabekerian oinarritutako memoria eraikitzeko” konpromisoa dutela, “gure bizikidetza oinarritzeko funtsezko euskarri gisa”.

Interesatu Zaitez